Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Otsailak 6

Parlamentuko lehendakariak parte hartu du San Cernin ikastetxearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian

Legebiltzarrak hezkuntza “inklusibo, bidezko eta kalitatezko” baten alde egindako apustua azpimarratu du Unai Hualdek, bai eta “etengabe ikasteko aukerak” sustatzearen alde egindako apustua ere

Nafarroako Parlamentuaren lehendakari Unai Hualdek San Cernin ikastetxeak 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean, eta, besteak beste, Foru Legebiltzarrak hezkuntza “inklusibo, bidezko eta kalitatezko” baten alde jotzen duen hezkuntza proiektu ororekin duen konpromisoa berretsi du, proiektu horietako bat izanik Iruñeko kooperatibarena.

 

“Mende erdi eta ibilbide nomada baten ostean, hiriko askotariko eremutan gelditu ondoren, lortu duzue hezkuntza misto, humanista eta eleaniztuneko proiektu bat sendotzea, eta proiektu horren balioen bitartez Nafarroa hobea eta prestatuagoa eraikitzen lagundu da. Plazera da ekitaldi honetan parte hartzea eta ikasleek duten ikuspegiaren berri izatea erakundeek oinarrizko eskubidea den hezkuntza babesteko duten rolari buruz”, adierazi du Hualdek.

 

Horren harira, lehendakariak legebiltzarraren eta talde parlamentario “ia guztien” “konpromiso argia” azpimarratu du “etengabe ikasteko aukerak sustatzeko orduan, Nazio Batuen 2030 Agendari lotutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat. Parlamentuan, hezkidetzaren, aniztasunari heltzearen, teknologia berrien eta eleaniztasunaren alde egiten dugu, hizkuntza propioetatik hasita, baina alde batera utzi gabe atzerriko  hizkuntzetarako trebetasunaren garrantzia, eta, hain zuzen ere, San Cernin erreferentzia da horretan”.

 

Testuinguru horretan, eta Enmak Legebiltzarraren Lehendakaritzaren berezko eginkizunei buruz egindako interpretazioari balioa eman ondoren, Unai Hualdek irakaskuntza lanari datxezkion "erronken eta erantzukizunen" azterketa aberasten jarraitzearen alde egin du, betiere sinetsita "hezkuntza ona funtsezkoa dela gizarte hobea, berdinzaleagoa eta ezagutza handiagokoa eraikitzeko".

 

“Jaso ditzatela nire eskerrak Haur Hezkuntzatik eta Batxilergora arte San Cerninen ikasgeletatik pasa diren milaka ikasleek, irakasleek eta familiek. Zorionak 50. urteurrenagatik, eta eskerrik asko ospakizun honetan Nafarroako Parlamentuari leku egiteagatik”.

 

Ekitaldiaren baitan, ikasleek egin dituzten lanak aurkeztu dira erakundeek “hezkuntzaren bidez gizarte aske eta demokratiko bat garatzen dela bermatzeko” duten eginkizunari buruz.

 

Ekitaldian, halaber, beste zenbait ere izan dira, hala nola Foru Komunitatearen Ararteko Patxi Vera, Eskola Kontseiluaren presidente Manuel Martín, UPNAren errektore Ramón Gonzalo, Nafarroako Unibertsitatearen idazkari nagusi Jesús Ezponda eta Iruñeko Udalaren Hezkuntzako zinegotzi Maider Beloki.