Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Azaroak 19

Justiziaren eta erakundeen erantzunari buruzko osoko bilkura sozialak eman die amaiera Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko IV. Jardunaldiei

Aznarezek aurten erail dituzten 88 emakumeak oroitu ditu, eta esan du “morez markatutako egunetara mugatu behar ez den” itzartze kolektibo batek ekarriko duela patriarkatuaren amaiera

Gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura soziala egin da, erakundeen eta justiziaren ikuspuntutik ebaluatzeko apirilaren 10eko 14/2015 Legea, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa. Bilkura horrek amaiera eman die Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko IV. Jardunaldiei. Eztabaida kritikoa egiteko aukera izan da, eta Parlamentuko lehendakariak berak ere parte hartu du. Haren iritziz, “itzartze sozial kolektibo eta jarraitu batek ekarriko du patriarkatuaren amaiera, eta ez da mugatu behar morez markatutako egunetara”.

 

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Nafarroako Plataformak dinamizatu duen bilkura horren azkenean ondorioen dokumentua onetsi da. Bertan, “prebentzioa eta baliabide sareen azterketa, baita aurrekontu mailan ere”, aintzat hartuz egindako gogoetatik abiaturik, indarrean dagoen foru araudia “aldatzeko, hobetzeko edo sakontzeko” zenbait proposamen jaso dira.

 

Eztabaidari ekin aurretik, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarza mintzatu da. Bere hitzaldian agerian jarri du nola “indarkeria matxistaren zifra izugarriek, Foru Komunitateko errealitatetik harago, gizarte gisa erretratatzen gaituzten. Nafarroan 18 izan badira azken 20 urteetan eraildako emakumeak, Europan, non oraindik ere bai baitira errealitate horri berariazko arretarik jartzen ez dioten herrialdeak, eraildako 491 emakume zenbatu ziren 2015ean, urte berean Parisen egindako atentatuetako biktimak halako hiru”.

 

Lehendakariaren esanetan, zenbaki horiek “babesteko eta legeak egiteko ardura esleitu diegun botereak” itxuraz ez hunkitzeak ez dio erantzukizunik kentzen gizarte osoari. “Gutako bakoitza eta zuetako bakoitza gaitz hori errotik erauzteko ahaleginaren aurrerakaden eta atzerakaden arduradunak gara, hortik egungo lege-esparruaren ekarpena neurtzeko beharra”.

 

Hala, 2018koak indarkeria matxistaren aurka antolatzen diren azken jardunaldiak izatea nahiko lukeela adierazi ondoren, “nahiz eta errealista izanda ez dudan uste halakorik gertatuko denik”, Ainhoa Aznarezek “aurten Estatu osoan eraildako 88 emakumeak” oroitu ditu. Zenbaki ofizialetan sartu ez eta ondorioz existitzen ez diren horiek ere ez ditut ahantzi, ezta suntsitutako 8 neskatxak eta bi mutikoak ere, hamar adingabe, maila estatistikoan hiru baizik jasorik ez badaude ere”.

 

Azkenik, lehendakariak deia egin du salaketari eusteko “gu eta gure seme-alabak erailtzen jarraitzen duten bitartean”, eta goraipatu egin ditu “dena kontra zutelarik legeen eta ohituren sistemari aurre egin eta emakumeen sufragio-eskubidea aitortzea lortu zuten emakumeen borroka eta jarrera. Duela 100 urte gertatu zen hori. Mila esker guztiei etortzeagatik eta borroka honetan parte hartzeagatik”.

 

Ondoren, María Jesús Cala Carrillo Sevillako Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko Saileko irakasle titularrak eztabaidaren testuingurua azaldu du, egungo erantzun instituzional eta judizialaren kritika eginez. Horren harira, “eragile juridikoen irizpenaren arabera, tratu txarrak jasandako emakumeek bigarren mailako biktimizazioaren arriskua dutela” ohartarazi du. “Sistema judizialaren erantzunak lagundu egin dezake suspertze psikologikoan, edo alderantziz, nahasmendua okerragotu dezake. Justiziak uste du modu objektiboan jardun eta erabaki dezakeela, baina zientziak aspaldi komatxo artean jarri zuen objektibotasuna”.

 

Calak auzitan jarri du emakumeei hain erraz adore ematea tratu txarrak sala ditzaten, eta azpimarratu du, ildo horretatik, zenbaitetan ez garela jabetzen “horrek nolako zailtasunak dituen, neurri handian bikotekideen arteko harremanak iraunarazi edo zaintzeari jartzen zaiolako arreta, izan ere funtsezko bizi euskarria baitira emakume askorentzat”.

 

Esandakoan sakonduz, Cala irakasleak herentzia kulturala aipatu du. “Emakumeei harremanetan oinarritutako kontakizunak eraikitzen irakasten zaie, eta gizonei, berriz, norbera protagonista den kontakizunak eraikitzen. Batzuek eta besteek nortasuna taxutzen dute azkenean, eta horrela ulertzen da partez, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen % 65ek egoera hori hasieratik ez salatzea; jada beste irtenbiderik ez dutenean egin ohi dute”.

 

Ondoren, Diana Bruño Artazcoz Steilas sindikatuko kidea eta Edurne Elizondo Mitxelena kazetaria Emakumeen aurkako indarkerien prebentzioaz mintzatu dira, eta eskertu egin dute “beren istorioa jendaurrean azalduz hura gainerakoen zerbitzuan jartzen duten emakume horien eskuzabaltasuna, bizipen bakoitzaren atzean xehetasun mordoa dagoelako eta arazoaren konplexutasuna ulertzen laguntzen diguten egoerak daudelako. Ikuspuntu horretatik, kazetariok feminismotik lan egin behar genukeela uste dut. Funtsezkoa da” .

 

Olga Aroz Sabanza, adingabeen eta emakumeen babesaren arloan esperientzia duen gizarte langilea, eta Izaskun Esparza Artazcoz, genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako harrera-baliabideetako langilea, Indarkeria sexistei aurre egiteko baliabideen sareaz aritu dira.

 

Azkenik, ekonomia feministan eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko aurrekontuetan aditua den Elena Sauca de la Campak Indarkeria sexistei erantzuteko legeria garatzeko aurrekontua izan du mintzagai.

 

Eztabaida egin da, bildutakoek hitz egiteko txandak ezarrita, eta gero Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Nafarroako Plataformako bi errelatorek proposamen eta ondorioen dokumentua irakurri dute, bilkura amaitutzat eman aurretik.

 

Osoko bilkuran izan dira, besteak beste, Mertxe Leranoz Goñi Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NBI) zuzendari kudeatzailea eta Virginia Alemán, Koldo Martínez (Geroa Bai), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) eta Nuria Medina (PSN) parlamentariak.