Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 13

Mahaiak atxiki gabeko parlamentari izendatu du Maite Nosti, eta Vox foru parlamentarien elkartea desegintzat jo du

Zerbitzu juridikoek txosten bat eginen dute, atxiki gabeko parlamentari berriaren estatusa eta Legebiltzarreko lanaren antolaketan izan ditzakeen ondorioak argitzeko

Ikusita Maite Nostiren idazkia, zeinaren bidez jakinarazi baitu Vox foru parlamentarien elkartea utzi duela, Erregelamenduaren 34.1.b, 37, eta 38.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du jasotzat ematea haren erabakia eta atxiki gabeko parlamentari izendatzea; ondorioz, galdu egin ditu foru parlamentarien elkarte horretan zeuzkan karguak eta postuak, haren eleduna baitzen.

 

Halaber, Vox foru parlamentarien elkartea desegintzat jotzea erabaki da, zeren elkartea osatzeko beharrezkoa baita gutxienez ere bi foru parlamentari edukitzea. Beraz, Emilio Jiménez izendatzen da talde mistoaren kide bakarra.

 

Ebazteke dago Maite Nostiren eskaria (batzorde bakar bateko kide izateko eskubidea du), Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeko kide izateari buruzkoa. Erregelamenduan ezartzen denez, Mahaiaren erabakiak Eledunen Batzarraren aldez aurretiko adostasuna behar du, “parlamentariak adierazitako lehentasunak errespetatzen ahaleginduz”. Gai hori astelehenean aztertuko da.


Azkenik, Mahaiak txosten bat egin dezaten agindu die zerbitzu juridikoei, atxiki gabeko parlamentari berriaren estatusa eta Legebiltzarreko lanaren antolaketa izan ditzakeen ondorioak argitzeko.

 

Txosten horretan jasotzen diren zehaztasun eta erregelamenduzko garapenen zain, Erregelamenduan argi uzten da atxiki gabeko parlamentariek izaera hori mantenduko dutela legegintzaldi osoan zehar, “salbu eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai-zerrendako alderdi politikoari dagokion talde parlamentariora berriz sartzen badira, betiere haren eledunak berariaz horretarako baimena eman ondoren” (34.3. art.).


Atxiki gabeko parlamentariek foru parlamentariei banaka erregelamendu bidez aitortutako eskubide berak izanen dituzte. Mahaiari egokituko zaio, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eskubide horietaz baliatzearekin zerikusia duten gai guztiak ebaztea (34.5. art.).


Edonola ere, Parlamentuko Mahaiak “egokitzat jotzen dituen bitarteko materialak emanen dizkie atxiki gabeko parlamentariei, beren eginkizunak bete ditzaten”, eta soilik 17. artikuluan aurreikusitako sari ekonomikoak egokituko zaizkie.

 

Xedapen horretan aurreikusten denez, foru parlamentariek diru kopuru bat jasoko dute (lanaldi osoko araubidean nahiz araubide hori eduki gabe edo bertaratzeagatiko dietak), bai eta laguntzak eta gastuen ordainak ere, beren eginkizuna eraginkortasunez eta duintasunez bete ahal izateko.