Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 22

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da ONCEren Nafarroako Lurralde Ordezkaritzara

Erakundeak salatu du Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Legeak ez duela araudirik, ez dela hura betetzen ote den gainbegiratzen eta aurrekontu-esleipen urria duela

Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur goizean Espainiako Itsuen Erakundearen (ONCE) Nafarroako Ordezkaritzaren instalazioak bisitatu ditu.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Nuria Medina (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Valentín Fortún, ONCEren Nafarroako lurralde ordezkaria; Pilar Herrero, ONCEren Nafarroako Lurralde Kontseiluko burua; Silvia Borrego, Gizarte Zerbitzuetako burua; Ana de Paz, zentroko gizarte langilea; Sandra Olivares, aisia eta kiroleko koordinatzailea; eta Ana Castro, ONCEko psikologoa.

 

Talde guztiek eskatuta egin da bisita, eta helburua izan da “bertatik bertara ezagutzea itsuentzako eta ikusmen urrikoentzako zerbitzu espezializatuak ematen garatzen duten lana, bai eta haien eskakizunak eta kezkak ere”.

 

Ondoren bilera egin dute, eta ONCEren Nafarroako lurralde ordezkari Valentín Fortúnek eta ONCEren Nafarroako Lurralde Kontseiluko buru Pilar Herrerok duela zortzi hamarkada baino lehenagotik erakundeak itsuentzat edo ikusmen desgaitasuna dutenentzat egindako lana aurkeztu dute. Nafarroan 480tik gora dira bazkideak.

 

Silvia Borrego Gizarte Zerbitzuetako buruak azaldu du zer zerbitzu eskaintzen dituzten, “une oro erabiltzaile bakoitzaren behar pertsonaletara egokituak eta irisgarritasun unibertsalean oinarrituak”.

 

ONCEk arreta pertsonaleko zerbitzuak eskaintzen ditu banakako arreta planen bitartez. Gainera, baditu berariazko zentro teknologikoak, enpresekin elkarlanean konponbideak eta baliabideak garatzeko, irisgarritasun unibertsala helburu.

 

Bibliografia zerbitzuak, bestalde, informaziorako eta kulturarako sarbidea ematen du, “horrek ikusmen desgaitasuna duten pertsonei inolako gainkosturik sortu gabe”. ONCEk baditu hezkuntza-baliabideen zentroak ere, eta hezkuntza-inklusioko zerbitzuak eskaintzen ditu.

 

Zentroko gizarte langile Ana de Pazek azaldu duenez, ONCEk hainbat jarduketa egiten ditu bere bazkideen ongizatea hobetzeko. Horretarako, argibide, orientabide eta aholkuak ematen dizkiete bazkideei, bakoitzaren beharrizanen eta familia ingurunearen ebaluazioa banaka egin ondoren, eta eskura jartzen dizkiete erakundearen beraren baliabideak edo, behar izanez gero, administrazio publikoenak.

 

Horrela “ezinegon eta diskriminazio egoerak saihestu” eta “arrisku egoerei aurrea hartu” nahi zaie. Enpleguari dagokionez, ONCE erakundean lanerako aukerak bilatzen dituzte eta horien jarraipena egiten dute.

 

Hizkuntza gaitasunen programa bat ere eskaintzen dute, eta halabeharrezko bakardadeari aurre egiteko beste bat, nagusientzat. “Profesionalen artean adostutako lana egiten dugu eta erabiltzaileen beharrizanei jartzen diegu arreta. Taldea da lanerako tresnarik onena”, gaineratu du.

 

Ana Castrok, zentroko psikologoak, parlamentariei azaldu die nola laguntzen dieten pertsonei eta familiei “ikusmen desgaitasunera moldatzeko eta hura onartzeko bidean”. “Prebentzio, hezkuntza eta terapia lana” egiten dute, Nafarroako osasun eta hezkuntza zerbitzuekin koordinaturik.

 

Jarraian, Parlamentuko ordezkariek ibilbidea egin dute ONCEren Nafarroako Lurralde Ordezkaritzako ataletan barrena, Xabier Armendariz Lurralde Kontseiluko kideak gidatuta. Liburutegi eta Tifloteka erakutsi diete Icíar Gorostidi eta Mirian Olartek. “Itsuak XXI. mendeko liburutegira hurbiltzen dituen espazioa da, kultura trukerako ingurunea, non erliebedun materialek, 3Dkoek eta bestelako baliabide batzuek oinarrizko kultur alderdiak lantzen laguntzen dieten, braillea eta teknologia berriak uztartuz”.

 

Braille Gelan, ONCEko Luis Villar irakaslearekin ikusi ahal izan dute nola “irakurri eta idazteko Braille sistema irakasten jarraitzen den hala txikienei nola helduaroan ikusmena galdu dutenei”. Braillearen irakaskuntzan erabiltzen diren tresnak erakutsi dizkiete.

 

Tifloteknologia Gela ere bisitatu dute. Hango arduraduna Lina Apastegui da, eta itsuek teknologia berri egokituak erabiltzen ikasten dute bertan: hitz egiten duten ordenagailuak, mugikorrak, braille lineak eta abar.

 

Ikusmen Errehabilitazioko Gelan, María Jesús Echeverríaren eskutik egiaztatu dute ONCEk ahalegin handia egiten duela “ikusmena galdu dutenek bizimodu ahalik eta normalena izan dezaten. Makila erabili, sukaldean moldatu... Itsu gelditu berri diren pertsonek lehengo antzeko bizimodua egiten ikasten dute”.

 

Ibilbidea bukatutakoan, eztabaida-mahaia egin da eta Nafarroako ONCEko arduradunek itsuen edo ikusmen desgaitasuna dutenen kezka eta eskakizun nagusiak azaldu dituzte.

 

Jokoaren arloan, Ramón Estévez ONCEko Nafarroako zuzendari tekniko albokoak agintariei deia egin die desgaitasunaren irudia baliatzen duen legez kanpoko jokoari aurka egiteko.

 

Irisgarritasun unibertsalaren arloan “ez da betetzen araudi indarduna”, ONCEko arduradunek salatu dutenez. Bestalde, “prestakuntza, ikuskapen eta araudi falta” salatu dute, eta gainbegiratzeko metodoak ezar daitezela eskatu diete Parlamentuko ordezkariei, “arauak betetzen ote diren ez gainbegiratzeak arauak ez betetzea dakarrelako”.

 

Administrazio publikoek garatutako aplikazio mugikorrak, oro har, “egokitu gabe egoten dira”, eta beste horrenbeste gertatzen da webguneekin; egokituta daudenak ere ez dira mantentzen, eta ondorioz “murriztu egiten da ikusmen desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala”.

 

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeari dagokionez, ONCEko kideek lege horren araudia egiteko eskatu dute, “araudirik eta aurrekontu-esleipenik gabeko” legea baita.

 

Azkenik, laneratzea dela-eta, “LISMI legea sistematikoki urratzen 40 urte” daramatzagula gehitu du Fortúnek. Lege horren arabera, desgaitasuna duten langileek kontratatu guztien % 2 izan behar dute gutxienez ere.

 

Mintzatzeko beren txandan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.