Nafarroako 2022ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2024ko otsailaren 1ean
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako 2022ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta UPN, PPN eta Vox taldeen aurkako botoekin. Lege horretan 5.600.514 milioiko gastuak jaso dira (+% 11, 536,03 milioikoa), eta 5.916,58 euro eskubide garbiak (+% 16, 844,5 milioikoa).
Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2022ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Nafarroako Arartekoa).
Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, 2022an 5.436,32 milioi euro ordaindu zituen, eta 5.891,67 milioiko diru-bilketa garbia izan zuen.
Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da, eta hor 2.298,91 milioi jaso dira (+% 31), betebehar onartuen % 41a. Bigarren garrantzitsuena langileen gastuen kapitulua da, 1.609,61 milioirekin (+% 4, 60,18 milioi), guztizko gastuaren % 29.
Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntak 827,29 milioikoak izan ziren (+% 11) eta errentamendu eta kanonetako gastuaren % 72ko gehikuntza nabarmentzen da (35,66 milioi). Inbertsioak 198,29 milioikoak izan ziren (+% 17).
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 2.647.536 milioi egin zuten (+% 25) eta zeharkakoek 2.303.851 milioi (+% 11). Zorpetze maila 406,19 milioira igo da. 2021ean joera negatibo bilakatu zen, amortizazio aurreratu handia egin zelako. 2022an balio positibora itzuli da; izan ere, ekitaldi horretan, zor publikoa jaulkitzeaz gain, 282 milioiko maileguak hitzartu dira banku entitateekin.
Aurrekontuko saldo ez finantzarioak (diru-sarrera eta gastu ez finantzarioen arteko aldea) 303,86 milioiko zenbateko positiboa izan zuen. Aurrekontuaren emaitza doitua 295,27 milioikoa da, 2021ekoa baino 233,04 milioi handiagoa (+% 374). Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinak gehikuntza nabarmena izan zuen, % 321ekoa (113,70 milioi) batez ere ekitaldiaren itxieran diruzaintzan izandako gehikuntzari esker, 2022ko abenduaren 30ean Estatuak egin zuen 657 milioiko diru-sarrera barne, Hitzarmen Ekonomikoaren likidazioagatik.
Osasun arlora bideratu da gastu ehunekorik handiena, % 23 (+% 3, 38,16 milioi), eta bigarren gastu handiena Hezkuntzakoa da, % 16 (+% 6, 50,10 milioi). 2021arekin alderatuta, gehikuntza adierazgarriak izan dira zenbait gastu-politikatan. Hain zuzen, gastua % 158 (162,45 milioi) handitu da zerbitzu orokorretan, % 65 (347,85 milioi) Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoan, % 40 (23,15 milioi) etxebizitza eskuratzearen eta eraikuntza sustatzearen alorrean, eta % 39 (62.561 milioi) azpiegituretan.
Bestalde, zor publikoak zorpetze osoaren % 7a egiten du eta gizarte zerbitzuek eta gizarte sustapenak % 8a egiten dute.
Tributuen diru-bilketa likidoa 4.979 milioikoa izan zen, 2021koa baino % 19 handiagoa. Diru-bilketa hori Nafarroako BPGd-aren % 21,22 da, 2021ekoa baino % 4 handiagoa.
Foru Administrazioaren finantza-zorra 2022ko abenduaren 31n, kostua amortizatuta, 2.867,7 milioikoa zen (+% 1), aurreko ekitaldiaren antzeko zenbatekoa (2.847,9 milioi). Diru-sarrera arruntei dagokionez, zenbateko horrek % 54 egiten du, hau da, ehuneko 6 puntuko jaitsiera izan du 2021 urtearekin alderatuta. Finantza-zamak % 10 gora egin zuen eta diru-sarrera arruntetan duen pisu erlatiboa % 10etik % 8ra pasatu da. Dena den, neurri handi batean, amortizazio aurreratuen (2021ean egin zirenak) egikaritzaren mendeko aldagaia da.
Zorraren batez besteko interes tasa globala % 1,36koa da 2022an; ia ez da aldatu aurreko ekitaldiko % 1,34ko tasaren aldean. Zorraren guztizkoa amortizatzeko aurreikuspenei dagokionez, erdia (% 58) amortizatu behar da 2029 baino lehen.
2022ko martxoan, rating agentzia batek Nafarroako epe luzeko zorrari kalifikazio hau eman zion: “AA, perspektiba egonkorrarekin” (baimendutako gehieneko maila, Estatuaren balorazioa kontuan hartuta). Hala, aurreko ekitaldiko kalifikazioari eutsi zaio.
