Nafarroako Parlamentuak bere egiten du UNESCOren Tolerantziaren gaineko Printzipioen Adierazpena
Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko urriaren 14an
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere egiten baitu UNESCOren Tolerantziaren gaineko Printzipioen Adierazpena. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Talde parlamentario guztiek adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute, hamazazpigarren puntuan izan ezik, Navarra Suma (NA+) taldeak aurkako botoa eman baitu.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak bere egiten du UNESCOren Tolerantziaren gaineko Printzipioen Adierazpena eta ondokoa adierazten du:
1. Tolerantzia gure munduko kultur aniztasun aberatsaren errespetua, onarpena, eta estimua da, bai eta gure adierazpide eta izateko modu gizatiarrena ere. Tolerantzia sustatzeko moduak dira ezagutza, jarrera irekia, komunikazioa eta pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna. Tolerantzia da harmonia desberdintasunean. Ez da betebehar morala soilik, betekizun politiko eta juridikoa ere bada. Tolerantziak, bakea ahalbidetzen duen bertuteak, gerraren kultura bakearen kulturarekin ordezten laguntzen du.
2. Tolerantzia ez da amore ematea, etorkortasuna edo barkaberatasuna. Lehenik eta behin, tolerantzia da giza eskubide unibertsalen eta besteen oinarrizko askatasunen errekonozimenduzko jarrera aktiboa. Inolaz ere erabili ahal da oinarrizko balio horien urraketa justifikatzeko. Tolerantzia norbanakoek, taldeek eta estatuek gauzatu beharrekoa da.
3. Tolerantzia da giza eskubideen, aniztasunaren (kultur aniztasuna barne), demokrazia eta zuzenbide estatuaren oinarrian dagoen erantzukizuna. Dogmatismoaren eta absolutismoaren errefusa dakar eta nazioarteko baliabideek giza eskubideen inguruan onetsitako arauak berresten ditu.
4. Giza eskubideen errespetuarekin bat, tolerantziaz jardutea ez da injustizia sozialak onartzea ezta norberaren uste sendoei uko egitea edo moldatzea. Esan nahi du pertsona oro aske dela bere usteei atxikitzeko eta onartzen duela besteek ere beren usteei atxikitzea. Esan nahi du onartzea gizakiok, zeinon ezaugarri naturala baita desberdinak izatea itxurari, egoerari, adierazteko moduari, jokamoldeari eta balioei dagokienez, bakean bizitzeko eta garen modukoak izateko eskubidea dugula. Halaber, esan nahi du inork ezin dizkiela inposatu bere iritziak besteei.
5. Tolerantziak zuzentasuna eta inpartzialtasuna eskatzen du legeriari, legearen aplikazioari eta botere judizial eta administratiboa egikaritzeari dagokienez. Halaber, eskatzen du pertsona orok aukera ekonomiko eta sozialak izatea inolako diskriminaziorik gabe. Bazterketak eta marjinazioak frustraziora, etsaitasunera eta fanatismora eraman dezakete.
6. Gizarte toleranteago bat ezartzeko xedez, estatuek giza eskubideen alorrean dauden nazioarteko itunak berretsi behar dituzte, eta, beharrezkoa denean, legeria berria egin, gizarteko talde eta norbanako guztiei tratu- eta aukera-berdintasuna bermatuko diena.
7. Harmonia gailentze aldera, ezinbestekoa da pertsonek, erkidegoek eta nazioek giza familien izaera kultur anitza onartzea eta errespetatzea. Tolerantziarik gabe ezin da bakerik izan, eta bakerik gabe ezin da garapenik eta demokraziarik izan.
8. Intolerantziak izan dezake talde ahulen marjinazioaren eta parte-hartze sozial eta politikotik baztertzearen aurpegia, bai eta talde horien aurkako indarkeriaren eta diskriminazioarena ere. Arraza eta arraza aurreiritziei buruko Adierazpenaren 1.2. artikuluan berresten denez, “norbanako eta talde guztiek dute desberdin izateko eskubidea”.
9. Mundu modernoan, tolerantzia inoiz baino ezinbestekoagoa da. Gure garai honen ezaugarri dira ekonomiaren mundializazioa eta mugikortasunaren, komunikazioaren, integrazioaren eta elkarmendekotasunaren azkartzea; migrazioaren eta populazioen joan-etorrien hedatzea; urbanizazioa eta eredu sozialen eraldatzea. Munduaren ezaugarri dira aniztasuna eta intolerantziaren eta gatazken areagotzea, eta hori balizko mehatxua da eskualde guztientzat. Mehatxu hori unibertsala da, ez da mugatzen herrialde jakin batera.
