Atzera bota dute Nafarroako Parlamentuari edozein amnistia edo indultu orokor baztertzeko eskatzeko mozioa
Ganberaren gehiengoak ez du uste Kataluniako prozesu subiranistako buruzagien balizko amnistiak "sedizioa legitimatzea” esan nahi duenik
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxek aldekoekin, Ganbera premiatzen zuena “arbuia zezan edozein herritar-talderentzako amnistia edo indultu orokor oro, egindako delitua zein ere den”.
Bestalde, mozioak proposatzen zuen Ganberak adieraz zezan “herri-borondatearen adierazpidea dela legearen inperioa, Konstituzioaren hitzaurrean ezartzen denez, eta botere guztiak daudela hura betetzera konprometituta”.
Baztertutako mozioak hirugarren atalean Foru Legegileari eskatzen zion “bi alderdi nagusiei Estatu-akordioak bila ditzaten dei egiteko, Espainiako gizartea alderdi independentisten legez kontrako baldintzetara makurtu beharra ekiditeko”.
Era berean, planteatzen zen “erabakiok honako hauei helaraztea: Gobernuko lehendakariari, lehen lehendakariorde eta gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioari, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioari, Lurralde Politikako Ministerioari eta Kongresuko eta Senatuko eledun parlamentarioei”.
Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak zioen "1977ko Amnistia Legearen atzean diktaduraren espirituaren ezinbesteko aurkaratzea" zegoela eta, orain, berriz, "sedizioa legitimatu nahi duen lege-proposamenaren atzean Espainiako Gobernuko Lehendakaritza mantentzeko ahalegin etsia" dagoela. Mozioa aurkeztu duenaren hitzetan, “asmo horrek Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak erasotzen ditu, hala nola botere judizialaren esklusibotasuna, segurtasun juridikoa eta berdintasuna".
Testuinguru horretan, proposamena egin duenak adierazi du "Kataluniako botere publikoek ordena instituzionalaren aurka matxinatzeko saiakeraren" bultzatzaile nagusiei ezarritako zigorrak (9 eta 13 urte bitartean albaramenduagatik eta ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik) "larriak" direla, eta, horri dagokionez, Kongresuko letraduen "txosten irmoa" gogorarazi du, gaineratuz, halaber, Pedro Sánchezek antzeko ekimen bat izapidetzearen aurkako jarrera agertu zuela 2021ean, eta balizko amnistia baten "konstituzio-kontrakotasuna" onartu zuela.
Horregatik guztiagatik, eta jarduneko gobernuak "esplizituki errefusatzen ez duelako" gizartean sortzen ari den "zirrararen" ondorioz, PPNk ondorioztatzen du "Puigdemontek Espainiako gobernagarritasuna baldintzatzen saiatzeak prezio politiko onartezina dakarkiola edozein agintari zintzori".
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (13. NPAO, 2023-09-26koa)