Inbestidurako eztabaida. Eledunen txanda eta hautagaiaren erantzuna
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek gizarte kohesioari lotutako politika eraikitzaileekin duten konpromisoa berritu dute, EH Bilduk anbizioa eskatu du eta UPNk, PPk eta Voxek ezegonkortasuna eta atzerapausoa iragarri dute
Hautagaiaren diskurtsoaren ostean eta Legebiltzarreko Lehendakariak eskainitako ordu erdiko etenaldiaren ostean, talde parlamentarioetako eta foru parlamentarien elkarteetako eledunen parte-hartze txandari ekin zaio, handienetik txikienera eta 30 minutuko tartearekin.
María Chivite hautagaiaren erantzuna arratsaldean iritsiko da, 16:00etan. Batera erantzungo die. Hautagai sozialistari ere egokituko zaio Osoko Bilkura ixtea, talde parlamentarioetako eledunen erantzunaren ondoren. Taldeek hamar minutu izango dituzte eledun bakoitzeko, inbestiduraren inguruan dituzten iritziak azaltzen amaitzeko.
Javier Esparzak (UPN) Nafarroan “atzerapausoa" eta “ezegonkortasuna” iragarri du
Javier Esparza UPNko buruak iragarri du María Chivite sozialista "Nafarroarentzat atzerapausoa izango den Gobernu baten buru" izango dela, eta Gobernua "hautsita" jaio dela, akordio jeneralista baten babespean.
Chivite Foru Gobernuko lehendakari izateko inbestidura saioan egindako agerraldian, Esparzak adierazi du ez direla "aurrerakoiak, ez dutela enplegua defendatzen eta ez dutela Nafarroarentzat etorkizuna defendatzen", baizik eta "boteretsuen eta PSOEren interesei men egiten diela Gobernu honek".
"Galtzaileen arteko komenientziazko akordio baten bidez" egin dute akordio “jeneralista” hau, "hasieratik hautsita jaio dena, konfiantzarik gabeko" giro batean, "legealdi honetan biziko den ezegonkortasuna iragartzen duen giro batean".
Esparzak gogor kritikatu du Volkswagenek Landabenen bateriak muntatzeko fabrika ez jartzeko hartu duen erabakia, eta salatu du Gobernu honek “traizio egiten diela Nafarroako langileei, gazteei eta haien etorkizunari, eta automobilgintzaren sektore estrategikoari".
Ildo horretan, Gobernua "lurzorua saltzeko konspiratzen eta operazioa espekulatzaile gisa errazten" aritu dela esan du, eta horrek sektoreko enpresak ixtea, Nafarroako Volkswagenen aldi baterako enplegua ez berritzea eta Hyundaik multinazional alemaniarrak baino "baldintza okerragoetan" langileak kontratatzea eragingo duela iragarri du.
Gainera, albiste hori foru hauteskundeen eta hauteskunde orokorren ondoren jakiteak "dena ondo lotuta" zutela esan nahi duela uste du, "nafarrak engainatzen adituak direla erakutsiz”.
Akordio “jeneralista” honetan etxebizitzarenak bezala “porrot egin duten” politikak eta proposamenak jasotzen dituztela adierazi du, baita "itunpeko hezkuntzaren eta ikastetxea aukeratzeko askatasunaren aurkako erasoei" eusten dietela ere.
Aurreko akordioaren proposamenei "uko" egin izana kritikatu du, hala nola, terrorismoari zilegitasuna kenduko dion batzorde txostengile bat sortzea, eta era berean, Gobernu berriaren egitura “mastodontikoa” kritikatu du, lehendakariordetza berri bat gehituz handitu egin dena.
“Adierazi beharrekoa zera da, Nafarroan presio fiskala maila historiko gorenean dagoela, legegintzaldia hasi zenetik % 18,6 langabe gehiago daudela, itxaron-zerrenda eta pobrezia-tasa gehiago, etxebizitza babestuen eskari zerrenda izugarria eta gazteen emantzipazio-tasa behera doala”.
UPNri dagokionez, bere boto-emaileekin, Nafarroan eta Espainian "oposizio leiala" egingo dutela esan du, eta bere esku dagoen guztia egingo dutela "Bildurekin batera Nafarroara berriro iritsiko den atzerakada saihesteko".
