Javier Lecumberri eta Lola Eslava, Parlamentuaren ordezkari Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluan
Lurralde Kohesiorako batzordeak Javier Lecumberri eta Lola Eslava hautatu ditu gaur Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluan Parlamentuaren ordezkari izateko.
Paperezko isilpeko bozketa bidez hautatu dira, txartelak erabiliz, eta parlamentari bakoitzak bi hautagai bozkatu ditu, Lurralde Kohesiorako batzordeari hautatzea zegokion kide kopuru bera, hain zuzen ere.
PSN eta EH Bilduk adostutako hautagaitza bozkatuena izan da, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen babesari esker. Javier Lecumberrik (PSN) 8 boto lortu ditu eta Lola Eslavak (EH Bildu) 7. Ordezkoak Maite Esporrín (PSN) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) izanen dira.
Yolanda Ibáñezek (UPN) 5 boto jaso ditu, bere taldeari eta PPNri dagozkienak.
Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseilua aholkuak eman eta parte hartzeko organoa da, erakundeetako, gizarteko, ekonomiako eta ingurumeneko eragileak elkarlanean aritu ahal daitezen Nafarroako lurraldearen garapenaren jarraipenean eta sustapenean.
Bere eginkizunen artean dago txostenak prestatzea (nahitaezkoak izanen dira, baina ez lotesleak), lurraldearen antolamendua arautzen duten orotariko xedapenez, Nafarroako lurralde estrategiaz, lurralde antolamendurako planez eta lurralde ekintzako plan zuzentzaileez, eta -Nafarroako Gobernuari, toki entitateei eta ekonomiako, gizarteko eta erakundeetako eragileei proposamenak aurkeztea lurraldeari loturiko arloez.