Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 31

Nafarroako Parlamentuak babesa agertu dio asteko lanaldia 37,5 ordura murrizteko proposamenari

Contigo-Zurekinen ekimenak azpimarratzen du patronalak ezetz esan diola kalitatezko enplegua sortzeko elkartasuneko eta justizia sozialeko mekanismotzat definitu den akordioa formalizatzeari

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Legebiltzarrak “babesa agertzen dion asteko lanaldia 37,5 ordura murrizteko Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak egin duen proposamenari”. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek alde bozkatu dute, UPN abstenitu da eta PPN eta Vox taldeek kontrako botoa eman dute.

 

Onetsi den erabakiaren bigarren puntuan, halaber, eskatzen zaie “gure herrialdeko eragile sozial guztiei konpromisoa har dezatela enplegua eta langile guztien laneko baldintzak hobetzea xedetzat duen ekoizpen eredu batekin, eta asteko lanaldia 37,5 ordura murrizteko hirutariko akordio batera berehala iritsi daitezela”.

 

Horrez gainera, hirugarren apartatuan Foru Legebiltzarrari eskatzen zaio “lanaldia murrizteko eta produktibitatea hobetzeko intentsitate handiagoz aurrera egin nahi duten enpresentzako laguntzak sustatu ditzala”, hau da, “Estatuaren esparru-akordioan” ezartzen denaz harago.

 

PPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, “langileen ordezkarien eta enpresaburuen arteko elkarrizketa soziala defendatzeko, lan baldintzak negoziatzeko tresna oinarrizkoa baita, eta horien artean dago lansaioa”. Ekimena sustatu duen Contigo-Zurekinek ez du onartu. Horrez gain, planteatu denez, “lanaren esparruan hartzen ahal diren neurri guztiek laneko produktibitatearen, enplegagarritasunaren eta lan baldintzen ikuspegiari erantzun behar diete”.

 

Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin taldeak sustatu duen erabakiak agerian uzten du “patronalak ezetz esan diola” lanaldia murrizteko akordioa formalizatzeari, nahiz eta “justizia sozialeko” alderdi bat izan, “trantsizio digitalak eta ekologikoak” bultzatuta izan den “produktibitatearen goraldiak” eragindako “enpresa onuren hazkundearen” ondoriozkoa.

 

Hori horrela, eta asteko 37,5 orduko lanaldia ezartzearekin jarri nahi den eredu berriari egozten ahal zaizkion irabazien harira, sustatzaileak langileentzako “osasun fisikorako eta mentalerako onurak” aipatu ditu, bai eta “genero berdintasuneko” aurrerapenak (kontziliazio erantzunkidea) eta ingurumenekoak (bidaia gutxiago, kutsadura gutxiago) ere, alde batera utzi gabe litekeena dela “kalitate gehiagoko enplegua sortuz gero absentismo tasak eta gaixotasunaren ondoriozko bajak murriztea”.