PSNk “puntu eta jarrai” gisa eta eskuinaren erasoen aurrean “gotorleku” gisa aurkeztu du bere burua
Ramon Alzórriz PSNk Foru Parlamentuan duen bozeramaileak adierazi duenez, María Chivite PSNko kidearen inbestidura "proiektu liluragarri eta ilusionagarri” baten jarraipena da.
Chivitek inbestidura saioan egindako lehen hitzaldiari erantzuteko txandan esan du hori, eta legegintzaldiko ituneko bazkideek, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek, "nafarren ongizaterako bermerik onena den" akordioa sinatzeko egindako ekarpena eskertu du.
Gaurko egunera iristea “erraza izan ez dela” aitortu duen arren, adierazi du akordioa “politika positiboa egiteko moduari esker” izan dela posible, “UPNren ereduari kontrajarriz”.
Javier Esparza eledunaren "iragarpen katastrofistak" kritikatu ditu eta adierazi du honek "gezurra banderatzat" daramala, "aspaldi utzi ziola ekimen eraikitzaileak aurkezteari" eta "Nafarroako hauteskundeetako galtzaile argia" izan dela.
Esparzak aliantza- eta terrorismo-politiken alorrean sozialistek duten paperari buruz esandakoengatik haserre, "etikari buruzko irakaspenik ez" emateko eskatu dio, PSOEk “gaur egun bizkartzainik eraman behar ez izateko egindako ekarpena” aldarrikatuz. "Hori da askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzea. Aurrera egin behar da ahaztu gabe, eta hori lortu nahi dugu sozialistok, erakundeetatik lan eginez", defendatu du.
Testuinguru horretan, Gobernu honen eredua babestu du, "serioa eta zorrotza, Nafarroako nortasuna errespetatzen duena, leialtasun instituzionalean, errespetuan eta bizikidetzan oinarrituta lan egiten duena, pluraltasuna eta gizarte- eta lurralde-aniztasuna zaintzen dituena, bere tresnak zerbitzu publikoen esku jartzen dituena, eta guztia Konstituzioaren esparruaren barruan".
Hala, Gobernu akordioaren "funtsezko bost zutabeak" balioetsi ditu: bizikidetza, azpiegiturak, zerbitzu publikoak, berrindustrializazioa eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.
"Nafarroan ez dago María Chiviteren Gobernuaren alternatibarik", esan du, "hemendik aurrera lidergoan eta lanean jarraitzea dagokigu".
EH Bilduk iragarri du ez diola ezeri uko egiten eta guztiari buruz hitz egin beharko dela
Laura Aznal EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak “mesfidantza” agertu du María Chiviteren Gobernuarekiko, “anbizio falta eta negoziazioetan edukirik eza” kritikatuz, baina "eskuinari atea ixteko arduraz" jokatuko dutela argitu du.
Chiviteren inbestidura saioan egindako agerraldian adierazi duenez, Aznalek uste du Gobernuak ez duela "behar den maila eman alor askotan", eta ez duela "beharrezkoa den anbizioa" izan, Madrilen interesak lehenetsi dituelako, Gobernuaren kohesio faltagatik eta "eskuinaren aurrean konplexuak izan dituelako” zergen, hizkuntza politikaren eta autogobernuaren arloan.
Aznalek adierazi du "erantzukizunez" jokatuko dutela, bere helburu nagusia "eskuinari atea ixtea" baita, eta pozarren agertu da inbestidura saiora iritsi direlako, bere aurkariak "garrantzi politikorik gabe geratuko baitira berriro", baina argitu du ezin dela "beti erantzukizun guztia EH Bilduren bizkar utzi".
Azaldu duenez, bere politika ulertzeko modua "oso urrun" dago azken asteotako negoziazioetan ikusitakotik, "besaulkien arteko gerran" ez baita "ideien eta edukien inguruko eztabaidarik izan", eta, horren ondorioz, zalantzan jartzen dute benetan gobernu-proiektu bat partekatzen duten ala ez.
"Zaila da jendearen artean konfiantza sortzea eta, aldi berean, sinesgarritasuna izatea interes alderdikoiak eta partikularrak interes orokorraren eta herritarren beharren gainetik jartzen badira, edo errealitatea desitxuratzen bada eta herritarrei argi hitz egiten ez bazaie", adierazi du.
