Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 17

Ez da aintzat hartu Navarra Suma taldearen foru lege proposamena, amatasunagatiko prestazio publikoen salbuespena atzeraeraginez berreskuratzekoa

Parlamentuko gehiengoak tributuen arloko autonomia babestu du eta gogorarazi du jarritako errekurtsoak ezetsi berri direla, Estatuko araua eta Foru Komunitatekoa homologoak ez direla iritzita

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du aintzat hartzea foru lege proposamen bat, 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina hein batean aldatzekoa. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu dute, eta Navarra Sumak alde.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako lege proposamen horren xedea zen “pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzea, amatasunagatiko eta aitatasunagatiko prestazio publikoen salbuespena jasotzeko, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin”.

 

Zioen azalpenean adierazten da “Nafarroako Zerga Ogasunak eginiko interpretazioa kendu beharrekoa” dela, amatasunagatiko salbuespena ez aplikatzea “konparaziozko bidegabekeria” delako, “espainiar guztiak legearen aurrean berdinak” direla aldarrikatzen duen Konstituzioaren 14. artikuluari aurka egiten diolako eta ez duelako aintzat hartzen Auzitegi Gorenak urriaren 3ko 3256/2018 epaian ezarritako “lege-doktrina”.

 

Atzeraeraginari dagokionez, interesdunentzat “mesedegarriagoa” izateaz gain, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ez duela halakorik debekatzen alegatzen da.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bat egin dute Gobernuaren desadostasunarekin, eta eragotzi egin dute lege proposamena aintzat hartzea. EH Bilduk ere horren kontra egin du.

 

Talde guztiek aipatu dute duela gutxi ezetsi egin direla amatasunagatiko PFEZa itzultzeko jarritako demandak. Epaileen ustez, “Nafarroako legegileak uko egin zion amatasunagatiko prestazioak PFEZetik salbuetsien artean jasotzeari”, eta Auzitegi Gorenak Espainiako gainerakoentzat finkatu zuen doktrina Foru Komunitatean ez da aplikatu behar, “haren tributu arloko autonomiaren ondorioz” (Hitzarmen Ekonomikoa, 1. artikulua), eta zergari buruzko bi arauak “ez dira homologoak”.

 

Nafarroako Gobernuak desadostasun txostenean dioenez, “autonomia fiskal horren ondorio da amatasunagatiko eta aitatasunagatiko prestazioen kuota diferentzialean egun dagoen kenkaria”, baina inguruabar hori ez da kontuan hartzen lege proposamenean, zeinak, aurrera eginen balu, berekin ekarriko bailuke “aldi berean aplikatzea bi murrizketa: proposamenean adierazitakoa eta legean aurreikusitakoa”.

 

Azkenik, foru gobernuak “aurrekontuari lotutako arrazoiak” alegatzen ditu, salbuespenak urtean 7.799.883 euroko kostua izanen bailuke, hau da, 39 bat milioiko kostua bost ekitalditan, eta sei milioi gehiago, aitatasunagatiko prestazioaren kostua gehituz gero.