Osasuneko eta Eskubide Sozialetako Batzordeak bisitan joan dira ONCEren Nafarroako Lurralde Ordezkaritzara
Erakundeak Foru Komunitateko afiliatuei eskaintzen dien gizarte zerbitzuen zorroa eta askotariko prestazioetan aplikatzen duen metodologia ezagutzeko
Osasuneko eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak bisitan joan dira ONCEk Foru Komunitatean duen Lurralde Ordezkaritzara, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatuta.
Honako parlamentari hauek izan dira bisitan: Raquel Garbayo, Leticia San Martín (UPN), Olga Chueca, Maite Esporrín (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete ONCEren Nafarroako delegatu Valentín Fortúnek, erakundearen Lurralde Kontseiluaren presidente Pilar Herrerok, zuzendari tekniko elkartu Ramón Estévezek eta gizarte zerbitzuetako departamentuko buru Silvia Borregok.
Hitzaurrean adierazi denez, bisitak xedetzat izan du ONCE Talde sozialaren egitekoa hurbiletik ezagutzea, erakundeak Nafarroako afiliatuei eskaintzen dizkien gizarte zerbitzuen zorroaren garapenean eta ezagutzan arreta berezia jarrita. Zerbitzuok zer metodologiarekin ematen diren jakitea ere izan du helburu, bai eta erakundeak erakusten duen eredu bakarrean arreta jartzea ere. ONCEk, ONCE Fundazioak eta Ilunion enpresa sozialek osatzen dute erakundea.
Parlamentuko ordezkariak ONCEren Nafarroako egoitzako askotariko espazioetan zehar ibili dira eta itsuei nahiz desgaitasun bisuala dutenei ematen zaizkien askotariko zerbitzuetako espezialistek azalpenak eman dizkiete. Zerbitzuon artean daude prestakuntza, enplegua eskuratzeko laguntza, heziketa eta ikasketen maila guztietara egokitutako materialak egitea.
Halaber, Osasuneko eta Eskubide Sozialetako Batzordeetako kideek hurbiletik ikusi dituzte ONCEk askotariko alorretan ematen dituen prestazio ugariak, hala nola autonomia pertsonalari, kulturari, aisialdiari eta kirolari eta adinekoen laguntzari lotutakoak, baita beste esparru batzuetakoak ere, erakundean ohikoak baitira.
ONCE Talde Sozialak 1.574 laguni ematen die enplegua Nafarroan, 870 afiliaturi ematen die arreta, eta horietatik 42 gor-itsuak dira. Nafarroako Gobernuarekin batera 86 ikasleri ematen die arreta. 2023an zehar prestazio sozial horretako inbertsioa 589.164,02 eurokoa izan zen. Hori guztia gizartearekin arduratsuak diren loteriak saltzeari esker.