Foru Komunitateak emandako abalen zenbatekoa 42,12 milioikoa da. Guztizko saldo bizia % 33 jaitsi da (21,06 milioi gutxiago), eta nabarmentzekoa da Sodena-EIBri dagokion saldoaren beherakada (13,83 milioi gutxiago).
Beste alde batetik, Kontuen Ganberak lanpostu hutsen portzentaje handiaz eta lanpostu finkoen kopuruaren beherakadaz ohartarazten du txostenean. Analisi horren arabera, Foru Administrazioak dituen 25.860 lanpostuetatik 9.062 hutsik daude, guztizkoaren % 35. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da Osasunbidean (% 39), Hezkuntzan (% 30) eta Administrazio Erroan (% 37) ugari direla aldi baterako kontratudunak.
Hori horrela, organo fiskalizatzaileak ondorioztatu du “alde garbi negatiboa ageri dela 2018-2022 aldian, 972 pertsonakoa”. Dena den, 2020an alde garbi hori nabarmen murriztu zen eta 2022 ekitaldian lehen aldiz altak bajak baino gehiago izan dira. Behin-behinekotasun adierazlea nabarmen handitu da aldi horretan, eta 2018an % 47 izatetik 2022an % 51 izatera pasatu dira, izan ere, baliteke eragina izatea COVID-19aren ondorioz egindako aldi baterako kontratazioek. 2021eko ekitalditik, ordea, apur bat jaisten hasi da eta 2022an jarraitu du.
Enpresa publikoak 17 dira. Guztira 989,34 milioiko ondare garbia dute, eta 47,83 milioiko epe luzeko zorra (–% 12). 2022an sozietate publikoek emaitza orokorrean 37,23 milioi euroko galera izan zuten, bateratu gabe. Sozietate publikoetako langileei dagokienez, 2022 ekitaldian enplegatutako langileen batez bestekoa 1.495,61 izan zen.
Azken batean, fiskalizazio organoaren txostenak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioak “2021 urtearekin alderatuta hobekuntza nabarmena izan du adierazle gehienetan, pandemiak sortutako egoeragatik administrazio publiko guztiek izan zuten suspertze prozesua bukatu ondoren.
Esandakoaren haritik, kontuan hartu beharra dago zenbateko handi samarra egiten duen zorra badagoela (2.868 milioi), 2021eko zenbatekoaren oso antzekoa. Zenbateko hori hurrengo urteetan amortizatu behar da, eta “hura nabarmenki baldintzatzen dute bai ezarritako egutegiak eta bai finantza-merkatuetako interes tasen gorabeherek”.
Egonkortasunari, zorrari eta gastuari buruzko zerga-arauak direla-eta, etenean geratu dela gogorarazten da 2020 eta 2021 urteetarako, pandemiak eragindako osasun krisia dela eta. Ondoren, 2022ko eta 2023ko ekitaldietara luzatu zen etete hori, Diputatuen Kongresuaren 2021eko irailaren 13ko eta 2022ko irailaren 22ko erabakien bidez, hurrenez hurren.
2022ko kontu orokorren oroitidazkiak dakarrenez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa Koordinatzeko Batzordeak erabaki zuen, 2021eko abenduaren 20an, berrestea Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Ogasuneko Estatu Idazkaritzaren eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren artean defizitaren erreferentziazko tasei buruz sinatutako akordioa 2022 urterako. Honako hauek dira:
% 0,9ko defizita 2022rako. 2022ko kontu orokorren oroitidazkiaren arabera, ez dago defizitik eta superabita % 1,35ekoa da. Beraz, adostutakoa betetzen ari da.
BPGdaren % 16,7ko zor publikoa 2022rako. Zor publikoa, 2022ko kontu orokorren oroitidazkiaren arabera, BPGdaren % 14,1 da, eta, beraz, adostutakoa betetzen ari da.
Gastu arauaren kasuan, ez zen ezer arautu, hura ondorerik gabe geratu baitzen, Kongresuaren Osoko Bilkurak etetea onetsi eta gero. Nolanahi ere, 2022ko kontu orokorren oroitidazkiak dio gastua % 7,8 handitu zela, helburua bete zen ala ez baloratzeari ekin gabe.
Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren sektoreak 2022an merkataritza-zorraren iraunkortasunaren printzipioa bete zuen, araudian ezarritako epea hilabete bakar batean ere gainditu gabe.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proiektua (12. NPAO, 2024- 01-30ekoa)