Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 13

Gobernuak aldarrikatu du gaurko Nafarroa soziala ez litzatekeela posible izanen migratzaileek egiten duten funtsezko ekarpenaren ezean

Erantzuna ematean Contigo-Zurekin talde parlamentarioaren interpelazio bati. Azken horren iritziz, jadanik "ez da nahikoa arrazista ez izatea, baizik eta jardunez behar gatzaizkio arrazakeriari oldartu"

Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfaro andreak azpimarratu egin du Nafarroari migratzaileek eginiko ekarpena, bai eta azpimarratu ere ezen, halakorik ezean, "gaur guztiok ezagutzen dugun Nafarroa soziala ez litzateke[ela] posible izanen".

 

Ildo horrexetik, ohartarazi du "Nafarroa halaber ikaragarri txiroagoa izanen litzateke[ela], alderdi guztietan –sozialak, kulturalak eta ekonomikoak–, gure herrialdetik kanpo jaio diren nafar horien guztien ekarpena gabe. Hortaz, migratzaile diren biztanleen ekarpena argi eta garbi da Nafarroan zalantzan jarri ezinekoa, nondik begiratu ere".

 

Zurekin-ek Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuran eginiko interpelazio bati erantzunez, Alfarok esan du 2002ko urtarrilaren 1ean Nafarroan 32.000 pertsona bizi zirela jatorriz migratzaile zirenak; biztanleriaren % 5,6, alegia. Gaur egun, ordea, 133.000 pertsona dira; hots, biztanleria osoaren % 19,51.

 

Hala ere, Alfarok adierazi du ezen "badago[ela] bai Parlamentu honen bai oro har gizartearen parte garrantzitsu bat ere, axolarik ez duena giza eskubideekiko, pertsona orok bere bizi-baldintzak eta dituen ondorengoenak ere hobetzeko asmoz migratzeko daukan berezko eskubidearekiko, desberdina dena errespetatzearekiko, nahiz eta ez den agian ausartzen ele hain gardenez hori adieraztera; bai, ordea, kasu batzuetan".

 

Bestalde, Zurekin Nafarroa talde parlamentarioko Daniel López jaunak salatu du "arrazakeria gure gizartearen izurri bat d[el]a, talde jakin batzuen gorrotozko diskurtsoak areagotua; horrenbestez, jadanik ez da nahikoa arrazista ez izatea, baizik eta jardunez behar gatzaizkio arrazakeriari oldartu".

 

"Gorrotoa ez da iritzi, eraso baizik; beren jatorrizko herrialdeetan ez dauzkaten bake, lan eta aukeren bila baizik ez datozen pertsona batzuei egina", adierazi du.

 

Alde horretatik, koalizioaren ordezkariak azpimarratu du "diskurtso arrazistetako batzuk Ganbera honetan bertan entzun dizkiegu[la] arduragabe politiko batzuei". "Diskurtso horiek errealitate bati ezikusia egiten diote: migratzaile diren pertsona horiek, izan, gure ongizatea bermatzen duten oinarrizko zutabeetako bat direla", amaitu du.

 

Bere mintzaldian, Raquel Garbayo andreak (UPN talde parlamentarioa) aldarrikatu du: "behar-beharrezkoa da migrazio-politiken eraginkortasun eta ekitatea hobetuko dituzten erreformak egitea, ziurtaturik migratzaileen eskubideak babestuko eta hartzaile diren gizarteen egonkortasuna eta ongizatea ere mantenduko direla".

 

Olga Chueca andreak (PSN talde parlamentarioa) adierazi du ezen Alderdi Sozialistatik immigrazioa "integraziozko eta humanismozko ikuspegi batetik" lantzen dutela, "duen balioa eta migratzaileen eskubide eta betebeharrak defendatuta". "Nafarroa gizarte pluralago eta inklusiboagoa da gaur, migratzaileen bitartezko kultur aberasteari esker", aldarrikatu du.

 

Bere mintzaldian, Javier Arza jaunak (EH Bildu talde parlamentarioa) salatu du ezen, "eskuinen diskurtsoak salagarriak baldin badira, Europar Batasunaren eta Espainiako Estatuaren parte handi baten migrazio-politikak orobat dira, zenbait denbora bada-eta hautua ez Zuzenbide Estatuaren, baizik eta salbuespenaren alde egin zutela".

 

Javier Ollo jaunak (Geroa Bai talde parlamentarioa) aldarri egin du "migratzaileen harreran eta haien integrazioan azpimarra berezia jartzearen alde". "Horretan erronka itzela daukagu gizarte bezala. Egia da badagoela gatazkarik; migrazio-prozesu orok gatazkak ekartzen ditu, eta gatazka horiek ekiditekoak bagara, ultraeskuinaren errezeta ez da preseski egokiena", ohartarazi du.

 

Maribel García Malo andreak (PPN talde parlamentarioa) nabarmendu duenez, "bizitzen ari garen migrazio-krisia azken hamarkadako latzena dugu, eta Espainia da bere lur-mugak okerren kudeatzen ari den herrialdea". "Legez kanpoko immigrazioari aurre egiteak jarrera orekatua eta pragmatikoa eskatzen du; soluzio errealistak eta eraginkorrak bilatu behar dira", gomendatu du.

 

Azkenik, Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea) jaunaren iritziz, "badabil asmo bat, legeak errespetaturik etortzen diren pertsonak arauz kanpokoekin edo ilegalekin nahastekoa"; eta azaldu du ezen Voxek aldezten duela "legezko migrazioa, ez masiboa; kontrolpekoa, eta gure gizartera egokitzen dena".