Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 17

Laneko arriskuen prebentzioa indartzeko eskatzen zuen mozioa ezetsi da

Babes nahikorik gabe, Voxek aurten hildako 15 pertsonak eta ezbehar-tasaren indizea aipatu ditu, Espainia osoko okerrena, eta arriskuak murrizteko neurriak eskatu ditu

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “behar adinako aurrekontu-zuzkidura duten programak ezar ditzan, istripu-tasa handieneko sektoreetako enpresa nafarrei zuzenduak, laneko arriskuen prebentzioa indartzeko”.

 

Ezetsitako mozioak bigarren atalean Exekutiboari eskatzen zion “sarrien gertatzen diren istripu eta jazoerei buruzko laneko arriskuen prebentzioko ikastaroak sustatu eta ezar ditzan etengabeko prestakuntzako programetan, bai eta birziklatzeko ikastaroak ere”.

 

Zioen azalpenean, Vox FPEak sustatutako mozioak uneko urteko datuetara jotzen du adierazteko “Espainia osoan laneko istripu-tasarik handiena duen erkidegoa” dela Nafarroa, “aurten hamabost hildakorekin”. Hori dela eta, arriskuak murrizteko eta ekiditeko neurriak abian jar daitezen eskatzen da, “haien jardueraren izaera dela-eta arriskua handiagoa den zentroetatik hasita”.

 

Argudiatzen denez, Nafarroak "6.360 lan-istripu pilatu ditu 2024ko lehen seihilekoan, aurreko ikasturteko denbora tarte berean baino 95 gehiago eta 2022an baino 344 gehiago". Gainera, “Nafarroan lan-istripuen intzidentzia-tasa 320,7 istripu bajadunekoa da ehun mila langileko, Estatuko batez bestekoa baino 103,5 puntu handiagoa”.

 

Gauzak horrela, proposamena egin duenak esan du, datu “suntsitzaileak” ikusita, “argi dagoela zerbaitek huts egiten duela eta zuzendu egin behar dela".