Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Urriak 4

Unai Hualdek Foro Sozialaren ordezkaritza batekin bilkura egin du

Urriaren 19an Herritarrekiko Harremanetako Batzordean aurkeztuko den ‘Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera’ txostenaren ondorioak ezagutu ditu lehendakariak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Foro Sozialaren ordezkaritza bat hartu du gaur Legebiltzarraren egoitzan. Ordezkaritza hori Jose Luis Urizek, Expe Iriartek, Fernando Armendarizek eta Agus Hernanek osatu dute.

 

Foro Sozialeko kideek adierazi dutenez, bileraren helburua Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera txostena aurkeztea izan da, Estatuaren indarkeriaren biktimek iritzi publikoari egiten dizkioten eskaeren kronika eguneratua, giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona gisa dituzten eskubideak aitortuak izan daitezen.

 

“Bizikidetza demokratikoari egindako ekarpena da, eta horren bidez agerian utzi nahi da Estatuaren biktimek erakunde- zein gizarte-mailan jasotzen duten tratamendu asimetrikoa. Foro Sozialak Madrilen eta Donostian zeinu desberdinetako biktimekin antolatutako topaketetan jaso ziren haiek eskaerak. 2022 urte garrantzitsua izaten ari da, aurrerapausoak ematen ari dira biktima horien inguruan zegoen susmo-mantua altxatzeko”, adierazi du Agus Hernanek.

 

Foro Sozial Iraunkorrak urriaren 19an aurkeztuko du txosten hau Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean, eta “azken bi legegintzaldi hauetan metatutako mikro akordioek indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko irekitako bidea sendotuko” dutelakoan dago. “Badakigu laster hauteskunde-kanpainak horrelako gaiak baldintzatuko dituela, baina helburua oinarri sendoetan oinarritutako bizikidetza demokratikoa eraikitzea da”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Parlamentuko talde parlamentarioei txostena helarazteko konpromisoa hartu du, eta Legebiltzarrak azken urteotako lankidetzarekin jarraitzeko duena prestutasuna agertu du, indarkeriaren biktimen artean topaketak burutzeko, erakundeak biktima guztiekin duen konpromisoaren esparruan.

 

Foro Soziala gizarte plataforma bat da, honako helburu hau duena: “Bizikidetza demokratikoa eraikitzea, zeinak, biktimen arteko topaketa- eta aitortza-dinamikak sortuz, memoria kritiko inklusibo bat eratzeko aukera emanen duen, herrialdeko gehiengo sozial eta politikoarekin bat etorriko dena”.