Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 9

Parlamentuak gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako patronatukide izendatu ditu Rubén Unanua eta José Antonio Villanueva

Kontratazio publikoaren bidez hirugarrenei esleituta egon diren zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzen dituen organoan sartuko dira, PSNk eta EH Bilduk proposatuta

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur Rubén Unanua Ruiz eta José Antonio Villanueva hautatu ditu gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioko patronatukide izateko. Organo horretan Legebiltzarrak hiru ordezkari izendatzeko eskubidea du, eta bat izendatzeke dago oraindik, agintaldia amaitzeko zain.

 

Unanuak eta Villanuevak, PSNk eta EH Bilduk proposatutako hautagaiek, hurrenez hurren, 26na boto lortu dituzte. 23 boto zuri eman dira. Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta parlamentari bakoitzak bi izen jarri ahal izan ditu.

 

Rubén Unanua (Iruñea, 1980) Gizarte Lanean graduatua da NUPen. Bere ibilbide profesionala, besteak beste, Xilema fundazioari eta Ijitoen Idazkaritzari lotuta egon da. Iruñeko Etxerik Gabeko Pertsonen Zerbitzuko zuzendaria eta Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Sarearen presidentea izan da. Gaur egun, gizarte-laguntzako teknikaria da Nasuvinsan.

 

José Antonio Villanueva (Burlata, 1968) Gizarte Lanean diplomatua da NUPen eta Gizarte Hezkuntzan UNEDen. Gizarte Ongizateko Master Ofiziala da NUPen, eta Desgaitasunean, Autonomia Pertsonalean eta Mendekotasunaren Arretan Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean. Esperientzia luzea eta zabala du gizarte esku-hartzean, batez ere desgaitasunaren eremuan, hirugarren sektoreko taldeen eta erakundeen zuzendaritza- eta kudeaketa-lanak egin baititu. NUPeko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakaslea da. Gaur egun Paris 356ko presidentea da.

 

Bi kasuetan, eta onartutako arauen arabera, Fundazioaren helburuekin lotutako pertsonak dira (erakunde eta enpresa publikoak edo pribatuak ere izan zitezkeen).

 

Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa (Gizain) Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.

 

Fundazioaren estatutu berrietan, 2018ko abenduaren 26an onetsitakoetan, Nafarroako Gobernuaren gehiengoa bermatzen da, eta haren ordezkariei beste sei patronatukide gehitu behar zaizkie, Nafarroako Parlamentuak eta Gizarte Ongizatearen Nafarroako Kontseiluak izendatu beharrekoak, erdi bana.