Nafarroako Gobernua premiatzen da bete dezan Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedatutakoa
Ganberak ez du onartu PFEZaren %0,7aren esleipenaren irizpide aldaketa, ezta hiru urtez diruz lagundutako programek urte anitzeko finantzaketa jasotzea ere
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “berehala bete dezan Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoa”.
Mozioak bigarren atal bat zeukan, Gobernuari eskatzen ziona “Dirulaguntzei buruzko Foru Legea alda zezan, urte anitzeko finantzaketa jaso dezaten Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izendun baten bidez hiru urtez jarraian baino denbora gehiagoz egiten diren programek”. 20 botoko berdinketa bat dela eta hirugarren bozketaren ondoren baztertu egin da, Navarra Sumak alde bozkatu du, PSN eta Geroa Baik aurka, eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenitu egin dira.
Hirugarren atalak ere ez du aurrera egin, Gobernua premiatzen zuen “% 0,7aren esleipena arautzen duen triburu-araudia alda zezan, halako moduan non, Eliza katolikoaren sostengurako eta gizarte intereseko beste xede batzuetarako laukitxoak markatzen baldin badira, % 0,7 hori ez baita zatituko, eta biei emanen baitzaie % 0,7”. Navarra Sumak alde bozkatu du eta gainerakoek aurka.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogorarazten du “dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenak apirilaren 30erako egon beharko liratekela beti, salbu eta ekonomiaren arloaz arduratzen den Nafarroako Parlamentuko batzordearen aurrean justifikatu beharreko kasuetan”. Ildo horretan, salatzen du baldintza hori sistematikoki urratzen ari dela, eta hirugarren sektorearen (bereziki osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloan) aspaldiko aldarrikapena bere gain hartzen du, “urte anitzeko finantzaketa” eskatuz.
Bestalde, eskatzen du, “Estatuko gainerako lekuetan gertatzen den bezala”, PFEZaren aitorpena egitean, zergadunek kuota osoaren ehuneko 0,7 Eliza katolikoaren sostengu ekonomikoan laguntzera edo/eta gizarte intereseko beste xede batzuetara bideratzea aukeratu behar dutenean, bi laukitxo horiek markatzea erabakitzen baldin bada, 0,7 bitan zati dadila, halako moduan non zati horietako bat –horren erdia, % 0,35 alegia– Eliza katolikoaren sostengu ekonomikorako bideratuko baita eta beste erdia –gainontzeko % 0,35a alegia– Nafarroako gobernuz kanpoko erakundeen programen bidez gizarte intereseko beste xede batzuetara.
11/2005 Foru Legeak, azaroaren 9koak, Dirulaguntzei buruzkoak 17. artikuluaren 3. eta 4. ataletan honakoa dio:
“3. Diru-laguntzak emateko prozedurak, oro har, urte bakoitzeko urtarrilean zehar hasi beharko dira, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean amaitu, diru-laguntza horiek emateari buruzko ebazpenak emanez, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik; justifikazio hori urte bakoitzeko otsailaren 28a baino lehen frogatu beharko da, ekonomiaren arloaz arduratzen den Nafarroako Parlamentuko batzordearen aurrean.
4. Gizarte ekintzako entitateentzako diru-laguntzen kasuan, horiek emateko prozedura urte bakoitzeko urtarrilean hasiko da, eta organo eskudunak diru-laguntza emateko ebazpena urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen eman beharko da.”
-
Mozioa (3. NPAO, 2020-01-14koa)