Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Martxoak 12

Osasun Batzordeak bisita egin du Gizakia Helburu elkartearen Lizarrako erkidego terapeutikora

Egiten duten lana ezagutzeko eta 75 urteko antzinatasuna duen eraikinaren egoeraz irizteko

Gaurkoan, Osasun Batzordeak bisita egin du Gizakia Helburu elkarteak Lizarran daukan erkidego terapeutikoaren instalazioetara, zeinak 75 urteko antzinatasuna duen Verbo Divino komentu ohian baitaude kokatuta.

 

Honako batzordekide hauek dira bisitan joandakoak: Leticia San Martín (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín (PSN talde parlamentarioa), Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egiteaz arduratu dira Alfonso Arana, zuzendaria; Cristina Illescas, zuzendari teknikoa; Jacqueline Girón, zentroko zuzendaria; eta Itziar Asurmendi, langilea.

 

Bisitaren eskatzaile izan dira UPN, PSN, Geroa Bai eta PPN talde parlamentarioak eta Vox foru parlamentarien elkartea, eta helburutzat izan dute "bertatik bertara ezagutzea erkidego terapeutikoaren instalazioak, haien egoeraz irizpen bat egin ahal izateko".

 

Alfonso Aranak esplikatu eta batzordekideek ikusi ahal izan dutenez, "eraikin zaharra da, etengabe konponketa-beharrak dituena", urtean 20.000 edo 35.000 eurorainokoak. "Amairik gabeko zuloa da", baieztatu du.

 

Elizbarrutiko Caritasek bere garaian komunitateari eskainitako instalazioak 30.000 metro karratuko lursail batean kokaturiko 1950eko hamarkadako eraikin batean daude, 7.000 m2 baino gehiagokoa, nahiz eta horietatik 2.600 m2 baino ez diren erabiltzen. Egoitza honek erabiltzaileei modua ematen zien "beren ingurunetik ateratzeko", adikzio-gunea ahalik urrunena utzirik, garai hartan bilatzen zen bezala.

 

Alabaina, fundazioak "giro ahalik goxoena sortzeko" eginiko ahaleginak gorabehera, egungo premiak garai hartakoez bestelakoak dira. Girón-ek dioenez, "erkidegoa kanpoaldeari askoz irekiago dago. Badago, bai, lehen fase bat, zeinetan ez baitira irteten, pixkanaka joan behar direnez beren burua prestatzen. Baina tratamenduak aurrera egin ahala –9 hilabete irauten du–, autonomia gero eta handiagoa erdiesten dute familiarekiko harremanari, irtenaldiei eta abarri dagokienez".

 

Uste dute Iruñerriaren aldamenean erkidego terapeutiko berri bat eraikitzeak modua emanen lukeela, zenbait kostu saihesteaz gain, tratamenduan dauden pertsonei beren prestakuntzarako baliabide gehiago eskaintzeko –haien birgizarteratzeari begira oso garrantzitsua– eta familiak haiengandik hurbilago egoteko, haiei prozesu honetan lagun egin ahal izan diezaieten.

 

2010etik 2012ra bitartean, Fundazioak izendun partida bat izan zuen, Zabaldikan eraikin berri bat egitekoa; baina ez zeukan eraikitze-baimenik, eta ez zen egiterik izan lursailaren moldaketa bat eta sarbidea besterik. Gero batean, Iruñeko Agustinak eraikina zaharberritzea pentsatu zen, baina proiektu hori ere ez zen aurrera atera.

 

Erkidego terapeutikoa zuzentzen zaie beren egoera pertsonal eta sozialagatik eta/edo beren adikzioaren nolakotasunagatik beren ohiko ingurunea denboraldi batez utzi eta epe labur edo luze batez egoitza-tratamendu bat jarraitu beharrean dauden pertsonei. 46 postuko edukiera du. Horietatik, 38 itunduta daude Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin.

 

Tratamendu-mota desberdinak eskaintzen dira, iraupen desberdinetako egonaldiekin, zeinek barne hartzen baitituzte, ohikoena den ibilbidean, bederatzi hilabetetik hamabira bitarteko egonaldia, bai eta tratamendu-mota laburragoak ere, pertsona bakoitzaren beharrizanen arabera. Tratamendu intentsiboa egiten da, arreta mediko banakatuarekin, arreta psikologiko banakatu nahiz taldekakoarekin, prestakuntza-jarduerekin, aisialdi- nahiz laneratze-jarduerekin, gizarte nahiz familiarekiko harremanen sustapenarekin, eta eguneroko jardueretarako ikuskapen eta laguntzarekin.

 

Gizakia Helburuk ere, bere aldetik, azpimarratzen du beharrezkoa dela Nafarroako Hitzarmen Sozialen Foru Legea aldatzea, prezioa-postua kostu-eguneraketarako mekanismo bat ezartzearren, halatan saihestearren arrastaka dakartena bezalako desfaseak (une honetan % 20koa; hots, urtean 200.000 eurokoa).

 

"Legea guretzat aterki bat izan zen, eta urte anitzeko hitzarmenak sinatzeko berme; baina ez du jasotzen prezioak eguneratzeko formularik, edo hitzarmena kostu errealaren arabera berritzekorik. Gizakia Helburu, oraintxe bertan, 2019-27 Hitzarmen batek eraentzen du, baina 2017ko prezioekin. Eta horrek urtean 0,2 milioiko defizita sortzen digu. Arau-hutsune muntadun hau betetzeari presakotzat deritzogu", berretsi du Alfonso Aranak.

 

Instalazioetarako bisita egin ondoren, batzordekideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.