Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Abenduak 18

Nafarroako Kontuen Ganberaren Foru Legearen onespenaren berrogeigarren urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi du Kontuen Ganbera Nafarroako Parlamentuaren organo tekniko bat dela gaur egun, XXI. mendeko Nafarroan, baina erabateko independentzia funtzionala duena, eta gogorarazi du demokrazia iritsi zenean Nafarroa izan zela Estatuko lehenbiziko erkidegoa bere buruari kanpo fiskalizazioko organo bat ipini ziona. Erakunde historiko bat berreskuratu zuen Nafarroako sektore publikoaren kontuak eta kudeaketa ekonomikoa fiskalizatzeko eta Parlamentuari gai ekonomiko-finantzarioetan aholkuak emateko helburu argiarekin.

 

Hualdek adierazi duenez, “orain dela lau urte ospatzen genuen Kontuen Ganbera 1980ko urtarrilaren 28an berrezartzea, eta une hartan adierazi nuen erabaki aitzindari eta ausarta izan zela Estatu demokratikoaren erakunde sare berrian. Eta aldi berean, erabaki hori erabat uztartzen zen gure autogobernuaren babesean, non historian errotutako erakunde horren bidez bermatzen baitzen foru erakunde eta tokiko erakunde berriek funts publikoak kontrolatzea, diktaduraren ondorengo egoera politiko ezegonkorrean”.

 

Horrekin lotuta, Parlamentuko lehendakariarentzat “40 urte hauetan politika, kudeaketa publikoa asko aldatu da. Nafarroako gizartea ere bai. Berehalakotasuna, oraina, indibidualismoa, sare sozialen agintea, gaininformazioa, politika antzerki bihurtzea, fake newsak gailentzen ari diren garai honetan, ekitaldi hau baliatu nahi dut politika onaz eta publikoa denaren administrazio egokiaz hitz egiteko”.

 

Unai Hualdek esan duenez, “berrogei urte hauetan izan ditugu kolore politiko ezberdinetako gobernu eta gehiengoak, Kontuen Ganberako lehendakariak, gehiengo ezberdinek hautatuak eta proposatuak, baina guztiek lagundu dute organo fiskalizatzaileak egun duen ospea eta independentzia lortzeko. Kontuen Ganberak osatu duzuen eta egun osatzen duzuen guztiak elementu garrantzitsu bat zarete Nafarroako erakunde demokratikoen funtzionamendu onerako bermea ematerakoan lagungarria izan dena”.

 

Kontuen Ganberako lehendakari Ignacio Cabezasek ohartarazi du Legeak pertsona bakarreko erakunde bat, egitura arinekoa, definitzen duela, haren izaera teknikoa nabarmentzen duela eta pisu handia ematen diela bertako auditore eta legelariei. Tradizio demokratiko handiagoko europar herrialdeetatik hartutako eredua da, garai hartan ez baitzegoen erreferente baliagarririk gure inguruan; izan ere, kontu-auzitegirik ez zegoen erkidegoetan eta Estatukoa oraindik erregimen demokratikora egokitu gabeko lege batek arautzen zuen.

 

Cabezasek nabarmendu duenez, “Kontuen Ganbera aitzindaria izan zen obra publiko, hirigintza, osasungintza eta gizarte-prestazioen fiskalizazioaren arloan. Halaber, aitzindari izan zen auditoretzako enpresa pribatuekiko lankidetza bilatzerakoan, udalen fiskalizazioetako landa-lana esleitzen baitzien; hala, hobeto aurre egin ahal diogu ahal diogu Nafarroako tokiko sektore zabal eta heterogeneoaren kontrolari”.

 

Era berean, Kontuen Ganberako lehendakariak adierazi du gakoa dela “Kontuen Ganbera gizarteari irekitzea: garrantzitsua da gure etxeko atea irekita izatea, bai hitzez hitz, bai metaforikoki. Jarrera horrek dakar gure lanaren emaitza herritarrei helaraztea eta gizartearen kezka eta ezinegonei adi egotea, horiek gure fiskalizazio-programetan islatu behar baitute”.

 

Ganberaren lanari dagokionez, Ignacio Cabezasek ohartarazi du “Next Generation funtsek ere erronka handia dakartela kudeaketa eta kontrolari dagokienez, kudeaketa publikoaren esparru guztietara zabalduko den paradigma aldaketa ekarri baitute. Kontrolak kudeaketa publikotan beti eskatu beharreko legezkotasun-azterketa soila gainditu behar du eta helburuak eta zedarriak bete ote diren egiaztatu. Finean, eraginkortasuna eta efizientzia aintzat hartzen dituen kontrolaz ari gara, herritarrek bi gako horiek eskatzen baitizkiete funts publikoen kudeatzaileei, arrazoiz eskatu gainera”.

 

Azkenik, Kontuen Ganberako lehendakariak Plan Estrategikoak jasotzen dituen zazpi balio eta printzipio etikoak aipatu ditu, horiek baitira erakundeko langile guztien erreferentzia edo gida beren eginkizunak betetzerakoan:  independentzia, zuzentasuna, objektibotasuna, gardentasuna, profesionaltasuna, zerbitzu publikoa eta talde-lana.