Parlamentuak ez ditu onartu zergak aldatzeko foru lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Orain Bai eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute UPNk politika fiskala dakarren testua Gobernuari itzultzeko egin duen ahalegina, eta Batzordean eztabaidatuko da
Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak baztertu egin du UPNk Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko 2019rako Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek zuzenketa horren aurka bozkatu dute, PSN abstenitu egin da eta PPNk ekimena babestu du.
Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordera eramanen da. Bertan abenduaren 10ean hasiko dira irizpena osatzeko lanak, eta ziurrenik abenduaren 20an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
UPN talde parlamentarioak aurkeztutako osoko zuzenketak uste hau du oinarri: Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuak berriz ere huts egiten du, “ez baitio aurre egiten zergen arloan behar den berrikuspenari; herritarrek, instituzioek, erakundeek, gizarte-antolakundeek eta arloko adituek eskatu izan dute berrikuspen hori, tributuetan ondoz ondo egin diren igoerek errenta ertainetan eta enpresen lehiakortasunean izan duten eragin negatiboa dela eta”.
Horregatik, “PFEZean eta sozietateen, ondarearen eta oinordetza eta dohaintzen gaineko zergetan planteatutako igoeren” aurrean, UPNk aldezten zuen “Nafarroako zerga-sistemaren gorabidea eta izen ona berreskuratzea bertako herritarren eta haien etorkizunaren mesedetan”.
Horretarako, azpimarratu egiten zuen “zerga-igoerek, bereziki seme-alabak dituzten familiengan, eros-ahalmenaren galera” eragin dutela, eta auzitan jartzen zuen pentsio-planen tributazioa, esanez horien tasek eragin dutela “panorama fiskalaren marrazkia inbertitzaileentzat eta aurreztaileentzat erakargarria ez izatea”.
Industriaren arloan, “sozietateen gaineko zerga aldatu izanak eta, batez ere, enpresa-jarduerari atxikitako ondasunen ondarearen gaineko zergaren salbuespena kendu izanak ekintzaileak eta erkidegoaren lehiakortasuna bera zigortu” dituztela azpimarratzen zen.
Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, horren igoerak ere ez dituela sustatzen “inbertsioaren sustapena, egonkortasuna, aberastasuna eta justizia fiskala” adierazten zen, eta ohartarazten zen gerta litekeela “ondare jakin batzuek baldintza hobeak aurkitzea beste autonomia erkidego batzuetako zerga-sistemetan”.
Hori guztia dela eta, “proposatutako neurri fiskal zehatzak aurretik juzgatzera sartu gabe ere”, UPNk beste lege proiektu bat eskatzen du, politika fiskalaren norabidea aldatzeko konpentsazio-neurriak bildu behar dituena.
UPNren planteamenduaren aurrean, Nafarroako Gobernua araudia eguneratzearen alde dago, horrela, errealitate eta egoera sozial berriekin bat etorriz, behar diren egokitzapenak sartzeko, bide batez interpretazio-auzi batzuei irtenbidea emateko helburuarekin.
Berrikuntza gehienak teknikoak badira ere, proiektuan garrantzizko aldaketa batzuk jaso dira, eta horietako batek zerikusia du saltoki handien gaineko zerga berreskuratzearekin.
Zerga horren xedea da “saltoki handien ahalmen ekonomikoa kargatzea, kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak bere gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako ehunari eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez”.
Gogoratuko denez, Nafarroako Parlamentuak indarrik gabe utzi zuen zerga hori, Auzitegi Gorenean eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegian jarritako errekurtso banak eragindako segurtasun juridikorik ezaren ondorioz. Europar Batasuneko Auzitegiak adierazi du zerga hori ongi ezkontzen dela Europako legeriarekin, eta Auzitegi Gorenak baztertu egin du foru legearen aurkako errekurtsoa. Beraz, segurtasun juridikoaren inguruko auzia ebatzita, 2019an berriro ezarriko litzateke 2014tik 2015era bitartean indarrean egon zen zerga hori, eta lehengo araudi bera izanen du.
