Omenaldia Nafarroako Parlamentuko funtzionario jubilatuei
Unai Hualdek balioan jarri du Legebiltzarreko langileek egiten duten lan espezializatua, "ikusezina baina funtsezkoa" dena ordezkaritza-erakundeak behar bezala funtziona dezan
Nafarroako Parlamentuak omenaldi-ekitaldia egin du gaur, 2024an erretiroa hartu duten funtzionarioei aitortza egiteko.
Parlamentuko idazkari nagusi Silvia Doménech izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta langileei eskerrak eman dizkie "urte hauetan guztietan egindako lan profesionalagatik eta lan horretan buru-belarri aritzeagatik; izan ere, 24tik 33 urtera bitarte aritu zarete lanean, 6tik 8ra legegintzaldi bitarte, kasuan-kasuan. Eskerrik asko erakunde honi bizitza oso bat eskaintzeagatik, zeren eta gure erakunde hau oinarri-oinarrizkoa baita gure sistema demokratikoarendako; behar bezala funtziona dezan, baitezpadakoa da eginkizun guztien batasuna eta koordinazioa, eta eginkizun horiek denak dira garrantzitsuak", adierazi du.
"Lanean erakutsitako ardura" nabarmendu ondoren, legelari nagusiak gogora ekarri du erakundeak izan duen "bilakaera, proban jarri duena gertatu diren egoera guztietara egokitzeko zuen gaitasun profesionala. Lan-tresnen modernizazioaren eta egoitza-aldaketaren lekuko zuzenak izan zarete. Eta orobat egokitu zaizue lankide batzuei agur esatea eta beste batzuei ongietorria egitea. Orain zuen txanda. Oroimina pizten zaigu eta oroitzapenak datozkigu gogora. Bizipenak eta errutinak partekatu ditugu. Gozatu erretiroa. Hau beti izanen da zuen etxea" esan die Silvia Doménechek.
Jarraian, Parlamentuko lehendakariak oroitzapenezko diploma bana eta Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoa grabaturik duen prisma bana eman die ekitaldian parte hartu duten funtzionario izandakoei; honako hauei, hain zuzen ere: Carlota Aranaz, Joserra Laseca, Pedro Loyola, Txus Martínez eta Olga Urmeneta.
Unai Hualdek ere eman dizkie eskerrak erakundearen izenean "herritarren ordezkari izateko ohorea eta ardura daukagunoi ezinbesteko laguntza" horrenbeste urtez emateagatik. Zuen langileon lanik gabe ezinezkoa izanen litzateke lan instituzionala egitea".
Hori dela-eta, lehendakariak berriro "erreibindikatu" nahi izan du Legebiltzarreko langileek egiten dute lana: "zuek eta parlamentariok eta hautetsiok Parlamentuko familia osatzen dugu. Gure kasuan, aldi batez, lau urtean behin berritzen baita herritarrek ematen diguten mandatua. Azpimarratu egin nahi dut Legebiltzarreko langileek egiten duzuen lan ikusezin bezain garrantzitsua, eta berariaz azpimarratu nahi dut erakundeari bizitza oso bat eskaini diozuenen lana; orain, hemengoa kito eta, hitzaren zentzurik onenean... bizitza hobeago batera iraganen zarete. Milesker”.