Unai Hualde Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari berriarekin bildu da
Legebiltzarreko lehendakariak toki entitateekin lankidetza mantentzearen alde egin du, Toki Administrazioaren Erreformarako Legearen garapenean aurrera egiten jarraitzeko
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Xabier Alcuazekin bildu da gaur Legebiltzarraren egoitzan. Harekin batera Berta Enrique idazkari nagusia etorri da.
Xabier Alcuazek adierazi duenez, bilera protokolozkoa izan da, eta “alde batetik, toki entitateen interesekoak izan daitezkeen auzietan Parlamentuarekin lankidetzan aritzen jarraitzeko prest gaudela esateko baliatu dugu bilera; eta bestetik, hurrengo lau urteotarako dauzkagun helburuen berri emateko”.
Halatan, Alcuazek Parlamentuko lehendakariari adierazi dio zehazten hasi behar direla Toki Administrazioaren Erreformarako Legean oraindik ere garatu gabe dauden alderdiak, "aurreko legealdian onartutako finantzaketa-sistema berriarekin, eskumenen banaketa argituko duen eta zerbitzuak hobeto ematea ahalbidetuko duen kudeaketa eguneraturantz aurrera egiteko”, eta, horretarako, funtsezkotzat jotzen du “arauan aurreikusitako lurralde-berrantolaketari ekitea, 12 eskualde sortzea planteatzen baita bertan".
Bileran zehar bestelako gai batzuk ere jorratu dituzte; esate baterako, “Administrazio Elektronikoaren bultzadari jarraipena ematea, klima-aldaketaren aurkako borroka eta lurralde kohesioaren sendotzea, despopulazioaren aurkako Lege bat eginez”.
Unai Hualdek, berriz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arduradunei azaldu die batzorde parlamentarioen osaera zein den, eta orobat adierazi die ona litzatekeela bi erakundeen arteko harremana arina eta trabagabea izatea, Nafarroako toki entitateen munduak “erronka handiak” izanen dituelako hemendik aitzina.
Ildo horretan, Hualdek adierazi duenez, "aurreko legealdian finantzaketa-eredu berria onetsi izana mugarria izan zen. Legegintzaldi honetan agenda betea izanen dugu eskumenen banaketa zehazteko eta 4/2019 Foru Legean jasotako eskualde-egituraren garapena abian jartzeko. Era berean, aurreikusita dago osasun- edo despopulazio-legeak garatzea, toki-erakundeek zeresan handia baitute horietan".
Parlamentuko lehendakariak Federazioaren arduradunei orobat adierazi die zenbait gaitan ekimen bateratuak aurkezteko aukera dagoela; adibidez, lurralde-orekaren eta despopulazioaren aurkako borrokaren arloetan.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa foru erkidegoko toki entitateek –elkartean parte hartzea erabaki duten entitateek– osatutako elkartea da, bostehundik gora entitate horien guztien interesak babesteko eta sustatzeko eta, bereziki, toki autonomia aldezteko, Foru Hobekuntzarekin, Toki Araubidearen Oinarrien Legearekin eta subsidiariotasun-printzipioarekin bat.