Nafarroako Parlamentuak gogora ekarri du ETAren bortxaz lekualdatuen oroitzapenezko Egunaren hamargarren urteurrena
Ekitaldian Parlamentuko lehendakaria eta ETAk Nafarroan eragindako Biktimen Elkartearen ordezkaria mintzatu dira.
Nafarroako Parlamentuak oroitza-ekitaldi bat egin du, gogora ekartzeko ezen Parlamentuko Eledunen Batzarrak duela hamar urte onetsi zuela ETAren bortxaz lekualdatuak izandakoen eta gizateriaren aurkako bere krimenen biktima guztien oroitzapenezko Eguna.
Ekitaldia Erakunde-aretoan egin da, eta Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen hitzaldiarekin hasi da. Hualdek aldarrikatu du beharrezkoa dela "ekintza instituzional bat, ideologiazko eta interpretaziozko desadostasunak gainditurik tinko lan eginen duena biktima guztiengana bideraturiko egiaren, justiziaren eta erreparazioaren politiketan".
Bere arialdian, Unai Hualdek baieztatu du "gaur daukagun gazteriak ez du[ela] ETA eta haren iragan lazgarria ezagutu", eta horregatik "beharrezkoa d[el]a oroimena erakundeetan eta ikastetxeetan lantzen segitzea, oroitzapena harrotzea, biktimen eta haien familien omenez, baina baita horren errepikapenik izanen ez dela bermatzearren ere".
Bere txandan, José Ignacio Toca López jaunak, zeina ETAk Nafarroan eragindako Biktimen Elkarteko lehendakaria baita, nabarmendu du "zaila d[el]a ETAren terrorismoaren kariaz lekualdatutako pertsonen kopurua zehaztea: beldurragatik Euskadi eta Nafarroa utzi zutenena, hain zuzen. Oraintsuko azterlan batek 180.000 erbesteratu baino gehiago izan zirela dio".
"Erakundeen, gobernuen eta gizarte osoaren erantzukizuna da terrorismoaren errelatoaren distortsiorik edo gutxiespenik ez ametitzea. Gizarteak merezi du bere ordezkariek terrorismoa anbiguotasunik gabe gaitzets eta adorez jardun dezaten horrek utzi duen arrastoari aurre egiten", aldarrikatu du.
Amaitzeko, ekitaldira bertaratu diren guztiekin talde-argazki bat egin da. Besteak beste egon dira Ainhoa Unzu, lehen lehendakariordea; Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea; Yolanda Ibáñez, lehen idazkaria; Javier Esparza (UPN t.p.), Ramón Alzorriz (PSN t.p.), Irene Royo (PPN t.p.) eta Maite Nosti (Vox f.p.e.).