Estatuko gobernua premiatzen da Egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa indargabetu dezan
Toki entitateek Europar Funtsetan izanen duten parte-hartzea bere gastu publikoarekin proportzionala izan dadin Nafarroako eta Estatuko gobernuak premiatzea baztertu egin da
Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “indargabetu dezan apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzkoa, zehazki gastu-arauari dagokiona”.
Onetsitako ebazpena I-Ek aurkeztu duen eta Podemos-Ahal Duguk onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da. Bigarren atal bat zuen zuzenketak, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin baztertu egin dena, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “berehala gara dezan Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bigarren artikulua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa)”.
Podemos-Ahal Duguk defendatu duen mozioaren testu originala baztertu egin da Navarra Sumaren aurkako botoarekin eta PSNren abstentzioarekin. Nafarroako eta Estatuko gobernuak premiatzen ziren “toki entitateek Europar Batasunaren Suspertze Funtsean izanen duten parte-hartzea izan dadin toki administrazioak gastu publikoan duen parte-hartzearen proportzionala, Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioarekin iritsitako konpromisoan oinarriturik”.
Era berean, bigarren atalean, Estatuko Gobernua premiatzen zuen “zehaztu dezan nola banatuko diren toki entitateen artean Suspertze eta Erresilientziaren Mekanismoko funtsak, Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera ezarriko dituen lehentasunei arlo hauetan jarraikiz: gizarte-politika, enplegu-sustapena, kultura eta kirola, ingurumena eta komunitate-ongizatea, hirigintza eta etxebizitza, herritarren mugikortasuna eta segurtasuna, osasungintza eta hezkuntza, eta toki-eragineko beste jarduketa batzuk”.
EH Bilduk aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa ere ez da aurrera atera, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “lehenbailehen abian jar dezan zerbitzu egonkor, asmo handiko eta eraginkor bat, toki entitateei aholkularitza emateko Europako funtsen eta programen gaietan eta laguntza emateko haietara proiektuak aurkezteko eta kudeatzeko”.
Gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “irizpide argiak helaraz diezazkien Nafarroako toki entitateei, horiek NEXT GENERATION funtsetan ezarritako parametroetan sartzeko moduko proiektuak garatzeko, eta funts horiek eskuratu ahal dituzten proiektuen tipologiari buruzko dokumentu argitzailea presta dezan.
Horrez gain, Gobernua premiatzen zen “leihatila bakar bat gaitu dezan Nafarroako toki entitateek beren proiektuak aurkeztu ahal izateko”. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketetako atal bat bera ere ez da onetsi.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2020ko abuztuaren 4an Espainiako Gobernuak eta Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioak mugikortasun jasangarria, hiri agenda eta kultura zaindu eta aldezteko politikak garatze aldera sinatutako akordioa aipatzen du, zeinaren hamahirugarren apartatuak dioenez, “aztertuko da nola bermatu toki entitateek parte hartu ahal izatea jasotzen diren funtsen onuradun bezala”.
Aipatzen da toki administrazioa eta haren administrazio-egitura direla “lurralde eta gizarte osoari hurbiltasunik eta efizientziarik handieneko baldintzetan” zenbait zerbitzu ematea ahalbidetzen dutenak, eta hori dela eta, “ezinbestekotzat” jotzen da sektoreari bitarteko berriak esleitzea, harentzako baliabide gehigarriak bideratuz, bere ahalmen operatibo eta exekutibo guztia balia dezaten honako aspektuetan: ekipamendu publikoak osasun-segurtasunaren premiei egokitzea, gune publikoen eraberritzea, eraikin eta instalazio publikoen energia-efizientzia hobetzea eta gizarte, kultur eta kirol ekipamenduak sortzea, besteak beste.
Horregatik, toki entitateek Europar Batasunaren Suspertze Funtsean izanen duten parte-hartzea toki administrazioak gastu publikoan duen parte-hartzearen proportzionala izan dadin eskatzen da, “toki entitateek Foru Komunitatearen suspertzean lagun dezaten”.
Ildo horretan, oroitarazten da Aurrekontu Egonkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak “toki entitateen ahalmen ekonomiko eta finantzarioa uzkurtu besterik ez duela egin”.
-
Mozioa (12. NPAO. 2021-02-02koa)