Nafarroako Parlamentuak familiak animatzen ditu beren seme-alabak hezkuntza-sare publi-koan matrikulatu ditzaten
Talde parlamentario gehienen aburuz, titulartasun eta kudeaketa publikoko hezkuntzak lehentasun behar du izan, inolako diskriminaziorik gabeko ekitate eta gizarte-kohesioaren berme-emaile baita
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaurkoan,alde bozkaturik PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek, EH Bildu abstentzioarekin eta aurka bozkaturik UPN, PPN eta Vox-ek. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak familiak animatzen ditu beren seme-alabak hezkuntza-sare publikoan matrikulatu ditzaten, sare horretako edozein hizkuntza-eredutan matrikulatu ere, 2025-2026 ikasturterako aurreinskripzioa eta matrikula egiteko heldu den prozesuan.
UPNk aldaketa egiteko zuzenketa bat aurkeztu du, zeina ez baitu onartu ekimenaren egile den Contigo-Zurekin-ek. Zuzenketa horrek familiak animatzen zituen Nafarroako Gobernuari exiji ziezaioten halako hezkuntza-eskaintza bat egin dezan zeinak, ahal den heinean, bermatuko baitu beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza hautatzeko daukaten eskubide konstituzionala.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak bideraturiko ebazpenak oroitarazten du ezen, nafar herriaren ordezkaritza-erakunde gisa, Parlamentua behartuta dagoela eskola publikoaren defentsa eta hobekuntza bere lehentasunen artean kokatzera.
Alde horretatik, azpimarratzen da ezen hezkuntza publikoaren ideia-sortaren defentsa egitea gaurko eta etorkizuneko gizarte justu eta askeago baten defentsa egitea dela.
Proposamena egin duen taldearen aburuz, titulartasun eta kudeaketa publikoko hezkuntza da ekitatea eta gizarte-kohesioa bermatzen dituena, eta izan behar da, horrela bermatzen baita hezkuntzarako eskubide unibertsala baliatua izatea berdintasun-baldintzetan eta inolako diskriminaziorik gabe.
"Zenbait ikastetxe pribaturekiko itun ekonomikoaren bitartezko sistema mistoa ekitate-problemen iturri suertatzen ari da", eta horien aurrean, "administrazio publikoak horiek ekiditeko neurriak hartzen segitu behar du", ondorioztatzen du Zurekin-ek bere ekimenean.
Bileraren lehendakari gisa Carlos Mena aritu da (PSN t.p.), eta bertaratu dira Pedro González, Yolanda Ibáñez, Isabel Olave, Mario Fabo (UPN t.p.), Inma Jurío, Olga Chueca (PSN t.p.), Eneka Maíz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu t.p.), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai t.p.), Maribel García Malo (PPN t.p.), Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa t.p.) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa-Vox).
- https://nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioaren argitalpena (27. NPAO, 2025-03-07koa)
Archivos adjuntos