Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Volkswagen taldeari eska ziezaion ibilgailu elektrikoa ekoizteari eta enplegua mantentzeari buruz lortu ziren akordioak betetzea
Navarra Sumak Exekutiboaren esku-hartzea eskatzen zuen, Martorellera 50.000 ibilgailu elektriko desbideratzea saihesteko “enpleguan eta ekonomian duen eragin bortitzagatik”
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin (I-Ek ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “berehala esku har dezan, Volkswagen taldeari eskatze aldera Landabengo plantako enpresa-batzordearekin lortu ziren akordioak bete ditzan, ibilgailu elektrikoa ekoizteari eta enplegua mantentzeari buruzkoak, halatan lortzearren ez dadin lanposturik gal eta planta horretan nahiz Nafarroako hornitzaileen osotasunean enplegagarritasuna manten dadin”.
Atzera botatako mozioak bigarren puntu bat zuen, ekimenaren titular Navarra Sumak in voce egindako zuzenketa batetik abiatuta, eta Ganberak adierazten zuen “prest zegoela Volkswagen Navarrako Enpresa Batzordearekin nahiz haren Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzeko, fabrikaren eta hornitzaileen interesak babeste aldera”.
Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu nahi zitzaion “beharrezkoak diren bideak ezarri ditzan VW Navarrako Enpresa Batzordearekin nahiz haren Zuzendaritzarekin lan egiteko”.
Azkenik, “organoa osatzen duten indar politikoei eskatu nahi zien prozesuak iraun bitartean ez dezaten alderdiko helburuetarako erabili VW Navarraren gaur egungo egoera, jokabide horrek ez bailioke langileen, fabrikaren edo hornitzaileen interesari erantzungo”.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek ordezkapen-zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Sumaren gehitzeko zuzenketaren berdin-berdina (biek onartzen zuten enpresa-batzordearen adierazpena, beren aldarrikapenekin). Navarra Sumak bere zuzenketa lehenetsi eta bost talde horien ordezko testua atzera botatzea erabaki du.
Geroa Baik, bestalde, atzera bota du aurkeztu duen ordezteko zuzenketa. Bertan, Nafarroako Parlamentuak babesten zituen “Volkswagen taldeak Landabengo plantako enpresa-batzordearekin lorturiko akordioak, ibilgailu elektrikoa ekoizteari eta enplegua mantentzeari buruzkoak, halatan lortzearren ez dadin lanposturik gal eta planta horretan nahiz Nafarroako hornitzaileen osotasunean enplegagarritasuna manten dadin”: Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “beharrezkoak diren jarduketak egin ditzan akordio hori egoki den instantzia eta erakundeetan mantentzeko”, eta bere konpromisoa agertzen zuen “Nafarroako Volkswageneko enpresa batzordearekin eta Nafarroako plantako zuzendaritzarekin lan egiteko planta horren eta bere hornitzaileen interesak zaintzeko”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Kataluniako Martorell lantegiak Landabenen egin behar ziren 50.000 ibilgailu elektrikoren ekoizpena xurgatzeko aukeraren inguruko albisteen berri ematen zuen, eta, horri dagokionez, Foru Gobernuaren bitartekaritza eskatzen zuen, Nafarroako enpleguan eta ekonomian izango lukeen eragin izugarria saihesteko.
Testuinguru horretan, eta “alarma guztiak piztuta, Volkswagenek eta industria laguntzaileak gure BPGan duten garrantzi handiagatik”, proposamena egin duen taldeak azpimarratu du aspalditik ari dela ohartarazten fabrikazio-bolumen nahikoa bermatu behar dela, Landabengo plantaren eraldaketak 2026tik aurrera enplegu-galerarik eragin ez dezan.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (102. NPAO, 2022-09-20koa)