Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Abenduak 11

Parlamentuak bat egin du CERMIN-Nafarroa elkarteak antolatutako Desgaitasunaren Nazioarteko Egunarekin

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek CERMIN-Nafarroa elkarteak antolatutako Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian. Ekitaldian, honako hau gogorarazi du Hualdek: “duela egun batzuk bi urte bete dira Nafarroako Parlamentuak Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea onetsi zuenetik. Nafarroako Gobernuak sustatutako araua da, Parlamentuan landutakoa, CERMINekin batera".

 

Lehendakariak arauaren lehenengo artikulua irakurri du: “Foru lege honen xedea da, batetik, Nafarroan desgaitasuna dutenen eskubideak bermatzea eta jarduketa batzuk ezartzea haiei arreta emateko, eta, bestetik, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak finkatzea, beharrezkoak baitira desgaitasunen bat dutenen eta haien familien aukera-berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa, parte-hartzea eta bizimodu independentea bermatzeko”.

 

Ildo horretan, Hualdek adierazi du Parlamentuak “lanean jarraitu nahi” duela. “Erronka handiak ditugu aurrean. Gure osasun-sistema, etxebizitza eskuratzeko aukerak, gure lehen sektorea eta gure industria hobetu behar ditugu. Gizarte guztiarentzat, baina begirada berezia jarrita gure gizarteko sektore zaurgarrienetan”.

 

Lehendakariak adierazi du erakundeek entzuten dietela gure komunitateko elkarteei, eta honako hau gehitu du: “duela zenbait egun, CERMIN NAFARROAren komunikatu batean, beste gai batzuen artean, aldarrikatzen zen etxebizitza duinak eta egokiak behar direla desgaitasuna duten pertsonentzat. Hori funtsezko eta ageriko kontua da desgaitasuna duten pertsonen independentzia sustatzeko”.