Legegintzaldi honek "inflexio-puntua izan behar du", defendatu du, eta "iraganeko inertziarik gabe, betorik gabe eta bazterketarik gabe" hitz egin beharko dute, herritarrei Estatuarekin eta euskal lurraldeekin zer harreman izan nahi duten erabakiz.
Halaber, "euskara nafar guztien berezko hizkuntza gisa onartzearen" aldeko apustua egin du, zonifikazio linguistikoa ezabatuz.
Chiviteri gogorarazi dio covid laguntzak eta Europako funtsak amaitu eginen direla, eta "zerbitzu publiko duinak bermatuko dituen erreforma fiskal bati ekiteko anbiziorik" izan ez dutela aurpegiratu dio, "gehien duenak benetan gehiago ordainduko duen justizia fiskal" baten bidez.
Legegintzaldian egiteke dauden bi gaitan aurrera egiteko ere eskatu du, hala nola, urtebeteko epean Osasunari buruzko Foru Lege bat abian jartzea, "lehen mailako arreta erdigunean kokatzeko", eta tokiko mapa garatzea "ikuspegi integral batetik", eskualdeak eratuz.
Ingurumenaren arloan, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legeak "garapen sakona eta anbizio handikoa" behar duela adierazi du, eta "oso berandu" dabiltzala Trantsizio Energetikoaren Agentzia sortzeko. Aldi berean, elikadura-subiranotasunaren eta nekazaritza-eredu "autonomo eta iraunkorragoen" aldeko apustua egin du.
Halaber, baliabide gehiago eskatu ditu Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat, Hezkuntzan etapa guztietako ratioen jaitsiera orokorra eta 0-3 zikloa doakoa izatea, alokairuaren arloko jarduketei lehentasuna ematea eta merkatuan esku hartzea "gehiegizko prezioa kontrolatzeko", bai eta zaintza-eredua eraldatzeko eta egoitza-plaza publikoak sortzeko ere.
Aznalek argi utzi du ez dutela inolako kontzesiorik egingo, eta adierazi du azken hauteskundeetan alderdiari eman dioten babesak indarra eman diela "langile klasearen eta gehiengo sozialen interesetan lan egiten jarraitzeko", zerbitzu publiko "indartsuak" eta "pertsona guztientzako eskubideak" bermatuz.
Geroa Baik akordioaren anbizioa udaletara eraman dadila eskatu du
Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak María Chivite lehendakaritzarako hautagai sozialistari erantzun dio "akordioaren anbizioa udaletara transmititzea" geratzen dela eta "garaiz" daudela.
Barkosek bere erantzuteko txanda erabili du inbestidura saioan, hautagai sozialistari gogorarazteko Foru Parlamentuan dagoen gehiengo aurrerakoia eskuinak gobernatzen duen hainbat udaletan ere badagoela, eta, beraz, posible dela gobernuak aldatzea.
2015ean Nafarroako lehendakari izandakoak azaldu duenez, gobernu akordioa lortzea “hainbeste atzeratu bada, bi arrazoirengatik izan da. Alde batetik, Nafarroako errealitate politikoarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik: maiatzaren 28an Nafarroako gizarteak hautestontzietan adierazi nahi izan zuenarekin erabat zerikusirik ez duten arrazoiengatik", esan du lehenik eta behin.
Bestalde, "programa, egitura eta jarraipen mekanismoetan akordio orokor bat ixteko bazkideen arteko zailtasunagatik, Geroa Baik hasieratik defendatu zuen hori zegoen horretan geratzea lehentasunezkoa baitzen. Izan ere, edukien akordio bat paper hutsean geratzen da politika publikoak gauzatzeko erantzukizuna partekatua ez bada, eta hori guztia ahuldu egiten da kontrol-mekanismoak serioak ez badira edo metatutako esperientzia jasotzen ez badute".
"Geroa Bain ez genukeen inoiz baiezkorik emango baldintzarik gabe", adierazi du EH Bilduk egindako eskaintzari erreferentzia eginez, trukean ezer eskatu gabe. "Aitzitik, eta kemen, duintasun eta exijentzia lan bati esker, gaur egun akordio hau globala da, eta Geroa Bairen iritziz, negoziazioen hasieran proposatu genuen sen onaren puntura itzultzen da", gaineratu du.
