Unai Hualde Magale-Nafarroako Harrera Familien Elkartearen ordezkariekin elkartu da
Nafarroako Parlamentuak Haurren Eskubideei buruzko Itunaren XXXV. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du, Unicefekin batera, asteazken honetarako
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Magale-Nafarroako Harrera Familien Elkartearen lehendakari Helena Escaladari eta harekin batera etorri den María Jesús Sádabari (elkartearen afera juridikoetarako kidea).
Helena Escaladak azaldu duenez, Magalek adingabeen familia-harreraren arloan egiten duen lanaren berri eman diote lehendakariari; bidenabar, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna bihar denez gero, adingabeek familian hazteko eskubidea dutela erreibindikatzeko baliatu dute bilera.
"Astearte honetan ospatzen da Haurren Eskubideei buruzko Itunaren XXXV. urteurrena, eta hori dela-eta uste dugu beharrezkoa dela gogora ekartzea gure adingabeen parte handi bat Administrazio Publikoaren tutoretzapean bizi dela; erdia, familia-harrerako araubidean, eta beste erdia, berriz, egoitza-harrerakoan. Bi familia dauzkaten neska-mutikoak hezten ditugu: biologikoa –asko zaintzen dugu harekiko lotura– eta harrerakoa. Izan ere, haurrek familian hazteko eskubidea dutela erreibindikatzen dugu".
"Badira haurrak familian bizi ezin direnak, egoitza-harrerako zentroetan daudelako", adierazi du Escaladak. Hori dela-eta, Pijamaren Eguna antolatu dute biharko. 26 ikastetxek bat egin dute ekimenarekin, eta ikastetxe horietako ikasleak pijamaz jantzita joango dira eskolara. "Asmoa da balioan jartzea zein garrantzitsua den etxeko berotasuna".
Unai Hualdek, berriz, berretsi egin du Nafarroako Parlamentua konprometituta dagoela Haurren Eskubideei buruzko 1959ko Adierazpen Unibertsalaren eta Haurren Eskubideei buruzko 1989ko Itunaren postulatuekin, eta Magalek helarazi dizkion proposamenak talde parlamentarioei helaraziko dizkiela agindu du, familia-harreraren alde lan egiten jarraitzeko.
Lehendakariak orobat iragarri du Nafarroako Parlamentuak asteazken honetan kolore urdinez argiztatuko duela Legebiltzarraren fatxada, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta.
"Eta Unicefekin batera, Nafarroako Parlamentuak Haurren Eskubideei buruzko Itunaren XXXV. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat eginen du. Ekitaldia Osoko Bilkuren Aretoan eginen da, 12:15ean, eta bertan izanen dira Mendabiako San Francisco Javier ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak eta Iruñeko San Ignacio ikastetxeko Batxilergoko ikasleak.
Nafarroako Harrera Familien Elkarteak 20 urte daramatza babesgabetasun egoeran dauden adingabeen familia-harrera sustatzen, horien eskubideak defendatzen eta etorkizunean ekimenarekin bat egin dezaketen familiei informatzen.