Toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriak ezartzen dituen foru legea onetsi da
Betetze eta sarrera sistemaren normalizazioa bermatzen duen araudia bultzatzen da, egungo esparruak eragin dituen behin-behineko egoera luzeak desblokeatuz
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario gaituentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko Foru Legea onetsi du gaur. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Navarra Sumak aurka bozkatu du. Testu horren bitartez zuzendu nahi da toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu askori eragiten dien “behin-behinekotasun iraunkorraren” arazoa.
Xede horrekin, PSNk sustatutako arau horrek adierazten du Nafarroak eskumen historikoa duela toki araubidearen alorrean, eta bere esku duela, 20/2021 Legeak (aldibaterakotasunaren murrizketa) ezarritako esparruan eta 4/2019 Foru Legea (toki maparen erreforma) egokitu ondoren, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak funtzionarioekin betetzea toki maparen berregituratze administratiboaren zain egon gabe, ez dadin berriz gertatu bitarte baterako egoerak gehiegi luzatzea, hori Europako zuzenbidearen kontrakoa baita.
Horri dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako 4/2019 Foru Legeak laugarren xedapen iragankorrean ezartzen du idazkaritza eta kontu-hartzailetzako lanpostuak funtzionarioekin bete behar direla eskualdeak sortzeko bosgarren foru legea onetsi eta hiru hilabeteko epean, eta, betiere, hiru urteko epea iragan baino lehen. Hortaz, oraindik eskualderik sortu ez denez, proposatutako aldaketa egin ezean lanpostu horietako batzuk ezin izanen dira bete eta toki mapa abian jartzearen mende geldituko dira.
Araudi berriak hiru helburu ditu. Batetik, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak egonkortzeko prozesuak antolatzen dira 20/2021 Legeko baldintzak betez, “aldibaterakotasunaren abusuzko egoera historikoa eta larria jasaten baitute”.
Beste alde batetik, eta aurretiaz, foru gaikuntza duten funtzionarioei aukera ematen zaie hutsik dauden lanpostu guztien arteko mugigarritasunerako eskubidea baliatzeko, “ia hamar urte joan ondoren funtzionario gaituen arteko merezimendu lehiaketaren bidez lanpostuak betetzeko prozesuetarako deialdirik egin gabe”. Aurreikuspen hori ere bat dator 20/2021 Legearekin, bertan honako hau adierazten baita: “Lanpostuak betetzeko aurretiazko mugikortasunaren edo barne igoeraren mekanismoak bateragarriak izanen dira egonkortze prozesuekin”.
Foru gaikuntza duten funtzionarioen artean lanpostuak betetzeko lehiaketa bereziak amaitzen direnean, gaikuntza hori oposizio-lehiaketaren bidez lortzeko hautapen prozesurako deialdia eginen da. Deialdi horretan –txanda irekian 2012tik eginen den lehena– lekualdatze lehiaketa berezian betetzen ez diren lanpostuak eskainiko dira, ez badaude aldi baterako enplegua egonkortzeko hautapen prozesuetan eskaini beharreko lanpostu hutsen zerrendan.
Lanpostu hutsen zerrenda ekainaren 1a baino lehen onetsi eta argitaratu behar da NAOn, eta bertan berariaz adierazi behar da zer lanpostu hutsek betetzen dituzten aldi baterako langileak egonkortzeko baldintzak, bat etorriz Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoarekin.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 19 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 14 onartu dira, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatuak. Navarra Sumak defendatutako bostek ez dute aurrera egin.
Bilkuran egin diren aldaketetako batean, A taldeko kontu-hartzaile lanpostuetarako merezimendu lehiaketa berezia dela eta, jasorik utzi da gutxienez % 30eko balorazioa emanen zaiela gaikuntza txanda irekiko oposizio-lehiaketa batean lortu dutenei –eta ez mailaz igotzeko sustapen batean–.
Legearen eranskinean idazkari eta kontu-hartzaile lanpostu hutsen zerrenda dago, eta berariaz adierazten da zein lanpostu hutsek betetzen dituzten behin-behineko langileak egonkortzeko baldintzak, bat etorriz Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoarekin. Izan ere, lege horrek agintzen du ekainaren 1a baino lehen onetsi eta argitara daitezela egonkortasunerako lan eskaintza publikoak.
Bestalde, hautapen prozesuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi ahal izateko, 20/2021 Legeak agintzen duen bezala, epeak laburtu eta izapideak erraztu eta bizkortzeko arauak aplikatu ahalko dira, eta berdin egin ahalko da epaimahaiak eratzeko.
Halaber, 6. apartatu berria gehitu zaio 1. artikuluari, “egonkortu beharreko lanpostuen kopuruari eutsiko zaiola bermatzeko”. Hori dela eta, lanpostu hutsak betetzearen emaitzak lehiaketa berezian esleitutako lanpostu hutsari dagokion hautapen prozedurara bilduko dira. Edonola ere, lanpostu-hornidura eginen da ezertan galarazi gabe 6/1990 Foru Legearen 365 eta 361.1 e) artikuluetan xedatutakoa.
Merezimenduei dagokien manu bat gehitu da, idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuetarako gaikuntza oposizio-lehiaketa bidez lortzeko deialdiren bat lanposturik lortu gabe gainditu dutenek % 45eko balorazioa izan dezaten, batetik, eta oposizio fasea “kanporatzekoa izateko edo halakoa ez izateko” aukera izan dadin, bestetik.
Halaber, toki entitateetan idazkaritza eta kontu-hartzailetza eginkizunetan jarduteko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bakarra izanen dela argitzen da, baina lehentasun hurrenkeran aurrean egonen da oposizio-lehiaketa bidez txanda irekiko deialdian osatutako zerrenda, eta oposizio-lehiaketa bidezko egonkortze zerrendari nagusituko zaio. Azken horrek, berriz, lehentasuna izanen du enplegua merezimendu-lehiaketa bidez egonkortzeko salbuespenezko hautapen prozesuan osatutako zerrendaren aldean.
Azkenik, toki entitateen finantza-askitasunari begira, funts berezi bat sortuko da Toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsari atxikitako diruzaintzako gerakinaren kargura. Horrela “osorik ordainduko dira egonkortze prozesuei lotutako konpentsazioak”, 20/2021 Legeak xedatzen duen bezala.
Irakurraldi bakarrean onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario gaituentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko Foru Legea, eta NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (66. NPAO, 2022-05-19koa)