Geroa Bairen ustez, Gobernu akordio honek eta Chiviteren inbestidurak 2015ean hasitako bideari jarraitzen dio: "Nafarroari subjektu politiko izateko duintasuna berreskuratzea".
Datozen lau urteetan Nafarroak izango dituen erronkak azaldu ditu Barkosek, hala nola, osasun publikoa hobetzea eta eraldaketa ekologikoa eta digitala.
Lehendakari ohiak adibide bat jarri du bere koalizioa Gobernuan egotearen garrantzia ikusarazteko: "Euskararen Plan Estrategikoaren kasuan, Geroa Baik Nafarroako Euskararen Kontseiluak adostutakoa bete dadin eskatzen jarraituko du; eta ildo horretan lanean jarraituko dugu. Eta egia delako 8 urte hauetan hizkuntza-politiketan aurrerapausoa eman dela eta Geroa Bai gabe ezinezkoa izango zela".
"Azken batean, legealdi berri bat da, Gobernuak gure gizartearen sustapenean eta normalizazioan aurrera egitea ahalbidetuko duten politika publikoen aldeko apustua sendotzeko, bai eta Nafarroako herritar guztien arteko bizikidetzarako eta batasunerako elementutzat hartzeko ere", esan du.
PPNk eskua luzatu du “Bilduren esku-hartzea eta geldotasun politikoa saihesteko”
Javier García PPNk Foru Parlamentuan duen bozeramaileak ez du "ezer berririk" ikusi María Chivitek Nafarroako presidente izateko Parlamentuaren konfiantza eskatzeko egin duen hitzaldian, eta, horren ondorioz, aurreratu du berea "gobernu kontinuista" izango dela, "abertzaleei kontzesioak emanez eta funtsezko gaietan aurrerapausorik eman gabe".
Hala ere, "Nafarroaren alde eskua luzatu du, lurralde honi bere politikak ezker abertzalearen menpe ez egoteko aukera eman ahal izateko, edo behintzat ahalik eta urrunen egoteko".
Chivitek inbestidura saioan egindako lehen hitzaldiari erantzunez, Garcíak EH Bilduk iragarri duen abstentzioaren babesa azpimarratu du bereziki, horrek "argi uzten baitu abertzaleek interes handia" dutela, "sozialistak direlako Bildu zuritzen gehien laguntzen ari direnak".
"Zuek, sozialistok, Bilduri beti nahi izan duena eman diozue, hau da, hurbiltzearen gaineko kontrola eta espetxe-onurak kartzelan zigorra bete behar duten terroristentzat", eta "konplize zarete terrorismoa gaitzetsi ez duen indar sakabanatzaile eta inmoral batek gero eta botere eta indar politiko handiagoa izan dezan".
Bestalde, jakitera eman duenez, PPk legegintzaldi honetan lan egingo du “Nafarroa lidergora, ausardiara eta ekintzara bideratzeko, eta ez beste batzuen beldur eta konplexuekin. Lurralde honek bere nortasunaz harro egon behar du berriro, eta, aldi berean, Espainiari eta munduari irekita".
"Nafarroa gorenera eramateko, enplegua sortzeko edo inbertsioak erakartzeko proiekturik ez duen" presidente bati ezezko botoa emango diola aurreratu du, baina Gobernuak Parlamentuan aurkez ditzakeen proposamenen joera politikoa aldez aurretik kritikatu arren, "eztabaidatzen diren proposamen guztiak aztertzeko eta kontzientziaz bozkatzeko" konpromisoa hartu du.
Hala ere, Geroa Bairi Osasun arloaren kudeaketa eskainiz Osasunaren egoeraren "hondamendia estali" nahi izatea kritikatu du, eta Hezkuntzan, berriz, gurasoek seme-alaben hezkuntza aukeratzeko duten ahalmenaren alde egin du. "Aski da jazarpen ideologikoaz eta eredu batzuk besteen gainetik inposatzeaz", eskatu du Garciak.
Arlo ekonomikoan, "nafarrek aukera gehiago izan ditzaten zerga gutxiago dituen Nafarroa baten alde" eta kalitatezko enplegu gehiago sortzeko adostasunak lortzearen alde agertu da. "Horretarako, Merkatu Irekiaren Legearekin tematuko gara, beste erkidego batzuetan sortutako enpresek beren jarduera berehala Nafarroan has dezaten".
