Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Irailak 22

Nafarroako Parlamentuak Haur-minbiziarekin Sentsibilizatzeko Hilabetea ospatzearekin bat egiten du

Legebiltzarrak bere sostengua ematen dio ADANOri horrek egiten duen apustuan, zeina baita gaixotasuna ikusaraztea, horretaz ohartaraztea eta efektu berantiarrak samurtze aldera epe luzeko segimendu-protokolo bat erreibindikatzea

Nafarroako Parlamentuak gaur goizean ekitaldi bat egin du, Haur-minbiziarekin Sentsibilizatzeko Hilabetea ospatzearekin bat egitekoa. ADANOrekin batera eta Urre-koloreko begiztaren indarra kanpainaren barnean antolaturik, xede izan du gaixotasuna ikusaraztea eta gizartea gaixotasunaren existentziaz eta errealitateaz ohartaraztea, bai eta "humanizazio neurri gehiago hartzearen" garrantzia azpimarratzea ere.

 

Horrela eman du aditzera Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak, zeinak balioan jarri baitu Nafarroako elkarte-ehundura "garrantzitsu"ak eta erakundeek zerbitzu publikoak hobetzeko eta indartzeko egindako elkarlana, "ADANO dugula horren adibide aproposa".

 

Alde horretatik, eta "diagnostikoaren, tratamenduaren eta familiari lagun egitearen garrantzia" hizpidera ekarri ondoren, Hualdek aldarrikatu du Parlamentuan aho batez lan egin beharra, eta elkarteari oroitarazi dio erakunde hau prest dagoela ADANOri batzordeetan abegi egiteko, hark bere lanaren eta hobetze-proposamenen berri eman dezan.

 

Horrenbestez, Nafarroan Minbizia duten Haurrei Laguntzeko Elkartea zoriondu du, bai eta nabarmendu ere "30 urte baino gehiagoan erreferentziazko entitate bezala" egin duen lana haur-minbiziaren diagnostiko latzari aurre egin beharrean aurkitzen diren familiei lagun eginez eta aholku emanez. Orobat, astelehen honetan Eledunen Batzarrak onetsitako Adierazpen Instituzionalera jo du, Parlamentuak ADANOren erreibindikazioekin duen konpromisoa berresteko.

 

Jarraian, ADANO-Nafarroan Minbizia duten Haurrei Laguntzeko Elkartearen lehendakariorde den Cristina Delgado andreak adierazi du premia dagoela estatu-mailako protokolo amankomun bat ezartzeko, haur-minbizia gainditu dutenei epe luzeko segimendua egitekoa, efektu berantiarren prebentzioa eta tratamendua hobetze aldera. Minbizia duten Haurren Gurasoen Espainiako Federazioak eskatzen duen neurri bat da, eta horrexetan dihardu ADANOk, NUPekin batera, euskarri gisako datu-analisi bat garatzen, haur-minbizia gainditu dutenentzako segimendurako eta helduarorako trantsizioko protokoloetan erabakiak hartu ahal izatekoa. 

 

Delgadok orobat azpimarratu ditu zainketa intentsiboen unitate pediatrikoaren behin betiko hobekuntza, tratamenduen ondoriozko gai sanitarioetako prestazio-ugaritzea eta gizatalde honek aukera- eta eskubide-berdintasunean aurrerapausoak ematen jarrai dezan dagoen legegintza-premia.

 

Amaitzeko, ADANOko lehendakariordeak oharmenera ekarri du adingabe hauek gaixotasunaren aurrean erakusten duten "adorea", "minbiziari zinezko borrokalari gisa aurre egiten baitiote, guri ikaskizun aparta eskainita".

 

Azkenik, haur-minbiziari buruz sentsibilizatzeko estatu-kanpainaren barrenean, gaur, ostirala, Parlamentuko fatxada urre-kolorez argiztatuko da ilunabar-partean (20:00etatik 22:00etara), Legebiltzarrak gaixotasun hau ikusarazi eta oharmenera ekartzeko ekimen guztiekin duen konpromisoaren erakusgarri.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan izan da, eta bertan bildu dira, besteak beste, Bigarren Lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Bigarren Idazkari Mikel Zabaleta, Cristina López (UPN), Maite Esporrín (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Uxue Barkos (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Nafarroan Minbizia duten Haurrei Laguntzeko Elkartea (ADANO) Minbizia duten Haurren Gurasoen Espainiako Federazioan eta Minbizia duten Haurren Gurasoen Erakundeen Nazioarteko Konfederazioan (ICCCPO) sartuta dagoen gobernuz kanpoko erakundea da. Minbizia diagnostikatu zaien haurren eta haien familien premiez eta interesez arduratzen den bozeramaile aintzat hartua da, eta bere zeregina 1989az geroztik betetzen du Nafarroan, Nafarroako Ospitalegunearekin koordinatuta.