10. Tolerantzia beharrezkoa da norbanakoentzat, bai eta familia eta komunitatearen barruan ere. Tolerantzia sustatu eta jarrera irekia, elkarri entzutea eta elkartasuna erakutsi behar da eskoletan, unibertsitateetan, eskolaz kanpoko hezkuntzan, eta bai eta etxean eta lantokian ere. Hedabideek eginkizun eraikitzailea izan dezakete, elkarrizketa eta eztabaida aske eta irekiak ahalbidetuz, tolerantziaren balioak zabalduz eta talde eta ideologia intoleranteek gora egitearen aurrean axolagabekeriak dakarren arriskua azpimarratuz.
11. UNESCOren Arraza eta arraza aurreiritziei buruko Adierazpenean esaten den moduan, beharrezkoa da neurriak hartzea, beharrezkoa den tokietan, berdintasuna bermatzeko duintasunari eta pertsonen eta giza taldeen eskubideei dagokienez. Horri lotuta, arreta berezia jarri behar da egoera zaurgarrian daude talde ahuletan, horiek indarrean dauden lege eta neurri sozialen bidez babesteko, bereziki etxebizitza, enplegu eta osasun alorretan. Halaber, beharrezkoa da beren kultura eta balioen egiazkotasuna errespetatzea eta haien gizarte- eta lanbide-sustapena eta integrazioa ahalbidetzea, bereziki hezkuntzaren bidez.
12. Hezkuntza da intolerantziari aurrea hartzeko tresnarik eraginkorrena. Tolerantziarako hezkuntzaren lehenengo urratsa da pertsonei erakustea zeintzuk diren partekatzen dituzten eskubide eta askatasunak, haiek errespeta daitezen, bai eta besteen eskubide eta askatasunak babesteko borondatea sustatzea ere.
13. Tolerantziarako hezkuntza premiazko betebeharra da; hori dela eta, beharrezkoa da tolerantziaren hezkuntzarako metodo sistematiko eta arrazionalak sustatzea, intolerantziaren arrazoi kultural, sozial, ekonomiko, politiko eta erlijiosoak aztertuko dituztenak, horiek baitira indarkeriaren eta bazterkeriaren jatorria. Hezkuntza politikek eta programek lagungarriak izan behar dute norbanakoen arteko zein etnia-, kultur-, gizarte- erlijio- eta hizkuntza-taldeen eta nazioen arteko adostasuna, elkartasuna eta tolerantzia garatzeko.
14. Tolerantziarako hezkuntzaren xedeak izan behar du beldurrera eta besteak baztertzera eramaten gaituzten eraginei aurka egitea, eta gazteei lagundu behar die haien judizio burujaberako, pentsamendu kritikorako eta arrazonamendu etikorako ahalmena garatzeko.
15. Nafarroako Parlamentuak adierazten du hura osatzen dugun politikariok, herritarren ordezkari garen aldetik, tolerantzia eta aniztasuna sustatuko dituzten diskurtso eta moldeak baliatzeko konpromisoa.
16. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte zientziei, tolerantziarako hezkuntzari, giza eskubideei eta indarkeria ezari buruzko ikerketa programak babesteko. Horretarako, arreta berezia jarri beharko da irakasleen prestakuntzaren hobekuntzan, ikasketa planetan, eskuliburu, ikastaro eta bestelako material pedagogikoen edukian eta hezkuntzarako teknologia berrietan, Nafarroako Gobernuak 2015az geroztik egiten duen moduan, herritar arduratsuak prestatzeko, besteekiko arreta dutenak, beste kulturekiko irekiak, askatasunaren balioa estimatzen dakitenak, gizakien duintasuna eta desberdintasunak errespetatzen dituztenak, eta gatazkak saihestu edo indarkeriarik gabeko bitartekoak erabilita konpontzeko gaitasuna dutenak.
17. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du tolerantzia eta indarkeriarik eza sustatzen jarraitzeko hezkuntzaren, zientziaren, kulturaren eta komunikazioaren alorreko programa, jarduketa edo ekimenen babesaren bitartez, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 2015az geroztik egin duen moduan”.