Bestalde, PSNri "autogobernuz betetzen zaio ahoa, eta gure foru erregimenak duen tresnarik indartsuena, autonomia fiskala, gure garapenerako harlauza bihurtu dute", esan du, eta Nafarroako Ubidean eta AHTn "benetan" aurrera egiteko deia egin du.
"Nahiago nuke egunen batean Nafarroa berriro bere hipokrisiaren menpe egongo ez balitz. Eta nahiago nuke etorkizunean gobernu aurrerakoiak benetan aurrerabidezko gobernuak izango balira, eta ez gobernuak, non, paradoxikoki, aurrera egiten duten bakarrak euren karguak diren", adierazi du.
"Inbestidura hau, harlauza bat izango diren bazkide hauekin, ezin dugu babestu, Chivite andrearen proiektu pertsonala lortzea besterik ez baita: presidentearen aulkia berrestea", esan du.
Contigo-Zurekin elkarteak gogorarazi du bere hiru botoak ez direla "txeke zuri" bat, "bide baten hasiera" baizik
Begoña Alfaro Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak Foru Parlamentuan duen eledunak adierazi duenez, "gizarte eraldaketetan sakontzea errealitate izan dadin gehiengoak lan egingo duela” uste du, baina aitortu du Gobernu akordio "askoz ere anbiziotsuagoa" lortzea gustatuko litzaiekeela.
María Chivite sozialista Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko Osoko Bilkuran egin duen lehen agerraldian, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek adostutako Gobernu Itunaren inguruan, Alfarok adierazi du beraiek "neurri zehatzagoak" sartuko lituzketela fiskalitate berdearen alorrean, "gutxienez kutsatzen duenak ordain dezan", eta "lurraldea egituratzen lagunduko lukeen tren sozial baten aldeko apustua" egin eta erreforma fiskal orekatuago bat aldarrikatuko luketela.
Beste alor batzuen balioa azpimarratu du, hala nola, Osasunari buruzko Foru Lege berriaren proiektua 2024ko abendua baino lehen Parlamentura eramatea, Lehen Mailako Arretan eta Osasun Mentaleko Plan berrian arreta berezia jarriz, "eskuinak eta ultraeskuinak gobernatzen dituzten autonomia-erkidegoetan lurruntzen ari den osasun publiko unibertsala defendatzearen aldeko apustu garbia eginez".
Pozik agertu da beste konpromiso batzuekin, hala nola Hezkuntzako gastu publikoa % 5 handitzea, Gizarte Politiken zorroa berrikustea, etxez etxeko arretako ordutegiak zabaltzea, "pobrezia-indize txikiena duten erkidegoetako bat izatea ahalbidetu duen” Errenta Bermatua sendotzea, edo hirugarren sektoreko lege berria.
Halaber, Klima Aldaketari buruzko Foru Legearen garapena eta Nafarroako Energia Agentziaren sorrera aipatu ditu, baina argitu du Contigo-Zurekini gehiago gustatuko litzaiokeela "oligopolioari aurre eginez merkaturatu ahal izango zukeen" energia enpresa publiko bat.
Bere alderdiak kudeatuko dituen alorrei dagokienez, argitu du bere lehentasuna alokairu-poltsan aukera baten zain dauden pertsonak, soldataren zatirik handiena alokairua ordaintzeko erabiltzen dutenak edo hipoteka ordaindu ahal izateko malabareak egin behar dituztenak izanen direla.
Honako hauen aldeko apustua egin du: tenkatutako eremuak mugatzea alokairuaren prezioak mugatzeko "dauden errezeloak egonda ere"; edukitzaile handien errolda egitea jenderik gabeko etxebizitza horiek alokairura mugatzeko; alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen sustapena eta eraikuntza handitzea; eta berrikuntza eta birgaitzea bultzatzen jarraitzea.
Migrazio-politiketan, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Legea osorik garatzeko eta migratzaileentzako harrera-plana indartzeko konpromisoa hartu du, atzerriko herrialdeetan jaio eta Foru Komunitatean bizi direnak "Nafarroa aberasten ari direlako ikuspegi sozial, kultural eta ekonomikotik".