PFEZari dagokionez, lau onura fiskal berri nabarmentzen dira. Horien bitartez Nafarroako enpresen sendotzea eta enpresen jarraitutasuna hobetu nahi dira, eta langileak enpresan inplikatzea eta haren akziodun izatea sustatu nahi da. Zehazki, langileei enpresa eskualdatzen dioten enpresaburuen ondare-gehikuntza salbuetsiko da; langile horiek enpresa eskuratzeko ordaintzen duten zenbatekoak % 15eko kenkaria izanen du kuotan; eta gainera, zenbait baldintza betetzen direnean, akzioen eskualdaketa ez da gauzazko ordainsaritzat joko. Beste alde batetik, beren enpresetan patente berriak lortzen laguntzeagatik langileek jasotzen dituzten sariak salbuetsita egonen dira.
Gainera, 3.500 euroko muga berria ezartzen da enpresek gizarte-aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenetarako, langileek jasan lezaketen zergapetze bikoitza saiheste aldera.
PFEZarekin lotuta, halaber, azpimarratzekoa da salbuespen berri bat ezarri dela berrinbertsioarengatik, 65 urtetik gorakoen ondare-gehikuntzak kargarik gabe uzten dituena, baldin eta lortutako diru kopurua biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzen bada. Neurri horren bidez zaharren bizi kalitatea hobetu nahi da bizi-itxaropena gero eta handiagoa den gizarte honetan.
Eta notarioaren aurrean adostutako mantenurako urteko ordainsariek PFEZean duten tratamenduari dagokionez, ordainsari horiek prozedura judizialen ondoriozkoekin parekatuko dira. Izapidea zergadunarentzat azkarragoa eta erosoa izan dadin lortu nahi da neurri horren bidez.
Sozietateen gaineko zergan, berrikuntzak, funtsean, inbertsioengatiko eta I+G+B jarduerengatiko zerga onurari dagozkio, eta, bereziki, zinema ekoizpenetan inbertitzeagatiko kenkariari, aldatu egin baitira horren baldintzak: Nafarroan egin beharko den inbertsio-portzentajea % 25etik % 40ra igo da, eta 3 milioi euroko prebentziozko sabaia ezarri da kenkarirako muga gisa.
Gainera, proiektu horien finantzatzailearen figura sustatzen da, I+G+B jardueretan bezala, eta, bi kasuetan ere, IET (interes ekonomikoko taldea) deritzon forma juridikoaren erabilera eragozten da, ez delako egokia pizgarri horien bidez lortu nahi den helbururako. Aldaketa horien xedea da onura fiskalen itzulketa ekonomikoa areagotzea, onura horiek jasotzen dituzten proiektuen bideragarritasuna bermatuz.
Berrikuntza nagusietako batek oinordetza eta dohaintzen gaineko zergari eragiten dio, autolikidazioa nahitaezkoa izatea planteatzen baita zerga horretarako. Jaraunspenen kasuan, ez da beharrezkoa izanen berariazko onarpena zerga-egitatea sor dadin.
Azkenik, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren aldaketa batzuk jaso dira proiektuan, eta horien artean nabarmentzen dira iruzur fiskalaren aurkako borrokarekin zerikusia dutenak. Zehapenak aldatu egiten dira, Ogasunak aurretik errekerimendurik egin gabe zergak epez kanpo aurkezteko pizgarriak emateko. Horrela, beti izanen da merkeagoa borondatez erregularizatzea Administrazioaren errekerimendua jaso eta gero erregularizatzea baino.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek erreforma onartu dute, egindako aldaketa selektiboen balioa nabarmendu dute, eta aitortu egin dute, batez ere azken hirurek, oraindik badagoela “hobekuntzarako tarte handia, esparru fiskal bidezkoa eta zuzena eratzeko”.