Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Maiatzak 17

Nafarroako Gobernua premiatzen da tauromakia afizio legitimo gisa aitor dezan, gure erkidegoan sustrai historiko eta sozial sakonak dituena

Ganberak Nafarroako adierazpide kultural bereki guztiak aldeztu eta sustatzearen alde egin du

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, PPNren eta Voxen aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aurkako botoarekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aitor dezan tauromakia afizio legitimo bat dela, gure erkidegoan sustrai historiko eta sozial sakonak dituena, bereziki Nafarroako herri askotako jaietan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Nafarroako adierazpide kultural bereki guztiak aldeztu eta susta ditzan, besteak beste tauromakia, sormen artistikorako askatasuna eta kulturarako eskubidea ez baitira botere politikoaren hobespenen araberakoa”. UPNk, Geroa Baik, PPNk eta Voxek aldeko botoa eman dute, PSN abstenitu da eta EH Bildu eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute.

 

Era berean, Nafarroako Parlamentuak “oniritzia ematen dio Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak eta hainbat udalek emandako erantzunari, COVID-19aren krisiaren une larri hartan behi suharren ganadutegiaren sektoreari babesa emateagatik. Erantzun horri esker ganadutegiei eutsi ahal izan zitzaien eta ehunka animalia hiltzea ekidin zen”. Atal hau eta hurrengoa Geroa Baik aurkeztu duen eta PPNk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza dira. UPNk, PSNk, Geroa Baik, PPNk eta Voxek aldeko botoa eman dute eta EH Bilduk eta Contigo-Zurekinek, berriz, aurkakoa.

 

Azkenik, Foru Gobernua premiatzen da “Nafarroako zezenaren munduarekin eta, bereziki, abeltzaintzakoarekin batera lanean aritu dadin, gizarteak eskatzen duen beharrezko berrikuntzari zabalik, Nafarroako landa-eremu askori balio sozioekonomiko ukaezineko ekarpenak egiten jarraitzeko aukera izan dezaten”. UPNk, Geroa Baik eta PPNk alde bozkatu dute, PSN eta Vox abstenitu dira eta EH Bilduk eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute.

 

Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin ezetsi dena, eta asmoa zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “Espainiako Gobernuari eska diezaion Tauromakiako Sari Nazionala berrezar dezan”.

 

Era berean, Geroa Bairen zuzenketaren atal bat ere atzera bota dute UPN, EH Bildu, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen aurkako botoekin eta PSNren abstentzioarekin. Asmoa zen erakundeei eskatzea “herri- eta tauromakia-ospakizunez bezainbatean sentsibilitateen integrazioa bultza dezatela, arduratuz eta berrikuntzak eginez animalien tratu hobea dakarren orotan”.

 

Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroan zezen suharraren “tradizio handia” laburbildu du, izan ere, “jakin badakigu XIV. mendean Iruñean zezen-festak egiten zirela eta festa horietan erabilitako zezenak Nafarroako ganadutegietakoak zirela”.

 

Ildo horretan, eta zezenketak eta zezen-ikuskizunak gaur egun gure herri askotako jaietako funtsa izaten jarraitzen dutela argudiatu ondoren, proposamena egin duenak Ernest Urtasun Kulturako Ministroak Tauromakiako Sari Nazionala kentzeko erabakia iragarri izana gaitzetsi du eta, hori dela eta, Nafarroako Gobernua premiatzen du aitor dezan tauromakia afizio legitimo bat dela, gure erkidegoan sustrai historiko eta sozial sakonak dituena, bereziki Nafarroako herri askotako jaietan.

 

Ainhoa Unzu (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak hauek izan dira: Javier Trigo, Félix Zapatero, Iñaki Iriarte, Ana Elizalde (UPN), Ibai Crespo, Carlos Mena (PSN), Mikel Zabaleta, Txomin González (EH Bildu), Pablo Azcona, Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioaren argitalpena (69. NPAO, 2024-05-14koa)