Gizonen eta emakumeen arteko Berdintasunerako Plan Estrategikoan ere sakonduko dutela adierazi du, "zeharkakotasunetik abiatuta". Plan horrek Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa jarriko du abian, eta bereziki lan egingo dute indarkeria matxisten biktima diren emakume nerabeentzako prebentzio- eta arreta-programetan.
Halaber, Gazteriari buruzko Foru Lege berri baten alde egin du, biztanleria horren eskubideak bermatzeko, "bizimodu autonomo eta independente baterako".
Gobernuaren eraketa berrian lehendakariordetza bat gehitzeari dagokionez (akordioaren arabera, Contigo-Zurekin alderdiarena izango da), Alfarok ahots kritikoei gogorarazi die departamentu batek presidenteorde maila izatea "zero euro kostatzen zaiola funts publikoari".
UPN ere aipatu du, "ETA duela 12 urte desagertu zela" gogorarazteko, eta "gaur egun gure herrialdean indarrean dagoen terrorismo bakarra terrorismo matxista" dela uste du. Hori dela eta, "terrorismo hori ukatzen dutenekin inolako aliantza, akordio edo itunik ez egiteko" eskatu dio.
Voxek "erabateko atzerakada" iragarri du "Nafarroa Euskal Herrian integratzeko"
María Chivite hautagai sozialistaren botere anbizioa "neurrigabea" dela kritikatu du Maite Nosti Voxeko bozeramaileak, eta hauteskundeak irabazi dituen alderdiaren gainetik igaro dela, "UPNren gainetik, gustatu ala ez".
Nostik bere erantzuteko txanda erabili du inbestidura saioan Chivitek osatuko duen Gobernuaren aurka egiteko. "Zuk eta zure kideek aurrerabideko gobernu bat eratuko duzue, hau da, gu aurrerantz eramateaz arduratuko da, bizitza hobe batera, ulertzen dudanaren arabera. Gobernu horretan zure alderdi sozialista, komunista den beste alderdi bat eta Sabino Aranaren jarraitzaile den alderdi separatista bat sartzen dira. Eta gainera, alderdi komunista abertzale, separatista eta filoetar batek babesten du".
"Nekez uler daiteke horrelako koktel batek aurrerapen sozial batera eramango gaituenik. Zuek, aurreko legegintzaldian egin zenuten bezala, Nafarroako biztanle guztiei hizkuntza bat inposatzen saiatuko zarete, euskara. Noiz galdetuko digu nafarroi hizkuntza hori inposatzea nahi dugun ala ez?", esan du.
Aurreko Gobernuaren egituraren aurka ere egin du Nostik, adieraziz "gastu politikoa nabarmen handitu” zela, “berez handia dena”. Bere inbestiduraren aurka bozkatuko dutela ere baieztatu du, baina "nafarren bizitza eta ekonomia hobetzea ekarriko duen edozein ekimen" babestuko dutela adierazi du, "horren jatorria kontuan hartu gabe, demokrata garen aldetik, nahiz eta badakigun zuek nafarren ongizatea lortzera bideratutako gure ekimenetako bakar bat ere babestuko ez duzuela".
Voxen bozeramaileak kritikatu duenez, Gobernuak "ez ditu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak defendatzen", eta ez ditu "tradizioak" defendatu, hala nola "tauromakia, ehiza edo arrantza".
"Gure tradizioetako asko ezinbestekoak dira ekonomia mantentzeko, eragin turistikoa dutelako eta lanpostu eta diru-sarrera ugari sortzen dituztelako, hala nola tauromakiak, ehizak eta arrantzak. Halaber, Donejakue Bideak monumentuekin eta parajeekin duen kultura-ondasun garrantzitsua" azpimarratu du.
Kontrako botoa justifikatzeko, Nostik azaldu du PSNk eta inbestidura saioko kideek ez dutela interesik agertu "Nafarroako herritarrekiko eta haien arazoekiko, haien ideologiak dogma baitira".
Chivitek bozeramaileei emandako erantzuna
María Chivite PSNren Nafarroako presidentegaiak gaur arratsaldean inbestidura saioan adierazi duenez, eskuineko alderdiek "autokritika egin beharko dute, isolatuta daudelako". EH Bilduri, berriz, esan dio gobernu akordioak ez duela "agenda subiranista" aurreikusten.
