Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Nafarroako Bakea eta Elkartasuna Fundazioaren ordezkaritza batekin
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, harrera egin die gaur Legebiltzarraren egoitzan Nafarroako Bakea eta Elkartasuna Fundazioaren zuzendari Argia Aldayari eta Garapenerako Hezkuntzako teknikari Ane Bañascori; horiekin batera bertaratu dira Marcia González eta “Bartolina Sisa” Boliviako jatorrizko emakume indigena nekazarien konfederazio nazionaleko beste zenbait ordezkari.
Aldayak eta Marcia Gonzálezek azaldu dutenaren arabera, topaketan, jatorrizko emakume indigena nekazarien ahalduntzera eta despatriarkalizatzera bideratutako politiken nondik norakoak azaldu dira nagusiki; politika horien bidez, haien eskubide indibidualak, komunitarioak, ekonomikoak eta sozialak sustatu dira, eta jasangarritasuna eta “bizimodu ona” landu dira –gizakien eta naturaren arteko armonia ardatz duen mundu-ikuskera da azken hori–. Estrategia kolektibo hori posible izan da, neurri batean, Nafarroako Parlamentuak emandako Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizaziorako Proiektuetarako funtsei esker.
Boliviako ordezkaritza honako hauek osatu dute: Marcia González, proiektu-koordinatzailea, María Mamani, San Pedro udalerriko jatorrizko emakume indigena nekazari ekoizleen zentraleko idazkari nagusia, eta Mary Torrez, Obispo Santistevan udalerriko jatorrizko emakume nekazarien zentraleko idazkari exekutiboa; horiek guztiek oso paper garrantzitsua jokatzen dute emakumeen eskubideen defentsan.
Nafarroako Bakea eta Elkartasuna Fundazioa gobernuz kanpoko erakundea da; Comisiones Obreras sindikatuaren ekimen baten harira sortu zen, eta garapenerako lankidetzaren esparruan dihardu.