Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Yamaguchiko Prefekturaren ordezkaritza bati
Unai Hualdek herrialdeen arteko harreman instituzionalak eta sozialak indartzeko deia egin du lankidetza bultzatu, sinergiak bilatu eta ideiak trukatze aldera
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Yamaguchiko (Japonia) Prefekturaren ordezkaritza bati, Foru Komunitatera egin duten bisitaren karietara, 20 urte bete baitira Nafarroako Gobernuak eta Yamaguchik Senidetze-gutuna sinatu zutenetik.
Legebiltzarraren egoitzako Erakunde Aretoan egindako ekitaldian, Unai Hualde Japoniako ordezkariei mintzatu zaie eta “Geografikoki oso urrun” egon arren, aldi berean, 20 urte baino gehiagoz harreman instituzionala eta elkar-aberastea mantendu duten bi gizarteen artean “loturak estutzen” jarraitzeko nahia adierazi du “gure kulturak, gure kirolak, gure tradizioak, gure hezkuntzak eta, jakina, gure gastronomiak batzearen mesedetan”.
Gehitu duenez, gaur egun bizi ditugun nazioarteko gatazken eta Europako nahiz Ekialde Hurbileko gerren testuinguruan, “balio handiagoa hartzen du herrialdeen arteko adiskidetasun-loturak indartzeko eta lankidetza berriz bultzatzeko ahaleginak, sinergiak bilatzeko eta bi eskualdeen egoera hobetu dezaketen ideiak eta proiektuak trukatzeko”.
Agurra osatzeko, lehendakariak Frantzisko Jatsukoa aipatu du: “Xabierko Frantzisko santu ezaguna, Nafarroa Japoniarekin eta Yamaguchirekin lotu zituen eta lotzen dituen nafarra, zeinak erakutsi baitzuen Nafarroa komunitate apala dela, baina baita harroa ere. Orain horren erakusle ere badira gure enpresak –abangoardiakoak sektore teknologikoan–, gure gizartea, gure festak eta tradizioak eta gure balioak”. Amaitzeko, hauxe esan du: “Ongi etorri Nafarroako Erresuma Zaharreko Gorteen oinordeko den gure Parlamentura, gure foru-araubidearen erakunde berezira, zeinak gure komunitateko herritarrak ordezkatzen baititu”.
Jarraian, Yamaguchiko prefekturako Parlamentuko lehendakariorde Noriaki Shimatak Nafarroako Parlamentuak emandako harreraren “adeitasuna” eta elkar aberasten sakontzeko aukera eskertu ditu, eta horretarako “laguntza eta lankidetza” eskatu du.
Jarraian, Yamaguchiko Prefekturako gobernadoreorde Takayuki Hirayak kulturen eta balioen ulermenean sakontzearen alde egin du, eta etorkizunera bideratutako lankidetza-harreman “irmoarekin” jarraitzearen alde egin du.
Aurrez, ordezkaritza lehendakariaren bulegoan egon da, eta Yamaguchiko Parlamentuko lehendakariordeak eta Yamaguchiko Prefekturako Gobernadoreordeak Ohorezko liburuan sinatu dute.
Opari trukearekin amaitu da harrera ekitaldia. Parlamentuko lehendakariak foruen estatuaren kopia bat oparitu die Japoniako ordezkariei. Japoniarrek, ordainetan, beirateria-pieza batzuk, bi sake-kopa eta Yamaguchiko erretilu tradizional bat oparitu dizkiote.
Besteak beste, honako hauek egon dira harrera ofizialean: Ainhoa Unzu, Parlamentuko lehen lehendakariordea; Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariordea; Ángel Ansa (UPN), Maite Esporrín (PSN), Sebe Txoperena (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Honako hauek ere osatzen dute Yamaguchiko Prefekturak Nafarroako Foru Komunitatera egindako bisitaren ordezkaritza: Tatsuya Uemura, Turismo, Kirol eta Kulturako Departamentuko zuzendari nagusiaren ondokoa; Yasuaki Matsuda, Turismo, Kirol eta Kulturako Departamentuko Nazioarteko Ataleko zuzendaria; Shinichi Shiraishi, Turismo, Kirol eta Kulturako Departamentuko Nazioarteko Saileko Exekutibako kidea; Akiyo Matsuda, Turismo, Kirol eta Kulturako Departamentuko Nazioarteko Saileko kidea; Adrián Arjona Gómez, Turismo, Kirol eta Kulturako Departamentuko Nazioarteko Saileko Nazioarteko Harremanetako koordinatzailea; Masaaki Oka, Yamaguchiko Prefektura-unibertsitateko lehendakaria; Amy Wilson, Yamaguchiko Prefektura-unibertsitateko irakaslea; Masashi Goto, gobernadoreordearen idazkaria; eta Daichi Ueda, lehendakariordearen idazkaria.