Bere hitzaldian, Chivitek defendatu du azken lau urteetan buru izan den gobernua "egonkorra" izan dela, "hitz egiteko, negoziatzeko eta adosteko gaitasunarekin, eskuineko alderdiek esan ezin dutena, isolatuta baitaude eta inork ez baitu eurekin eseri nahi, lur errearen politikaren ondorioz". "Autokritika egin beharko dute", adierazi du.
Chivitek azaldu duenez, "hauteskundeen emaitzak errespetatu eta horien gainean eraiki behar da, eta herritarrek gobernu aurrerakoi baten alde egin dute gehienbat, 2019an hasitako bidea bermatuz". "Subiranotasunaren aldeko agendarik jasotzen ez duen akordioak ez du Nafarroaren eta Euskal Herriaren independentzia aurreikusten, ezta hizkuntza zonifikazioa ezabatzea ere", azaldu du, eta EH Bilduri dei egin dio "komunean dugun horretan lan egin dezagun, eta ez banatzen gaituenean".
UPNko Javier Esparzari zuzendu zaio, "2015etik berdin dabilelako", eta horrela adierazi dio: "gauza bera eginez emaitza ezberdinak izan nahi al dituzu?". "12 urte egingo dituzu oposizioan, ez duzu ikasi politika hitz egitea eta akordioak lortzea dela", gaineratu dio buruzagi erregionalistari.
Eta Maite Nosti Voxeko bozeramaileari esan dionez, "gorroto diskurtsoa egin duzu gaur, eta gehiago kezkatzen nau pentsatzeak ohartu ere ez zarela egiten zure diskurtsoak gorrotoa dariola. Vox egunetik egunera gehiago erradikalizatzen ari da, eta Nafarroako gehiengo soziala ez dago hor", esan du.
Esan duenez, "aurrerakoitzat jotzen den gehiengo soziala handituz joango da eskuina zenbat eta erradikalagoa izan, eta hori gertatzen ari da. Eta Nafarroa den bezala desagerrarazi nahi dutenen aurrean planto egingo dugu", azaldu du.
Chivitek esan duenez, PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin alderdiaren negoziazioei buruz, "kostatu egin da gaur hona ekarri dugun akordiora iristea; eztabaidatu eta eraiki dugu, eta akordio on bat hori da, eztabaidatua, elkarrizketatua eta adostua". "Badakigu oinarri ona dugula legealdi honetan, eta ausartak izan behar dugu, garrantzi handiko erronkak ditugulako eta beste urrats bat eskatzen dutelako", adierazi du.
Talde parlamentarioen erantzuna
Javier Esparza UPNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak kritikatu egin du Maria Chivite hautagai sozialista EH Bildurekin "eskutik helduta, poz-pozik" doala, eta Ramon Alzórriz PSNko ordezkariak buruzagi erregionalistari erantzun dio ez duela "fundamentu politikorik" eta bere diskurtsoa "ETAn eta Bildun" oinarritzen duela.
"Bere Gobernuak 25.000 boto galdu zituen", nabarmendu du Esparzak inbestidura saioan Chiviteri erantzunez, eta "UPNren eta PSNren gehiengo osoa" dagoela nabarmendu du, "hori bai dela egonkortasuna, ez planteatzen ari dena". Zentzu horretan, baieztatu duenez, PSN eta Geroa Bai "ezin dira ikusi ere egin". Gogora ekarri duenez, Chivite 2015ean "Bildurekin ez zihoan inora", eta gaur "eskutik helduta doa, pozarren presidente egingo dutelako". Koalizio hau "garapena eta foru erregimena moztera dator". UPNk oposizioa egingo duela esan du, "proposamenak eginez, baina isildu gabe". "Faxista" deitu ditu EH Bilduko kideak, eta "presoak kartzelatik ateratzeko" helburuarekin "beste eskale batzuk" izatea leporatu die.
