Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Otsailak 26

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunarekin

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi dute. 2024ko otsailaren 26an

- Eledunen Batzarrak onetsi egin du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunarekin, arazoa pairatzen duten pertsona eta familiekin eta elkarte-mugimenduarekin, zeina, Nafarroan, GERNA-Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldeak ordezkatzen baitu. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1.-  Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunarekin, arazoa pairatzen duten pertsona eta familiekin eta elkarte-mugimenduarekin, zeina, Nafarroan, GERNA-Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldeak ordezkatzen baitu.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak jendaurrean aldezten ditu ekitatezko tratu baterako aldarrikapenak. Tratu horrek bermatu nahi du pertsona horiek aukera berak izan ditzaten, eta kalitatezko osasun- eta gizarte-zerbitzuetarako irispidea, gainerako herritarren antzera, horrela modua egon dadin estigmak aienatzeko, diagnostikoa ikerketaren bidez hobetzeko, eta tratamendurako nahiz laguntza sozial eta instituzionalerako irispide hobea bermatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak bertako biztanleak premiatzen ditu bat egin dezaten Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta "Partekatu zure koloreak" leloa beregana dezaten, historiak eta esperientziak partekatuz, eta Nafarroako erkidego indartsuago eta batuago baten aldeko elkarlana eginez, zeinak eskubide eta premiei buruzko aldarrikapenak ahots solidarioago, ozenago eta argiago batekin egin ahalko baititu.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoDeclaración Institucional