Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Martxoak 22

Parlamentuko lehendakariak arartekoaren 2016. urteko txostena jaso du

Enérizek ohartarazi du babesgabetasun egoeran dauden adingabeak lehen baino gehiago direla eta gizarte ongizatean, hezkuntzan eta funtzio publikoan jarraitzen duela arretaguneak

Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárezek Foru Komunitateko arartekoari, Francisco Javier Enérizi, harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean, eta arartekoak 2016ko ekitaldiari dagokion urteko txostena aurkeztu dio modu formalean. Txosten horretan 1.965 jarduketa jaso dira, 2015ean baino 826 gutxiago, hau da, % 29,6 gutxiago.

 

2016an egin den lanaren bitartez, 84 iradokizun, 235 gomendio eta legezko betebeharren 121 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (487 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 11.617 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 910 kontsulta egiteaz gain, 830 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (989 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 82,2 izapidetzeko onartu dira, eta % 81,6 oinarridunak izan dira. Bestalde, 677 ikerketa egin dira; horietatik 615 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 47 ofizioz egin dira, 13 herritarren proposamenei lotuta egin dira, eta beste biak prestatu diren txostenen harira gauzatu dira.

 

Kexa gehien eragin dituzten hamabi arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: funtzio publikoa, gizarte ongizatea, hezkuntza, enplegu publikorako sarbidea, osasuna, ingurumena, ogasuna, hirigintza, trafikoa, herritarren segurtasuna, etxebizitza eta justizia.

 

Lehenengo arloa funtzio publikoa izan da, eta, horri dagokionez, 108 kexa aurkeztu dira. Nabarmenak dira honako hauek: Hezkuntza Departamentuari kontratatutako irakasleen uztaileko eta abuztuko ordainsariak ordaintzeko eskatu dioten 29 kexak; osasun langileek familiako bizitza eta lana uztartzeko dituzten zailtasunak adierazten dituztenak; eta funtzionario batzuei osagarri zehatz batzuk ez aitortzeak eragiten duen desadostasunari lotutakoak.

 

Bigarrenik, gizarte ongizateari lotutako kexak daude (75). Horietatik 20k haurren eta nerabeen babesaren inguruko kontuak aipatu dituzte, eta, horien artean, nabarmenak dira adingabeen babesgabetasunaren, banandutako gurasoen arteko zaintzaren edo behaketa eta harrera zentroetako funtzionamendu-araubidearen gainekoak.

 

Halaber, gizarteratzeari lotutako beste 19 kexa daude, eta horietan nabarmendu behar dira gizarteratze errentari (GE) dagozkionak, bai errenta ukatzeari dagokionez bai errenta emateko edo berritzeko orduan atzeratzeari dagokionez. Prestazio publiko hori enbargaezina bada ere, oraindik ere zenbait herritarren kexak jasotzen dira, administrazio publikoren batek haren zenbatekoa enbargatu baitie.

 

Hirugarren multzoa hezkuntzari buruzko kexek osatutakoa da. Horien artean, nabarmenak dira Lanbide Heziketari (eskatutako modalitateetan ez onartzeagatik) eta Batxilergoari (besteak beste, arte irakaskuntzaren eta irakaskuntza hori Iruñeko ikastetxe bakar batean ematearen gainekoak) lotutakoak, baita hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako arretari eta, aurreko urteetan bezala, Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan ikastetxeetan onartzeko prozesuari buruzkoak ere.

 

Laugarrenik, berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzak errespetatuta enplegu publikoa eskuratzeari buruzko kexak daude. Zalantzan jarri da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenden kudeaketa, eta kontratazio zerrendetan desgaitasuna duten pertsonen lehentasunari lotutako aldaketarekiko desadostasuna adierazi da.

 

Bosgarren lekuan osasun arloko kexak daude, eta, besteak beste, jasotako arreta klinikoarekin eta itxarote-zerrendekin (batez ere, errehabilitazioan) desadostasuna agertzen dutenak eta osasun prestazioak nahiz gastuen itzulketa ukatzearen gainekoak izan dira.

 

Seigarren arloa ingurumena da, eta, aurreko ekitaldietan bezala, nagusi dira hainbat motatako jarduerak eragindako zaratarengatiko kexak, eta, bereziki, gazteen lonjek eta ostalaritza-negozioek sortutako hots-kutsaduraren ondoriozkoak. Halaber, kexak aurkeztu dira ingurumen-informazioaren ukapenari, herritarren parte-hartzearen mugei eta hainbat herritako bizitegi-eraikinetako beheko solairuetan beilatokiak instalatzearekiko desadostasunei buruz.

 

Ogasunari dagokionez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko kexak nabarmendu dira. Halaber, badaude batzuk hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruz (batzuek planteatu dute zertarako den zerga hori, lurraren balio gehikuntzaren ordez krisiaren ondorioz murrizketak izan baitira; Konstituzio Auzitegiak 2017an berretsi egin du planteamendu hori) eta hiri lurren gaineko kontribuzioari buruz.

