Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Azaroak 21

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak UNEDen Iruñeko campusa bisitatu du

Zentroko arduradunekin elkartu dira, bertan ezagutzeko instalazioak, irakaslana eta egungo zuzendaritza taldeak etorkizunerako dituen erronkak

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak UNEDen Iruñeko campusa bisitatu du gaur, talde parlamentario guztiek eskatuta.

 

UNED, estatuko egoitza akademiko aitzindarietakoa, 1973an ireki zituen ateak, 326 ikasle zituela. Ikasturte honetan, urrutiko zentro honek 126 irakasle tutore eta ia 7.800 ikasle ditu, eta matrikulatzeko aukera eskaintzen du 30 gradutan, 11 gradu konbinatutan, 17 mikrotitulutan eta 80 masterretan. Ikasturte honetan gehien eskatu diren graduak Psikologia, Zuzenbidea, eta Geografia eta Historia dira, hurrenkera horretan.

 

Parlamentari hauek joan dira bisitan: Ángel Ansa, Iñaki Iriarte (UPN talde parlamentarioa), Kevin Lucero (PSN talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Teresa Imízcoz Iruñeko UNED zentro elkartuko zuzendariak hartu ditu Parlamentuko ordezkariak.

 

Zentroak 50 urte bete ditu eta abenduan Nafarroako Gobernuaren Urrezko Domina jasoko du urteurreneko ospakizunei amaiera emateko. Esparru horretan, bisitaren helburua izan da zentroaren egungo egoera eta garatu nahi diren programa akademikoen sorta zabala ezagutaraztea.

 

Instalazioetara egindako bisitan unibertsitate jarduera sumatu ahal izan da, batez ere senior ikasleena –zentroaren bereizgarri nagusietako bat–, eta ondoren haren lorpenak eta helburuak azaldu dira Batzar Aretoan.

 

Han, parlamentariek zuzendariaren ahotik entzun dute zentroak asmo sendoa duela hiru unibertsitate dituen komunitatearen ideia indartzeko.

 

Teresa Imízcozek Urrutiko Unibertsitate Nazionalaren irudia marraztu du, unibertsitate sozial eta inklusibo gisara aurkeztuz. Ez dauka numerus claususik, ez sartzeko gutxieneko notarik, ezta desabantaila ekonomikorik ere, publikoa izanda; eta adinagatik ere ez da bereizketarik egiten. “Inori ez zaio mugarik jartzen nahi duen karreran matrikulatzeko garaian. Nik bigarren edo are hirugarren aukeren unibertsitatetzat daukat”, baieztatu du.

 

Inklusioari dagokionez, UNEDek biltzen du desgaitasuna duten ikasleen kopururik handiena. “Ahalegin handia egiten da materialak eta azterketak zentzumen edo gorputz eragozpenak dituzten pertsonentzat moldatzen”. Askatasunaz gabetutako pertsonentzat ere bermatuta dago jakintzarako irispidea, UNEDek espetxeetako unibertsitate ikasketen gaineko eskumena baitu. Horixe da urrutiko Unibertsitatearen beste berezitasun bat.

 

Era berean zuzendariak UNEDen akronimoan ageri diren bi kontzeptu gezurtatu nahi izan ditu: “Ez da urrutikoa, eredu erdipresentziala baizik, eta eskolak aurrez aurrekoak edo zuzeneko transmisioaren bidezkoak izan daitezke; ezta nazionala ere, alegia, ikasketa ofizial arautuen lotura formal hertsia salbu, UNEDek badu autonomia juridikoa bere ikasleei prestakuntza ibilbideen aukera zabala eskaintzeko”.

 

Ikasleen profilak askotarikoak dira, baina gehienek lana eta familia bizitza prestakuntzarekin uztartzen dituzte, arrazoi profesionalengatik edo ikastearen esperientzia hutsaren bila.

 

Haientzat bultzatzen dituzte proiektu guztiak UNEDeko zuzendaritza taldeak eta talde akademikoak.

 

“Lehenik, beste unibertsitateekin loturak estutu nahi ditugu, bertuteak areagotuz eta curriculum hutsuneak konpentsatuz zentroen artean. Eskaintzen diren irakasgaietako matrikulazioak bateragarri egin nahi ditugu, ikasleen aldaketak eginez konfigurazio libreko kreditutan”. Dagoeneko halaxe egin da NUPekin, hitzarmen baten bidez. “Giza Zientziak ikasi nahi dituen NUPeko ikasle batek zergatik ezin luke aukeratu UNEDeko irakasgairen bat? Orain jada egin liteke”, adierazi du. Aukera hori Nafarroako Unibertsitatera zabaldu nahi dute.

 

Parlamentariek “mikrogradu” eskaintzari erreparatu diote. Ikasketa horiek arlo batean sakontzea ahalbidetzen dute, baina ez dute karrera oso batean eman beharreko denbora eta ahalegina eskatzen. Prestakuntza horrek interes handia piztu du, eta azken ikasturtean ikasleek berebiziko harrera egin diote.

 

UNEDek udako ikastaroen programa ere indartu nahi du. Aurten Iruñeko espetxera eraman ditu ikastaroak. Gizartean txertatzeko eta geruza behartsuenetaraino iristeko asmo horrekin sortu da “Gizarteratzeko konpetentzien programa migratzaileekin”, eta jarraipena izanen du hurrengo ikasturteetan. Gainera, adarrak izanen ditu aisialdian eta irakurketa eta idazketa klubetan.

 

Haren loturak zabalduz, akordioak sinatu dira lanbide elkargoekin, profesionalen eta ikasleen arteko mentoretza lanak eta praktikaldiak egin ahal izateko Gizarte Hezkuntzaren eta Psikologiaren arloetan. Elizondon eta Lizarran talde pilotuak sortzeko aukera ere esku artean darabilte, ikastaro akademikoak eskaintzeko helburuz. Azken proiektu hori Adimen Emozionaleko Katedra deitu zaion hasierako ideia baten jarraipena litzateke.

 

“Emozioen esparruan dena jokatzen dugu, pandemian ikusi dugun bezala. Adimen emozionalak dena kutsatzen du: gure lan harremanak, familiakoak eta bikotekoak. Emozioak oinarritik eta adin goiztiarretik landu nahi ditugu. Horregatik hitzarmen bat sinatu dugu Iruñeko Udalarekin, katedra honetako ikastaroak egiteko haur eskoletan (haurrak) Gaztediaren Etxean (gazteak) eta civivoxetan (helduak)”, adierazi du Teresa Imízcozek.

 

Azkenik, zuzendariak aurreratu du orientazio, prestakuntza eta enplegu zentro bat sortu nahi dutela ikasleentzat, kontuan hartuko dituena ikasleek dituzten beharrak, prestakuntzarako trebeziak eta denbora, horrela arrakastaz buka dezaten UNEDen egindako bidea.

 

 

Bilera amaituta, parlamentariek aho batez iritzi diote UNED ezezagun handia dela herritarrentzat, nahiz eta hortxe egon haren eskaintza akademiko arautua eta arautu gabea, bizi-bizirik eta herritarren eskura. Eskaintza hori ezagutzera emateko eta sustatzeko konpromisoa hartu dute.

 

2022ko martxoan Nafarroako Parlamentuak eta UNEDek lankidetzarako esparru akordioa sinatu zuten elkarren intereseko jarduerak egiteko, eta urtero berritzen da.