Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du Nafarroako ubidera
Bigarren fasearen inguruko zenbait konturen berri izateko, hala nola edukierari, hornikuntza baldintzei, ureztatze motari edo energia hidroelektrikoaren ekoizpenari buruzkoak
Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du gaur Nafarroako ubidera. Azpiegitura estrategikoa da hori, eta, bigarren fasearekin, zeina Erriberako premiei erantzuteko abiatu baita, 59.160 hektarea sail ureztatu bihurtzea du helburu, bai eta Nafarroako biztanleriaren % 60ri ura hornitzea (hiriak eta industria) eta Foru Komunitate osoko energia kontsumoaren % 6,5 ekoiztea ere.
Batzordekide hauek bertaratu dira: Miguel Bujanda, Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Javier Lecumberri, Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Mikel Zabaleta, Laura Aznal (Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).
Nafarroako ubidearen ustiapen zerbitzuetako buru Juan Rodríguez jaunak egin dio harrera Parlamentuko ordezkaritzari.
Bada, PSN talde parlamentarioak eskatuta egin dute bisita, helburu honekin: “Nafarroako ubidearen ibilbide-orria in situ ezagutzea, Itoizko urtegitik Pitillaseraino, bertan amaitzen baita lehenengo fasea eta bigarrena hasten, zenbait konturen berri izateko, hala nola edukierari, hornikuntza baldintzei, ureztatze motari edo energia hidroelektrikoaren ekoizpenari buruzkoak”.
Jarraian, parlamentariak Nafarroako ubidearen askotariko tarteetan ibili dira, Itoizko presatik hasi, non turbinen gelara sartzeko aukera izan baitute, eta Pitillaseraino, Iruña hornitzeko hargunea den Tebas zentraletik eta CANASA kontrolgunetik igarota (azken hori Artajonako urmaelean dago, eta urteko batez besteko edukiera 1.248 Hm3-koa du).
Juan Rodríguezek azaldu duenez, Itoizko urtegiaren edukiera handiak, duen altuera dela eta errazagoa denez “ponpatu gabe ureztatzea eta energia hidroelektrikoa ekoiztea, Nafarroako ubidea urtebetez hornitzea bermatuko luke erabateko lehortean. Orografia baliatu eta kotari eutsiz gero, urak proiektuaren % 90en izan dezake presio naturala”.
Hala, Tebastik bokalea aire zabalean behatu eta ubidearen lurpeko ibilbidea ikusi ondoren, Joaquín Puig Intiako zuzendariorde eta Riegos Navarra enpresa publikoko ureztaketa-uren arduradunak, bisitaren zati horretan agertu baita, ubidean zehar emariari nola eusten zaion azaldu du, eta hornikuntza-premietara automatikoki egokitzen dela, kontrolguneek ematen dituzten datuei esker.
Adierazi duenaren arabera, ur fluxua erregulatzen duten uhateak zehaztasun handiz irekitzen dira, etengabe. Hala egin ezean, desdoikuntza handiak gertatuko lirateke; izan ere, “ideia bat egiteko, Nafarroako ubideak hasierako tarteetan garraiatzen ahal duen edukiera 45 m3/s-koa da, hau da, igerileku olinpiko bat minutu batean betetzeko adina”, zehaztu du.
Artajonako kontrolgunean, parlamentariek aukera izan dute lan hidraulikoa hornitzen duten biriketako bat (urmaela) ikusteko, baita ubidea maneiatzen duen burmuinak nola jarduten duen ezagutzeko ere. Instalazio horiexetan prozesatzen dira ur premien datu guztiak, eta denbora errealean iristen den informazioa sistematizatzen.
CANASAko Juan Rodríguezek ezagutzera eman du zer zeregin betetzen dituzten, eta esan du azpiegituran mantentze-lanak egitea dela lanaren % 40: “gure zeregina funtsezkoa da, mantentze-lan egokiek obraren bizitza baliagarria luzatzen dute eta”.
Toki berean, bideo bat ikusi dute, obraren bigarren zatiko tarte guztiak irudikatzen baititu: bigarren fasearen helburua da 21.522 hektarea ureztatzea eta Nafarroako Erriberako hainbat herritako etxeen eta industriaren hornikuntza hobetzea, oraingo eta etorkizuneko eskariak asebete daitezen.
Ubidearen bigarren fasean, 70 kilometroko luzera eta jatorrian 20 m3/s-ko emaria izango dituen eroanbide bat eraikiko da, gaurko ubidetik (Pitillastik) abiatuta, Ablitaseraino. Ubide nagusiaz gainera, Alhama ibaiaren eremua ureztatzeko adar bat egingo da, Cintruenigoren eta Corellaren artean amaituko dena.
Parlamentariek aurrera jarraitu dute, Nafarroako ubidearen trazadurari jarraikiz, eta Pitillasen bukatu dute bisita. Amaieran Puigek baieztatu duenez, “Nafarroako ubidea da Nafarroako ur aprobetxamenduaren ardatza. Eta hori bereziki garrantzitsua da klima aldaketaren erronkari aurre egiteko. Gero eta hurbilago gaude Mediterraneoko arroko euri sistematik; beraz, eurite gero eta latzagoak biltegiratzeko eta, behar denean, gure komunitatean banatzeko modua emango duten azpiegiturak eduki behar ditugu”.
Bisita amaitutakoan, parlamentariek eskerrak eman dizkiete teknikariei, emandako azalpenengatik.
Nafarroako ubideak 416 Hm3-ko ur emakida dauka, Itoizko urtegitik datorrena, eta helburu du 59.160 hektarea sail ureztatu bihurtzea, bai eta 350.000 biztanle baino gehiagoren (Foru Komunitateko biztanleriaren % 60ren) hiriko eta industriako ur premia hornitzea eta Nafarroa osoko energia kontsumoaren % 6,5 estaltzeko adina energia elektriko ekoiztea ere.
Azpiegitura eraiki eta ustiatzeko, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak Canal de Navarra SA sozietate estatala sortu zuten 2000ko urtarrilean, Estatuak % 60ko eta Nafarroako Gobernuak % 40ko partaidetza dutela.
Kanala bi fasetan eraikitzea planifikatu zuten: lehenengoa Itoizko urtegiko hargunetik (Longida) abiatzen da, eta Pitillasen amaitzen; bigarrena, berriz, Aragoi eta Ebro ibaiak gurutzatuta, Ablitasen bukatuko da (Lor urmaela), Erriberako premiei erantzuteko. Ega eta Arga ibaien arroetako eskariak artatze aldera, hasierako proiektua osatu zuten, lehenengo fasea zabalduta.
Jatorrian 45 m3/s-ko edukiera izateko diseinatu zuten ubidea, eta, eskariei erantzun ahala, emaria murriztuz doa. Amaitutakoan, 198 kilometroko luzera izango du: horietatik 98 lehenengo faseari dagozkio, 21 zabalpenari, eta gainerakoak bigarren faseari.