Ez da aintzat hartu Nafarroako Foru Komunitateko bitartekaritzari buruzko Foru Lege proposamena
Gatazkak adiskidetasunez konpontzean oinarritutako kultura sustatzea proposatzen zuen Navarra Sumak, auzi izaerako prozesu judizialetara jotzea saihesteko
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko bitartekaritzari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea baztertu du.
Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako legearen helburua zen “Nafarroako Foru Komunitateko bitartekaritza haren eskumenen esparruan arautzea, aitortzea erakunde honen eta bitartekaritza Nafarroan sustatzeko lan egin duten profesional eta erakundeen zeregina eta hainbat ekimen eta prozedura ezartzea, kalitatezko bitartekaritza prozesuak bermatzekoak, gatazkak adiskidetasunez konpontzean oinarritutako kultura sustatuz”.
“Auzi izaerako prozesu judizialak hasi beharra saihestea edo jadanik hasita daudenak bukatzea edo uzkurtzea” bitartekaritzaren helburu izanik, herritarrek gatazka-konponketarako aukera alternatiboak eskueran izan ditzaten bermatu eta ahalbidetzea bilatzen zuen legeak, eta horretarako, “aldeen adostasuna” eskatzen zen, eta askatasun osoa izanen zuten edozein unetan prozedura horretan atzera egiteko ere.
Bitartekaritza bideratu ahal den sektore-aniztasun hori babestu eta aldezteko, berritik ezarritako organo eta tresnak Lehendakaritza gaietan eskudun den departamentuaren mende jartzea proposatzen zen, Lehendakaritza baita araudi horren bidez ezarri nahi den “ikuspegi transbertsalaren kudeatzaile eta bermatzaile”. Hala ere, Lehendakaritza gaietan eskumena duen departamentua koordinaturik arituko zen honako gaietan eskumenak dituzten Gobernuko atalekin: laguntza-zerbitzuak, gizarte-eskubideak eta komunitate-garapena, barne direla gazteei, adinekoei, genero-berdintasunari eta adingabeen babesari eta tutoretzari buruzko politikak.
Proposamenaren arabera, Toki Administrazioek beren kabuz edo Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan jarri ahal izanen zituzten abian bitartekaritza-zerbitzuak eta -programak, eta Nafarroako Bitartekaritza Kontseiluko kide ere izanen ziren. Kontseilua azterlanerako, koordinaziorako eta aholkularitzarako organoa izanen zen, eta haren osaera erregelamenduz zehaztuko zen. Kontseilukide izanen ziren administrazio publikoetako, elkargoetako, profesionalen elkarteetako, unibertsitateetako, erakundeetako eta gizarte-entitateetako ordezkariak.
Bestalde, foru lege proposamenak zehazten zuen ez zela beharrezkoa izanen gutxienez aldeetako batek helbidea Nafarroan izatea, Nafarroako epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren pean dauden gatazken kasuan.
Bitartekaritza prozedura “konfidentziala” da eta sortutako kostuak gatazkan dauden aldeek zati berdinetan ordainduko zituzten. Bitartekaritzan aritzeko, ordea, unibertsitate-titulu bat edo titulu ofizial bat eskatuko zen, prestakuntza eta gaitasun espezifikoak egiaztatzea, elkargokide izatea, elkarte profesional bateko kide izatea edo Administraziorako zerbitzuak ematea.
Bitartekaritza prozeduraren iraupena “ahalik eta laburrena” izanen zen proposamenaren arabera, ezin izanen zen hiru hilabetetik gorakoa izan, hasierako eratze saioa egiten denetik zenbatzen hasita. Luzapen bakarra adosten ahalko zen, ezinbesteko gutxieneko iraupena izanen duena eta, betiere, gehienez ere bi hilabetekoa, akordioetara iristeko aukera ikusten den egoeretan.
Lege proposamen honetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzeagatiko arau-hausteak izaera administratiboko zehapen-araubide baten arabera kudeatuko ziren, eta arlo horretan eskumenak dituen Zuzendaritza Nagusiak bideratuko zituen.
Azkenik, foru lege proposamen honek indarra hartuko balu abian dauden bitartekaritzako zerbitzu edota programa publiko eta sozialek ordura arte bete izan dituzten zereginak betetzen jarraitu ahalko zuten, lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean gehienez ere. Epe hori bukatzean, aldiz, lege honek jasotakora egokitu beharra izanen zuten.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (104. NPAO, 2021-09-17koa)