Kongresuak onetsi du Foruaren Hobekuntzaren aldaketa, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena eskualdatzen duena
PP eta Vox aurka azaldu dira, eta Senatuan beto-ahalmena dutenez, bigarren bozketa bat egin beharko da behe-ganberan; hortaz, erreforma ez da indarrean sartuko urte amaiera arte
Diputatuen Kongresuak onetsi egin du gaur (179 boto alde eta 169 boto aurka) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren aldaketa, zeinaren bidez eskualdatzen baita trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena.
PSOEko diputatuak eta Sánchezen Gobernua babesten duten talde guztiak (Sumar, Podemos, BNG, Junts, ERC, EH Bildu y PNV), bai eta UPN eta Coalición Canaria ere, alde azaldu direnez gero, lege organikoak onesteko, aldatzeko edo indargabetzeko behar den gehiengo osoa lortu ahal izan da proiektuaren osotasunaren gaineko bozketan. Kasu honetan, foru-araubidearen izaera juridikoaren arabera aldaketa ezin baitu alde bakar batek egin, Estatuaren eta Foru Komunitatearen Administrazioaren arteko akordioa lortu behar zen aldez aurretik Negoziazio Batzordean.
Kongresuaren gehiengo oso hori, dena den, bigarren bozketa batean berretsi beharko da behin betikoz, baldin eta PPk, zeinaren iritziarekin bat baitator Vox ere, bere gehiengo osoa baliarazten badu Senatuaren betoa ezartzeko (testua jasotzen duenetik bi hilabeteko epean egin beharko du hori). Hori egiten baldin badu, erreforma ez da indarrean sartuko urte amaiera arte, proiektua orduan itzuliko baita behe-ganberara, behin betiko erabakia har dezan.
Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena Nafarroaren esku berriz uzteko akordioak, zeinak Nafarroako Kontseiluaren abala baitu, erantzuna ematen die Auzitegi Gorenak jarritako eragozpenei, auzitegi horren administrazioarekiko auzien salak baliogabetu egin baitzuen, JUCIL-Justicia Guardia Civil elkartearen errekurtsoa onartzean, eginkizun eta zerbitzu horiek eskualdatzeari buruzko apirilaren 4ko 252/2023 Errege-dekretua.
Magistratuek ebatzi zuten ezin zela errege-dekretu bat baliatu Foruaren Hobekuntzan jasota ez dagoen eta Nafarroaren zuzenbide historikoan oinarririk ez daukan eskumen bat Nafarroari eskualdatzeko; magistratuen esanetan, eskumen horiek eskualdatzeko Foruaren Hobekuntza aldatu beharra dago, edo, bestela, Konstituzioaren 150.2 artikuluko lege organiko bat erabili.
Behin bidea aukeratuta, Foruaren Hobekuntza aldatu da –49.3 artikulua aldatu da, eta 51. artikuluari apartatu bat gehitu zaio–, argi gera dadin “trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari dagokienez, Foruzaingoaren eskumenak” artikulu horretan xedatutakoarekin bat arautuko direla. Hau da artikulu horren testu berria:
49.3 artikulua. “Bere foru araubidearen eta lege organiko honetan xedatutakoaren arabera, Nafarroari dagozkio, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloan, Estatuko legeria betearazteko eskumena eta trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunak, orain arte atxiki dituen ahalmenez eta eskumenez gain».
Eztabaida Gonbidatuen Tribunatik jarraitu eta gero, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi du Foruaren Hobekuntzaren aldaketa gehiengo handi batek babestu zuela maiatzean, eta Gorte Nagusiek proiektuak dakarren eskualdaketa behin betikoz onetsi zain, azpimarratu du zein garrantzitsua den "nafarren gehiengoaren borondatea, Foru Parlamentuak adierazia, errespetatzea".
Halatan, lehendakariaren arabera, Kongresuak onetsitako aldaketak besterik gabe egiten duena da "Foruzaingoak ez beste inork Nafarroako errepideen zaintza eta kontrola egiteko ahalmena blindatu". Aldaketa espres bat da honako hau, Auzitegi Gorenaren azken epaiaren ondorioz egin dena; izan ere, epai hori kezkagarria da ukatu egiten duelako objektiboki historikoa eta forala den eskumen baten izaera historiko eta forala, Konstituzio Auzitegiak berak onartua duen legez. Nafarroan luzaz eskatutako eskuduntza bat da", berretsi du lehendakariak.
Legebiltzarrean izapidetzea
Lege organikoaren proiektua, zeina Senatura joanen baita orain, uztailaren 11n aurkeztu zen, eta irakurketa bakarrean izapidetu da, Kongresuaren Erregelamenduaren 150. artikuluaren arabera. Hau da, behin ganberara bidali ondoren eta zuzenketak aurkezteko epea bukatu ondoren, Osoko Bilkuran eztabaidatzen da, ponentziatik eta batzordetik igaro gabe.
Orain arte, Foruaren Hobekuntza arautzen duen Lege Organikoa bi aldiz baino ez da aldatu, eta biak aldaketa puntualak izan dira. 2001ean, Gobernuko presidentea hautatzeko prozesu automatikoa ezabatu eta honi, era berean, Legebiltzarra aldez aurretik desegiteko ahalmena eman zitzaion. 2010ean, legegintzaldiaren iraupena lau urtera luzatzeko, aldez aurretik desegiten bada eta hauteskundeak deitzen badira.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan edozein aldaketa egiteko, aldez aurretik Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko akordioa behar da, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentuak eta Gorte Nagusiek berrestea.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foruaren Hobekuntza aldatzen duen Lege Organikoaren argitalpena (Gorte Nagusien Aldizkari Ofiziala, A seriea, 30. zenbakia, 2024-07-19koa)
- Bideotekako irudiak