Bestalde, Ramón Alzórrizek (PSN) "fundamentu politikorik" ez duela erantzun dio Esparzari, eta "apokalipsian" eta "ETA eta Bildun" oinarritutako diskurtsoarekin jarraitzea aurpegiratu dio. Bazkideen arteko ezberdintasunak onartu ditu, baina "ezberdinak izanda ere, Nafarroako gizartearen interesak beste edozeren aurretik jartzeko gai gara". Sozialistak EH Bilduri esan dio "beharrezkoak” direla, baina haiek, berriz, “ezinbestekoak, beraz, batzen gaituen horretan hitz egiten jarraitu behar dugu". Nabarmendu duenez, "PSNk Nafarroa den bezala defendatzen jarraituko du", eta koalizio abertzaleari adierazi dio "oso arriskutsua" dela "direna baino indartsuagoa direla pentsatzea".
EH Bilduko Laura Aznalek María Chiviteri argitu dionez, "nik agenda aurrerakoi komun bati buruz hitz egin dut, ez dut agenda soberanista bat esan, guztion lehentasunekin, baita gureak ere; etorkizuneko Nafarroa ezartzeko bide orri bat". Gaineratu duenez, hori ez litzateke bere alderdiak sinatuko lukeen gobernu akordioa, baina "ez da posible izan Bilduk parte hartzea". Horrela, euskararen tratamendua kritikatu du, eta "arlo honetan oraindik asko dago aurreratzeko". "Euskaldunen eskubideak ez dira adostasun-arauan ikusten", esan du, eta gobernukideen artean "besaulki-gerra" izan dela kritikatu du.
Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak onartu duenez, hiru gobernukideok "babesa galdu dugu hautestontzietan, baina ez nahikoa". Aitzitik, UPN hautetsontziek ez dutela "hiru deialdiren ostean dagoen egoeratik mugitzen" adierazi du, "gizartearen zati bat baztertzeari amaiera emateko gai ez delako". Osasun departamentuaren onarpenari dagokionez, azpimarratu du ez dela "opari bat", "erronka bat" baizik. Azkenik, Chiviteri "agintea eta lidergoa hartzeko" eskatu dio, bazkideen artean "konfiantza ehuntzeko" eta aurreko legealdian "izan ziren zailtasunetatik salbuetsita egoteko".
Javier García PPko ordezkariak esan du Chiviteri "anbizioa" falta zaiola, eta lau urte hauetan "egonkortasun falta" egongo dela gaineratu du. Gobernu berrirako "ezinbesteko bazkidetzat" jo du EH Bildu, eta hautagai sozialistari galdetu dio ea badakien "zer esan nahi duen EH Bilduren bozeramaileak legegintzaldi honetan 'segatzera' datozela esateak". "Aurrerakoitasun hitzaren atzean, abertzaletasunari egindako lagapenak ezkutatzen dira, legegintzaldi honetan babestuko duten taldeen xantaia", azaldu du, "Bilduri egindako lagapenak ikusiko ditugu".
Era berean, Begoña Alfarok, Contigo-Zurekin elkartekoak, ez du "gaitzespenen bidegurutzean" sartu nahi izan, "aldaketa sozialei dagokienez gobernu handinahiena izatea gustatuko litzaigukeelako, eta gaitzespenekin nekez ibil gaitezkeelako elkarrekin". Azpimarratu duenez, "2023an ez da nahikoa aldaketaz hitz egitea; aurrean ditugun erronkek ausardia eta irmotasun handiagoa eskatzen dute". Gobernu berria "anitza" izango dela defendatu du, "gizartearen isla gisa, eta gure jarreretatik, zentzu berean arraun egitea tokatzen da". "Parean" egoteko eta "egonkortasunaren alde" lan egiteko deia egin du. "Urrundu gaitezen hitz lodietatik, gorrotozko diskurtsoetatik, polarizaziotik ihes egin dezagun", esan du.
Azkenik, Voxeko Maite Nostik adierazi duenez, "beste ideologia batzuei ateak ixten dizkion presidente bat izango dugula sentitzen dut". "Guk ez dugu inor gorrotatzen, gorroto duten bakarrak Bildukoak dira, eta orain zuek gorroto gaituzuela dirudi", esan dio.
Ondoren, María Chivite hirugarren aldiz itzuli da tribunara, inbestidura-saioaren lehen zatiari amaiera emateko (17:12). Duela lau urte bezala, hautagai sozialistak bigarren bozketa beharko du, gehiengo soilekoa, lehendakari izaten jarraitzeko.