Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da gara ditzan deslokalizazioaren eta lehia desleialaren aurka eraginkortasunez borrokatzea ahalbidetuko duten tresna berariazkoak

Eskatzen dira lidergo publikoan oinarrituriko industria-politika bat, produktibitate handiko ekosistema baten eraketa, eta lurralde-errotzeari eta enpleguari baldintzaturiko laguntza fiskalak

 

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin etaPPN eta Vox-ek emandako aurkako botoekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “deslokalizazioaren eta lehia desleialaren aurka eraginkortasunez borrokatzea ahalbidetuko duten tresna berariazkoak jaso ditzan industriari buruzko foru-lege proiektuan”.

 

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, zeinean Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzaio Sozietateen gaineko Zergako zerga-kenkariak lurralde-errotzeari eta enpleguaren eusteari baldintzatzea.

 

Horrez gain, hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da Europako Batzordea ohartaraz dezan Europako ordenamendu juridikoan eta haren merkataritza-politikan elkarrekiko bermerako eta lehia desleialaren aurkako borrokarako mekanismoak txertatzeko beharraz.

 

Zioen azalpenean,Contigo-Zurekin talde parlamentarioaren ekimenezko erabakiak auzitan jartzen ditu dogmatismo liberala eta lehia askearen printzipioaren aplikazio muturreratua (lanbide-, ingurumen- eta zerga-arloetako bermeen suntsipena); eta, "elkarrekikotasun"ean oinarrituriko araubiderik nahiz merkatu antolatu baten erregelekiko begirunerik ezean, dei egiten du abian jartzera aitzindaritza publikoan oinarrituriko industria-politika bat, bai eta produktibitate handiko ekosistema bat sortzera eta lehia desleialaren nahiz deslokalizazioaren aurkako borroka egitera ere.

 

Horrela, balio erantsi handiko eta lurraldean egiazko errotzea duen ehundura bat sortzeko, zeinak administrazio publikoei lanabes eraginkorrak eskainiko baitizkie, behintzat herritarren interesen alde jarduteko modukoak, halako industria-politika bat aldarrikatzen da zeina oinarrituta egonen baita ezagutzaren sustapenean, energia berde eta merkean, berrikuntzan, digitalizazioan eta giza kapitalean; horiek guztiak, XXI. mendeko giroaren araberako produktibitate-faktoreak.