Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Abenduak 2

Nafarroako Parlamentuko askotariko talde parlamentarioa Lisboan da, Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentzian

Nafarroako ordezkariek adierazi dute prest daudela “lan egiten jarraitzeko askatasunaren, bakearen eta independentziaren alde Sahara Mendebaldean giza eskubideenganako errespetutik abiatuta”

Parlamentuko askotariko taldeak –Paz y Libertad en el Sahara– parte hartu du Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentziaren 48. edizioan (EUCOCO). Lisboan izan berri da eta bost kontinenteetako 200 ordezkari baino gehiagok deskolonizazio prozesuaren egoera aztertu dute. 


¡Fin de la ocupación, referéndum por la independencia! izan da aurtengo edizioaren leloa eta, horrekin bat etorriz, beste alderdi batzuen artean, erabaki da nazioarteko mugikortasuneko programa handi bat ezartzen saiatuko direla autodeterminazioko erreferendum bat egiteko berehala. Azken helburua da saharar herriari aukera ematea independentziarako duten eskubidea egikaritzeko, bat etorriz Nazio Batuen erabaki guztiekin eta, bereziki, 1514 (XV) eta 34/37 ebazpenekin.


Azken komunikatuak okupazioari amaiera emateko beharra azpimarratzen du, eta, beharrezkoa denez, NBEk nahitaez heldu behar dio horri, eta erabateko lehentasuna eman; bestela, sinesgarritasun guztia galduko du.. Ildo horretatik, jasota utzi da saharar herriaren eskubideen defentsa Nazio Batuen Gutunaren defentsaren baliokidea dela, eta horrek berekin dakar giza eskubideen urraketa ugariei amaiera ematea.


Zehazki, Espainiako, Frantziako eta Estatu Batuetako gobernuei dei egiten zaie Marokok Mendebaldeko Sahararen lurraldeak anexionatzeko egiten duen ahalegina babesteari utz diezaioten, eta, ondorioz, beren balioak eta printzipioak legezkotasunaren eta nazioarteko zuzenbidearen berezko balioekin bat etor daitezen.


2025ean konferentzia Frantzian izanen da, eta Mendebaldeko Sahararen Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa (Minurso, 1991) giza eskubideen esparrura zabaltzea ere planteatu du.


Parlamentuko ordezkari gisa joan dira askotariko taldearen koordinatzaile Carlos Guzmán, Ángel Ansa, Irati Jiménez, Isabel Aranburu eta Irene Royo, eta aukera izan dute Saharako ordezkariekin hitz egiteko, honako hauekin, zehazki: lehen ministro eta Polisarioko Idazkaritza Nazionaleko kide Bucharaya Hamudi Bayun izan dute buru, eta harekin izan dira Fronte Polisarioko Espainiako ordezkari Abdulah Arabieta Sahararen Nafarroako ordezkari Hamdi Mansur.


Topaketa horretan, askotariko taldeak adierazi du Nafarroako Parlamentua prest dagoela “askatasunaren, bakearen eta independentziaren alde laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan giza eskubideak erabat errespetatzearen aldeko jarrerari eutsiz”.


EUCOCO, 1978az geroztik antolatu dena, gaur egun saharar herriarekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren hitzordu nagusia da. Ordezkaritza parlamentario eta diplomatikoekin batera, sindikatuak, GKEak, legelariak, kulturaren arloko pertsona ospetsuak eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoarekiko adiskidetasun elkarteetako kideak biltzen ditu. Bost kontinenteetako 80 herrialdek baino gehiagok aitortu dute saharar errepublika.