Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da prestazio ortoprotesikoari buruzko araudia alda dezan

Finantzaketari, preskripzio-ahalmenari, bateraezintasunari edo baimen bereziari dagokionez arauan ikusten dituzten murrizketak ezabatzeko eskatu dute UPNk, EH Bilduk, PPNk ea Voxek

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, PPNren eta Voxen aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen, eta Contigo-Zurekinen aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroan prestazio ortoprotesikoa arautzen duen martxoaren 29ko 33/2023 Foru Dekretua alda dezan, halako moduan kendu eginen baitira erabiltzaileek kalitate handiagoko produktu ortoprotesiko bat finantzatzeko aukera dela-eta, preskripzio-ahalmena mediku espezialisten kopuru mugatu batera mugatzea dela-eta nahiz baimen berezia behar duen produktu-kopurua dela-eta bertan jasotzen diren eskubide-murrizketak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “aldaketa horiek paziente-elkarteekin, gizarte-entitateekin eta zentro ortoprotesikoekin batera egin ditzan”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak azaltzen duenez, Foru Dekretua "gastuen alorrean aurrerapena bada ere, dirua zuzenean merkataritzari itzultzeko aukera jasotzen baitu, murrizketa handiak ezartzen ditu produktu ortoprotesikoak erosteko finantzaketa lortzerakoan".

 

Aipatutakoaren ildotik, egungo araudiak "Publikoarentzako Salmenta Prezioa Gehieneko Finantzaketa Indizearekin parekatzen du", halako moduan non inork kalitate handiagoko produktu ortoprotesiko bat behar duenean “oso-osorik ordainduko duen bere diruarekin, eta hori atzerapauso larri bat da orain arteko finantzaketari dagokionez. Gogora dezagun orain arte erosketa hori egin zitekeela, baldin eta pazienteak prezioan zegoen aldea bere gain hartzen bazuen”.

 

Proposamena egin duenak uste du badirela aldatzea merezi duten beste murrizketa batzuk; esate baterako, mediku espezialisten kopuru mugatu batera mugatzea preskripzio-ahalmena, zeina indargabetutako araudian baino txikiagoa baita, produktu horien preskripziorako irizpide murriztaileak handitzea, produktu-moten artean ezarritako bateraezintasunak, edo "baimen berezia" behar duen produktu-kopurua.

 

Hala, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio aldaketa horiek paziente-elkarteekin, gizarte-entitateekin eta zentro ortoprotesikoekin batera egiteko.