2024ko Nafarroaren Eguneko egitaraua ixteko, Danserie ensemble taldeak kontzertua emanen du Parlamentuko atalondoan
Emanaldiak euskarazko lehen liburu inprimatuko poemak ditu oinarri, Bernat Etxeparerenak, alegia; Erdi Aroko, Errenazimenduko eta hasierako Barrokoko melodiekin interpretatuko dituzte
Nafarroako Parlamentuak 2024ko Nafarroaren Eguneko egitaraua aurkeztu du gaur. Abenduaren 2an emanen zaio amaiera (19:30etan, atalondoan, publikoari irekia), Danserie Ensemble talde iruindarraren kontzertu berezi batekin: Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarritutako emanaldia izanen da.
Unai Hualde lehendakariak honako hau esan du horri buruz: “luxua da euskaraz argitaratutako lehenengo liburukoak diren eta garai hartako musikarekin interpretatuko diren poemen kontzertua hemen hartzea. Bernat Etxepare apaiza izan zen, eta pertsona garrantzitsua euskarentzat, eta hizkuntza hori da, hain zuzen ere, gaur aurkezten dugun kontzertuari izena ematen diona: Linguae Vasconum Primitiae. Ziur Koldo Azkona ikerlari eta 1545 proiektuaren zuzendariak gehiago sakonduko duela Etxeparek euskarentzat izan zuen garrantzian, baina aukera hau baliatu nahi dut gure hizkuntza zaintzearen garrantzia aldarrikatzeko beste behin ere”, baieztatu du.
Jarraian, Koldo Azkona ikerlari eta 1545 proiektuaren zuzendariak lanaren ezaugarriak azaldu ditu.
“Danserie taldeak Errenazimenduan erabili ohi zen teknika batekin sortu du lan hau. Contrafactum da teknikaren izena, eta melodia bat poema bati eta haren metrikara egokitzean datza; horrela, neurtitzak abestu egiten ahal dira. Zehazki, Erdi Aroko, Errenazimenduko eta hasierako Barrokoko melodiak jaso dituzte, eta antzinako euskal melodiak dira batzuk. Bere liburuaren aitzinsolasean, Etxeparek argi eta garbi dio abestuak izateko idatzi zituela bertso horiek, eta taldeak nahi hori bete du”, azaldu du Koldo Azkonak.
Obra hau, zortzi urteko ikerketa-lanaren emaitza dena, CDan jaso du Pamiela argitaletxeak.
“Diskoa grabatzean, bereziki zaindu da hizkuntza, eta, horretarako, behar-beharrezkoak izan dira grabaketan parte hartu duten Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko abeslariak: Marta Huarte, Ezkirozko sopranoa; Andoni Sarobe, Arantzako baritonoa; Guy Saldubehere, Aldudeko tenorra; eta Ihitz Iriart, Zuoako kontraltoa. Era berean, filologoen eta historialarien laguntza ere izan du proiektuak”, esan du Azkonak.
Grabazioaz gainera, Danserieko lantaldea Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ibili da, eta oso emaitza interesgarria lortu du. “Etxepareri buruzko gutun bat aurkitu dugu, orain arte ezezaguna zena, bai eta haren bizitza pertsonalari buruzko informazio berria ere”, jakinarazi du Azkonak.
Proiektuaren tamaina kontuan hartuta, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak babesa eman zioten, eta CDa argitaratzearekin batera, kontzertu berezi bat antolatzea erabaki zen. Hori horrela, “Euskararen Egunaren bezperan, Errenazimenduko musikarekin entzuten ahalko dira Etxepareren bertsoak”, adierazi du Azkonak.
Hamar musikarik parte hartuko dute kontzertuan, eta 18 pieza joko dituzte guztira; besteak beste, Sautrela, Amoros sekretuki dena, Kontrapas eta Ardoarena.
Bernat Etxepare (Sarasketa, c. 1490 - ?) euskarazko lehen liburu inprimatuaren egilea da. Sarasketan jaio zen, Donibane Garazitik gertu. Teologia ikasi ostean, meza berria eman zuen 1511n, eta Eiheralarreko erretore izan zen. Baionako apezpikuaren bikario izan zen, Donibane Garazin. Nafarroako Konkistaren lekuko izan zen, eta kartzelan egon zen gatazka horrekin lotutako zenbait salaketaren ondorioz. 1545ean inprimatu zuen bere euskarazko lehen liburua, Bordelen, Morpain inprimategian, Bertrand Lehet euskal abokatuaren laguntzarekin.
Danserie taldea Iruñean eratu zen duela 25 urte, eta antzinako musika ikertzen eta interpretatzen dute. Musikari profesionalek osatzen dute taldea, eta garaiko instrumentuen kopiak jotzen dituzte: Errenazimenduko txirulak eta txistuak, xaramela, Barrokoko txirula, viola da gamba edo zango-biola, biolontxeloa, klabizenbaloa, nicklharpa, zanja, lautea, etab. Instrumentu horiek Errenazimenduko eta Barrokoko teknikekin eta estiloan jotzen dira.
Honako hauek ere parte hartu dute prentsaurrekoan: Jabier Arakama, Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Sagrario Aleman, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria; eta Lander Majuelo, Pamiela argitaletxearen ordezkaria.