Onetsi egin da Foruaren Hobekuntzaren aldaketa, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena eskualdatzen duena
Soilik PPN eta Vox aldendu dira Nafarroako errepideen zaintza eta kontrola Foruzaingoak ez beste inork egin ahal izatea ahalbidetzen duen aukera blindatzetik
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du (UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta PPNk eta Voxek berriz, aurka) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren aldaketa, zeinaren bidez trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena eskualdatzen baita.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Estatuaren arteko negoziazio-batzordean adostutako erreforma berretsi baita, Gobernu zentralari igorriko zaio, lege organiko gisa izapidetu dezan Gorte Nagusietan; izan ere, foru araubidearen izaera juridikoa aintzat hartuta, Foruaren Hobekuntza ezin da aldebakartasunez aldatu.
Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena Nafarroaren esku berriz uzteko akordioak erantzuna ematen die Auzitegi Gorenak jarritako eragozpenei, auzitegi horren administrazioarekiko auzien salak baliogabetu egin baitzuen, JUCIL-Justicia Guardia Civil elkartearen errekurtsoa onartzean, eginkizun eta zerbitzu horiek eskualdatzeari buruzko apirilaren 4ko 252/2023 Errege-dekretua.
Magistratuek ebatzi zuten ezin zela errege-dekretu bat baliatu Foruaren Hobekuntzan jasota ez dagoen eta Nafarroaren zuzenbide historikoan oinarririk ez daukan eskumen bat Nafarroari eskualdatzeko; magistratuen esanetan, eskumen horiek eskualdatzeko Foruaren Hobekuntza aldatu beharra dago, edo, bestela, Konstituzioaren 150.2 artikuluko lege organiko bat erabili.
Behin bidea aukeratuta, Foruaren Hobekuntza aldatu da –49.3 artikulua aldatu da, eta 51. artikuluari apartatu bat gehitu zaio–, argi gera dadin “trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari dagokienez, Foruzaingoaren eskumenak” artikulu horretan xedatutakoarekin bat arautuko direla. Hau da artikulu horren testu berria:
49.3 artikulua. “Bere foru araubidearen eta lege organiko honetan xedatutakoaren arabera, Nafarroari dagozkio, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloan, Estatuko legeria betearazteko eskumena eta trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunak, orain arte atxiki dituen ahalmenez eta eskumenez gain».
Osoko Bilkuran egin den eztabaidan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin bat etorri dira aldaketaren xedea –trafikoaren arloko eskumena eta eskubide historikoak blindatzea– aldeztean, zertarako eta Foruzaingoak ez beste inork egin ahal izan dezan errepideen zaintza eta kontrola, ardura hori, orain arte, Guardia Zibilarekin partekatzen baitzuen.
PPN, berriz, Foruaren Hobekuntzaren gaurkotzearen aurka azaldu da ez delako onartu Nafarroak eta Estatuak lankidetza-hitzarmena egiteko bere proposamena, trafiko-zerbitzuaren kudeaketa Guardia Zibilarekin partekatuko dela bermatzeko. UPN ere bat dator, formak forma, asmo horretan.
Azkenik, eta hitzarmena egitearen alde badago ere, Foruaren Hobekuntza aldatzearen aurka azaldu da Vox. Aldaketa gehiengo oso handi batek bermatu du, testu berrian “autogobernuan aurrerabidea” ikusten baitu.
Honako hauek osatu dute Foruaren Hobekuntza aldatzeko akordioa lortu duen negoziazio-batzordea: Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Joseba Asiain Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Ángel Víctor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa, Arcadi España Lurralde Politikako estatu-idazkaria, Miryam Álvarez Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia, Alicia Echeverría Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Alejandra del Río Autonomia eta Toki Lankidetzako zuzendari nagusia.
- www.parlamentodenavarra.es
- Foru Hobekuntza aldatzeko proposamena (72. NPAO, 2024-05-21ekoa)