 

Zortzigarren lekuan hirigintza dago. Ohi bezala, ekimen partikularrak eskatutako aldaketen izapideak ukatzeari edo horietan geldotasuna agertzeari buruzko kexak daude, baita hirigintza araudiaren balizko ez-betetzeen aurrean legezkotasuna babesteko neurriak hartzeko orduan zenbait udalerrik duten gelditasunari buruzkoak ere. Aldi berean, hirigintza egikaritzapenari lotutako erreklamazio batzuk ere egon dira.

 

Trafikoa dago bederatzigarren. Arlo horretan nabarmendu behar dira isunekin, udal garabiaren zerbitzuak Iruñeko aparkaleku murriztu edo mugatuko eremutik ibilgailua kendu izanarekin eta beren ibilgailua berreskuratu ahal izateko ordaindu behar dituzten gehiegizko tasekin ados ez dauden herritarrek aurkeztutako kexak.

 

Hamargarren lekuan herritarren segurtasuna dago, eta bertan nabarmenak dira hainbat polizia kidegotako agenteek herritarrei emandako tratu desegokiaren ondorioz aurkeztutako kexak. Halaber, Iruñeko espetxean dauden preso batzuek kexak aurkeztu dituzte, zenbait funtzionariok emandako tratuarekin ados ez daudela adierazteko.

 

Hamaikagarren lekuan etxebizitza dago. Arlo horretako kexak honako hauei lotuta daude, nagusiki: alokairurako laguntza publikoak ukatzea, etxebizitza babestuetako kalteak, eta familiaren beharrizanetara hobeto egokitzen diren babes ofizialeko beste etxebizitza batzuk eskuratzeko dauden zailtasunak.

 

Hamabigarren lekuan justizia dago, eta horretan nabarmentzen dira prozesu judizialetako atzerapenei, doako laguntza juridikoa ukatzeari eta epaiekiko desadostasunei buruzko kexak.

 

2016an aurkeztu diren kexa gehienak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotuta daude, haren erakunde publikoak eta sozietate publikoak barne. Izan ere, 437 kexa aurkeztu dira, hau da, guztien % 52,7 izan dira.

 

Toki erakundeei eta horien mendeko erakundeei zuzenduta 214 kexa aurkeztu dira, hau da, guztien % 25,8.

 

Estatuko Administrazioari zuzendutako kexak dira azkenak: 110 izan dira, hots, % 13,3.

 

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, aurreko urteetan ez bezala, bide nagusia Internet izan da: % 50,5. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude: % 38,4. Ondoren, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 10,7), eta, amaitzeko, fax bidez egindakoak (% 0,4) daude.

 

Kexak aztertu ondoren, 320 ebazpen eman dira, 2014an baino 6 gutxiago. Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 62,3 da (2013an baino ia 8 puntu gutxiago), aurreko ekitaldiaren ildotik; horixe izan zen arbuio gehien erregistratu zituena.

 

Kontsultei dagokienez, nagusi izan dira gizarte ongizateari buruzkoak; zehatz-mehatz, adingabeen babesari, gizarteratzeko errentari (GE) eta desgaitasunari buruzkoak. Hezkuntzaren arloan, kontsultagai izan dira haur eskoletan eta ikastetxeetan sartzeko irizpideak, bekak ukatzea edo ematea, eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta.

 

Osasunari dagokionez, itxarote-zerrendei eta emandako osasun laguntzarekiko desadostasunari buruzko kexak egon dira. Halaber, kopuruaren arabera ordenatuta, hirigintza, ogasun, gizarte segurantza, ingurumen, etxebizitza, kontsumo eta justizia arloetako kontsultak erregistratu dira.

 

Bestalde, herritarren 13 hobekuntza-proposamen jaso dira (dagoeneko 300 dira, ekimen hori orain dela zazpi urte abiarazi zenetik); gehienak hirigintza arloan babes daitezkeen jarduketei, guraso bakarreko familientzako laguntzei, osasunari eta desgaitasunari buruzkoak izan dira.

 

Amaitzeko, kexa, kontsulta, ofiziozko jarduketa, hobekuntza-proposamen eta txosten berezietatik abiatuta iaz garatu den jarduera osotik ondoriozta daiteke, Nafarroako ararteko Javier Enérizek zehazten duenez, arreta handiagoa eskatzen duten eremuak “funtzio publikoa, gizarte ongizatea eta hezkuntza” direla. Gainera, zaintzapean, hau da, babesgabetasun egoeran, dauden adingabeak lehen baino gehiago dira. Horrexegatik egiten ditu Administrazioak gero eta esku-hartze gehiago, gurasoen arreta eskasa konpentsatze aldera”.

 

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren aginduz herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea da, eta, helburu horri helduta, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.