Gobernuak bulego tekniko iraunkor bat eratzea proposatzen du, arrazoi sozialengatik erreserbaturiko kontratazioa koordinatu eta bultzatzekoa.
PPN talde parlamentarioaren interpelazio bati erantzunez. Hark eskertu egin dio gizarteratze-enpresek eta enplegu-zentro bereziek aurrera eramandako langintza
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu andreak ostegun honetan Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuran iragarri du Nafarroako Gobernuak "konpromiso tinkoa dauka[la] arrazoi sozialengatik erreserbaturiko kontratuen hobekuntzarekin", eta horregatik iragarri du ezen 2025ean zehar abiatzekoa dela "plan operatibo bat, errepide-mapa bat, arrazoi sozialengatik erreserbaturiko kontratazioa bultzatu, planifikatu eta koordinatzekoa".
"Jabetuta gaude datu horiek hobetu beharra dagoela, ez baikara % 6ko erreserbara iristen. Afera hau lorkizun bat da, eta administrazio publikook gehiago eta hobeto behar dugu gai honetan lan egin, konpromiso handiagoz, aipatu kopurura hurbiltzen joateko", ohartarazi du.
Alde horretatik, Maeztuk gogorarazi du ezen 2024an "hasi gine[la] jarduera-ildo berri bat jorratzen, gehienbat modua emanen diguna plangintza hobetzeko eta foru administrazioaren departamentu eta sozietate publiko desberdinek bai eta toki-administrazioak ere erreserba hori hobeto bete dezaten".
"Bulego tekniko bat sortu nahi dugu Ekonomia Sozialeko Zuzendaritza Nagusiaren barrenean, plangintzarako laguntza- eta koordinazio-tresna iraunkor bat izanen dena; horrekin batera, kontratazio publikoko jardunbide egokien berrikuntzari buruzko proba bat ezartzera goaz, zeinak, besteak beste, modua emanen baitu departamentu batzuen artean zerbitzu amankomun, transbertsal eta planifikatuak kontratu erreserbatu baten bidez kontratatzeko akordioak lantzeko", azaldu du.
Horrela erantzun dio PPN talde parlamentarioaren interpelazio bati, zeinetako parlamentariak, Maribel García Malo andreak, oroitarazi baitu Kontuen Ganberari bere alderdiak eskaturiko txostena, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluaren betetze-maila fiskalizatzekoa, non agintzen baita kontratuen % 6k erreserbatua behar duela izan.
Alderdi Popularraren ordezkariak ohartarazi du "enplegu-zentro bereziak eta gizarteratze-enpresak estrategikoak dir[el]a pertsonarik behartsuenen laneratzerako, baina oso neketsua zaie[la] gizarte-zereginaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arteko orekari eustea".
"Interpelazio hau PPNtik bultzatzen dugun ekintza bat gehiago da, baina segitzera goaz kontratu-erreserbaren ikuskapena egiten, beste pauso batzuk ematearekin batera; horietakoren batek hurrengo Gizarteratze Planarekin zerikusia du, plan horretan konpromiso hagitz zehatzak hartu beharra baitago", nabarmendu du García Malok.
Foru parlamentari horren aburuz, "funtsezkoa da Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek konpromisoa izan dezaten modu koordinatuan lan egiteko; baina orobat da beharrezkoa erantzukizun hori gure lurraldea osatzen duten toki-entitateenganaino hedatzea".
Taldeen txandan, Marta Álvarez andreak (UPN talde parlamentarioa) salatu du legea "ez d[el]a inoiz bete, eta bete gabe dirau[ela], nahiz eta, izatez, ia ezinezkoa den % 6 erreserbatzea". "Proposatzen dugu araudia alda dadila edo kontratu bat ezin fiskalizatzeko jarraibideak ezar daitezela, erreserba-portzentajea bete ez denerako", jakinarazi du.
Ainhoa Unzu andreak (PSN talde parlamentarioa) ohartarazi du "hemen kontua ez da besterik gabe ea Nafarroako Gobernuak bere egitekoa betetzen duen ala ez, baizik eta foru administrazioen multzo osoak behar duela inklusioa erraztu". "Ia-ia administrazio guztiek kale egin dute; hau ez da alderdi politiko edo kolore zehatz batzuen lepoko afera bat", esan du.
Bere txandan, Javier Arza jaunak (EH Bildu talde parlamentarioa) baieztatu du gizarteratze-enpresak eta enplegu-zentro bereziak "ideia bapoa dir[el]a, enpresa horiek gure gizarteari ekartzen dizkioten onura sozial eta ekonomikoak gogoan izanda". "Kontratu-erreserbaren betetzeari buruzko datuak ez dira onak, eta izan, ez dira inoiz ere onak izan", halaber kexatu denez.
Geroa Bai talde parlamentariokoIsabel Aranburu andrearen iritziz, “besterik gabe etsitzeak edo arau horren etengabeko urraketa bere horretantxe onartzeak ez du balio. Hurrengo enplegu-planean jasotako neurriak jarraitu eta indartu beharra dago: urteko kontratuak eginez eta gizarte-klausulen nahiz kolektibo behartsuentzako enplegu-erreserbaren inpaktua ebaluatuz".
Miguel Garrido jaunak (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) aldarrikatu du lana "ez d[el]a ogibide hutsa, baizik eta, duintasun-baldintzetan, bizitzaren garapenean eta pertsonen garapenean ezinbestekoa ere bad[el]a"; eta, alde horretatik, nabarmendu du "enplegu-zentro bereziak eta gizarteratze-enpresak hori lortzeko oinarrizko tresna dir[el]a".
Azkenik, Vox foru parlamentarien elkarteko Maite Nosti andreak kontratu-erreserbari "hautazko ez, baizik eta legearen aginduzko zeregin" iritzi izan dio, "justizia sozialeko gai bat", eta adierazi du "zeregin honetan kontseilariari gure babes eta elkarlan guztia eskaintzen diogu[la]".