Polizia Nazionalaren jardunaldi bat izan da Parlamentuan Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrenagatik
Legebiltzarrak diskriminaziorik ezerako, berdintasunerako eta justizia sozialerako neurriekin duen konpromisoa azpimarratu du Ainhoa Unzuk, erakundearen “ekintza politiko eta legegile osoaren ardatzak” baitira.
Goizeko lehenengo ordutik jardunaldi bat izan da Nafarroako Parlamentuan Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrenagatik. Polizia Nazionalak antolatu du, eta munduko konpromiso iraultzaileenetako bat zabaldu eta finkatzeko lanari eutsi behar zaiola azpimarratzen du, honako honi, hain zuzen: berdintasuna, edozein arrazoi, baldintza edo zirkunstantziagatiko diskriminaziorik gabe.
Horrela adierazi du Ainhoa Unzu Legebiltzarreko lehenengo lehendakariordeak, hasierako hitzaldian nazioarteko egoera errepasatu duenean; izan ere, gogorarazi du "gure inguruan eta gure kaleetan gertatzen dena ahaztu gabe", aintzat hartu behar dugula "Giza Eskubideak babestea eta sustatzea ez dela aukera bat, lehentasuna baizik. Nafarroa hobea eta pertsona guztientzako eskubide guztiak errespetatzen dituen herrialdea izatea nahi badugu, etengabe hobetu behar dugu, herritarren errespetua eta konfiantza irabazteko".
Marko horretan, eta kontuan hartuta "gurea bezain dinamikoa eta aldakorra den gizarte baten konplexutasuna eta pluraltasuna, harremanetan ere bai", Ainhoa Unzu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoez izan da mintzo, ordena publikoaren eta, hedaduraz, erakundeen herri borondatearen bermatzaile diren aldetik, beren lanaren garrantzia azpimarratzeko, mundu bidezkoago, duinago eta ekitatiboago bat lortzea baita lan horren ardatza".
Lehendakariordeak eremu politikoaren erantzukizuna ere aipatu du, "bertatik berdintasuna, diskriminaziorik eza eta justizia soziala ere ziurtatu behar baitira. Horiek dira Nafarroako Parlamentuan garatzen den ekintza politiko eta legegile osoaren ardatzak".
Ondoren, Nafarroako Poliziaren buru nagusi José María Borja Moreno arduratu da ponentziak aurkeztu eta testuinguruan jartzeaz, zeharkako diskurtso baten bidez, zeinean autokritika ere egin baitu, eta gogoeta egitera eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako berdintasun printzipioa gauzatzeko borrokatzen jarraitzeko betebeharraz jabetzera gonbidatu du.
"Aro konstituzionalean, Estatuko segurtasun indar eta kidegoek etengabe errespetatu dituzte herritarren eskubideak eta askatasunak. Funtzionario gutxi batzuek jokabide gaitzesgarriak izan dituzte, eta agertoki konplexu batzuetan eskubideak urratu dira, baina, horiek salbu, gure Poliziaren jokabidearen balio profesionalak gizarte demokratiko bati dagozkionak izan dira. Funtsik gabeko akusazioak ere jasan ditugu, baina Poliziaren konpromisoak berdintasunaren eta giza eskubideen oinarriak ezartzen lagundu du ".
Borja Morenok, amaitzeko, eskerrak eman ditu Nafarroako herriaren subiranotasunaren egoitzan giza eskubideei buruz hitz egiteko aukeragatik, eta NBEren Batzar Nagusiak (Paris, 1948) onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren indarraldia aldarrikatu du, eskubideen urraketak etengabea izaten jarraitzen duelako, ez soilik gerren esparruan. Guztiz garatuta dauden gizarte batzuetan ere, eskubide batzuk ez daude osorik garatuta”. Amaitzeko, honako hau adierazi du: “Konstituzioan bertan jasotako eskubide sozial eta ekonomiko batzuen kasua da hori, herritar askoren irismenetik kanpo baitaude".
Jarraian, Ana Cambón Polizia Nazionalaren Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Arloko buruak, Juan José Zurdo Segurtasuneko Estatu Idazkaritzako inspektore buruak eta Eduardo Alonso Gurutze Gorriko ordezkariak programatutako askotariko gaiak jorratu dituzte.
Amaiera ekitaldia Alicia Echeverríak, Nafarroako Gobernuaren ordezkari berriak, eginen du.
Besteak beste, honako hauek bertaratu dira: Javier García (PPN), Patxi Vera (Arartekoa), Carmen Maeztu (Gizarte Eskubideetako kontseilaria) eta Amparo López (Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria).