Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordea sortzea onetsi da
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordea sortzea onetsi du gaur. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta UPN abstenitu egin da.
Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.
Legebiltzarraren Osoko Bilkurak gaur eztabaidatu duen proposamenaren zioen azalpenean, talde proposatzaileek honako argudio hauek azaldu dituzte ikerketa batzordea sortzearen alde:
“Kontuen Ganberak Ultzamako Iraizotzen dagoen biometanizazio plantari buruzko txostena igorri du Parlamentura. Ultzamako Udalak sustatutako azpiegitura da, eta gaur egun abandonatuta dago. Funts publikoetatik ateratako hiru milioi euro baino gehiago gastatu dira bertan.
Txostenak dioenez, Ultzamako Udalak duela hamar urte hasi zen planta sustatzen, abere ustiategietako minden kudeaketaren arazoa konpontzeko. Hurrengo urtean, Nafarroako Gobernuaren laguntzak lortu zituen industria-inbertsiorako eta abeltzaintzako toki azpiegituren hobekuntzarako: 2,5 bat milioi euro, guztira. Nafinco enpresa publikoak —gaur egun Sodena— 900.000 euroko abala jarri zuen.
2008ko urrian, Udalak Levenger SL enpresari adjudikatu zion plantaren kontzesioaren eta kudeaketaren kontratua, 30 urterako. Handik bi hilabetera, abeltzaintzako sozietate kooperatibo batek Bioenergía Ultzama SA enpresa eratu zuen, enpresa adjudikaziodunarekin, inguruko enpresa batzuekin, proiektuak egin zituen enpresarekin eta zenbait partikularrekin batera.
Bioenergía Ultzama SAk eta enpresa adjudikaziodunak Udalari baimena eskatu zioten kontzesioaren lagapena egiteko Bioenergía Ultzama SAri. Kontratua 2009ko otsailean sinatu zen.
"2014ko apirilean, enpresak hartzekodunen konkurtsoaren deklarazioa eskatu zuen eta Udalak planta bereganatzea erabaki zuen, zerbitzuaren prestazioa bermatzeko. 2016ko urtarrilean plantaren jarduera amaitu zen.
Txostenean azaltzen denez, guztira 4,5 milioiko gastua egin da plantan, eta gehienbat diru publikoarekin finantzatu da.
Kontuen Ganberak zorrotz kritikatu du Udalaren jokabidea, eta legezkotasunaren printzipioa ez betetzea egotzi dio. Hain zuzen, txostenak dioenez, aurreproiektuaren, proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren kontratazioak lan horiek burutu eta gero egin ziren. Horrela babes formala eman nahi izan zitzaion jarduketa irregular bati. Jarduketa hartan ez ziren errespetatu kontratazio publikoaren oinarrizko printzipioak: publikotasuna, gardentasuna, tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza.
Kontratazioan, kontratuaren geroko lagapenean eta egin ziren azpikontratazioetan ere ez zen bete legezkotasunaren printzipioa. Txostenak adierazten du, ildo horretan, kontratazio mahaiko bi kide proiektua egin zuen ingeniaritza enpresaren ordezkariak zirela, eta enpresa horrek proiektuan jaso zituen plantaren eskema batzuk adjudikaziodunak prestatutakoak zirela. Enpresa hori, gainera, kontzesioa laga zitzaion enpresa berrian partaide izan zen.
Bioenergía Ultzama enpresaren ordainketa bikoiztuak detektatu ditu Kontuen Ganberak. Izan ere, ia milioi bat euro ordaindu zizkien bi hornitzaileri kontzeptu beragatik: digestato-biltegiengatik.
Txostenaren arabera, litekeena da proiektuak gainfinantzaketa publikoa jaso izana. Izan ere, inbertsioaren zati batek laguntzak jaso zituen bai Industria Departamentutik bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentutik, bi enpresak obra beragatik fakturatu baitzuten.
Azkenik, txostenean azpimarratzen denez, diru publikotik plantan hiru milioi euro baino gehiago inbertitu eta gero, azpiegitura horrek hiru urte eta zazpi hilabete iraun zuen lanean modu autonomoan, eta beste 14 hilabete Udalak bahituta. Gaur egun industria-planta abandonatuta dago, eta sozietatea, berriz, hartzekodunen konkurtsoan, eta haren aktiboek ez dute ia batere balio. Arazoa ez da konpondu, gaur egun 3.659 behi dituzten 24 ustiategi baitira inguruan, hondakinak kudeatzeko sistema baten eske dabiltzanak”.