Nafarroako errepideetarako erabilera-kanona arautzeko Foru Legea onetsi da
Europar Batasunaren doktrinari heltzen zaio tasa bat ezartzeko garraio ibilgailu astunei, edukiera handiko bideen kontserbazio eta kudeaketa kostuak berreskuratu eta berrinbertitze aldera
Lurralde Kohesiorako Batzordeak Nafarroako errepideetarako erabilera-kanona arautzeko Foru Legea onetsi du gaur. Nafarroako Gobernuak zehaztu behar du tasa kobratzen hasteko data, baina “ezin da izan 2023ko abenduaren 31 baino geroagokoa”.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek bultzatu dute legea, eta xedea da kanon bat ezartzea Nafarroako Edukiera Handiko Bideen Sareko zenbait azpiegituraren erabileragatik. Horrela, lehiaren arloko Europako politikarekin bat etorriz, finantzaketa bide bat sortuko da errepideen kontserbaziorako eta ustiapenerako, bai eta azpiegitura berriak eraiki eta horiei lotutako zerbitzuak ezartzeko ere. Horrekin batera, behin aserik daudenean aurrean azaldutako beharrak, diru-sarreren zati bat ingurumena babesteko edo garraio sareen sustapen orekaturako baliatu ahalko da.
Erabileraren gaineko kanona izanen duten bide eta tarteen zerrendan lau autobia daude: Iparraldekoa (A-1), Sakanakoa (A-10), Leitzarangoa (A-15) eta Ebrokoa (A-68); eta prestazio handiko errepide bat: Iruña-Behobia errepidea (N-121-A). Nafarroako Gobernuak ahalmena izanen du zerrenda hori aldatzeko eta ezabatzeko.
Salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek ordaindu beharko dute kanona. Gehieneko pisu baimendua 3,5 tonatik gorakoa dutenek 1. tasa ordainduko dute, eta 12 tonatik gorakoa dutenek, 2. tasa. Salbuetsita daude Administrazio Publikoaren ibilgailuak eta azpiegituren kontserbaziorako eta mantentze-lanetarako adjudikazioa duten enpresenak, larrialdi eta istripuetarako ibilgailuak eta Europar Batasuneko araudiak salbuesten dituenak.
Ibilgailuen detekzio, identifikazio eta kanon-egozpenerako, iragaitza askeko sistema ireki bat ezarriko da, ibilgailu-gerarazpenik gabekoa. TAG gailuaren bidez edo erregistro telematikoaren bidez ordainduko da kanona, eta zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira eginiko ibilbidearen luzera, azpiegituraren higadura eta Departamentuaren finantza-askitasuna ere. Beti bermatu beharko da erabiltzaileentzako tratu-berdintasuna, erabilera-mailaren araberakoa.
Arau orokor gisa, eta “malgutasun handiagoa” izan dadin, ibilgailu astunek azpiegitura erabiltzeko tasa –13/2000 Foru Legean xedatutakoarekin bat datorren ondare-prestazio publikoa– 60 egun naturaleko epean ordaindu beharko da, sorrarazten denetik hasita.
Bide-azpiegitura erabiltzen den unean ez bada erabilera-kanona ordaintzen, kanona kudeatzen duen erakundeak ordain-eskea eginen du, % 5eko, % 10eko edo % 20ko errekarguarekin, ordainketa noiz egiaztatzen den, hurrengo hilabetean, hurrengo hiru hilabeteetan edo geroago. Erakunde kudeatzaile hori izan daiteke Foru Administrazioa bera edo horretarako sortutako sozietate publiko bat.
Interesdunak jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko epean ordaintzen ez bada (aurkako jarrera formalik aurkeztu ezean), zehapen-espedientea hasiko da zorraren likidazioa ordainarazteko, bidezkoak diren prozedura guztiak erabiliz, premiamendua barne; “arau-hauste arina egotziko da, eta 300 eta 1.500 euro bitarteko isunarekin zehatuko”.
Kanonaren kudeaketaren eta ordainketaren inguruko ebazpenen aurka, interesdunek administrazio-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute.
Datu pertsonalen tratamendua legearen xedeetara mugatuko da. Datu pertsonal beharrezkoak dira, funtsean, ibilgailuaren matrikula zenbakia, eta kudeaketarako eta erabilera-kanonaren ordainketarako sistemako alta edo erregistratzea. Tratamenduen arduraduna errepide-alorrean eskudun den departamentua izanen da, edo horretarako eratzen den sozietate publikoa.
Azkenik, Europar Batasunaren doktrinari helduta, tasaren izaera “ez-diskriminatzailea” aldarrikatzen da, zeren eta, proposatzaileen esanetan, garraio-merkatuko distortsioak ezabatu nahian ezarriko baita, “kobrantza sistemak harmonizatuz eta egozpen-mekanismo orekatuak ezarriz bideen kontserbazio eta kudeaketa kostuak berreskuratu eta berrinbertitzeko”; hori guztia, “Nafarroak errepide eta bideen alorrean duen eskumena” baliaturik.
Nafarroako errepideetarako erabilera-kanona arautzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu zen maiatzaren 26an eta irizpena ekainaren 15ean onetsi zen. NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (62. NPAO, 2022-05-13koa)