Unai Hualdek harrera egin dio Eusko Ikaskuntzako Lehendakariari
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizari eta Nafarroako ordezkaritzako arduradun Isabel Elizalderi.
Bileran, Ana Urkizak Eusko Ikaskuntzak 2024ko urriaren 2, 3 eta 4an Gasteizen eginen duen XIX. Biltzarraren ildo nagusiak azaldu dizkio lehendakariari, eta azpimarratu du helburu nagusia dela “egindako lanak eta etorkizuneko erronkak ikusgarri egitea eta gizartearekin partekatzea, betiere gizarte-kohesioa handitzeko asmoz. Leloak argi erakusten du hori: Elkartzen gaituena. Betiere, lurraldea, gizartea eta ongizatea uztartzen dituen ikuspegi batekin”, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak zehaztu duenez.
Bestalde, Isabel Elizaldek Euskarabideak finantzatu duen Nafarroan euskara sustatzea, gizarte-erresonantziak dituzten diskurtso-elementuetatik abiatuta proiektua aipatu du, zeina “beste proiektu baten jarraipena baino ez den, Nafarroan oreka eta lurralde-kohesioa ardatz dituen batena, zeinaren ondorioak ekainean aurkeztu baitziren”.
Bestalde, Unai Hualdek zorionak eman dizkio Eusko Ikaskuntzari erronka eta behar sozialen ikerketari eta analisiari egindako etengabeko ekarpenarengatik, baita politika publiko aurreratu eta berritzaileak proposatzeagatik ere. Era berean, lehendakariak erakunde akademikoak bizi duen egoerari eta dituen erronkei erreparatu die.
Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko-kultural pribatua da, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek 1918an sortua, euskal kultura garatzeko tresna egonkor eta iraunkor gisa.