Estatuko Gobernua premiatzen da BAME lanpostuak hautatzeko sistema alda dezan
BAME prestakuntzako langileen soldata eta lan baldintzak hobetze aldera, ordezkaritza sindikalarekin negoziazio prozesu bat abiaraz dadin eskatu du Ganberak
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “BAME lanpostuak hautatzeko sistema alda dezan, ukitutako langileen ordezkariekin eta erkidegoekin beste eredu bat negoziatuz, azkarra, gardena eta medikuntzako espezialitate horietako lanpostuak galtzeko arriskua saihestuko duena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Gobernuari eskatzen dio “berehalako konponbide bat ezar dezan BAME prestakuntzako lanpostuen galerarako. Konponbidean sartzen da bigarren erronda bat gaitzea kupoak ukitutako Europar Batasunaz kanpoko medikuntzako profesionalen artean esleitzeko txandan, eta BAME azterketako gutxieneko nota kentzea, ahalbidetzeko destinoa hautatzeko aukerarik gabe geratu diren 900 izangai inguru horiek bete gabe geratu diren lanpostu horietara iristea”. Navarra Suma abstenitu egin da atal honetan.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “BAME azterketa erkidegoetako hizkuntza koofizialetan garatu dezan, alegia, aukeratu ahal izatea BAME azterketa gaztelaniaz egitea edo erkidegoko berezko hizkuntzan”. Geroa Bai eta EH Bilduk aldeko botoa eman dute eta Navarra Suma eta PSNk, berriz, aurkakoa.
Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ordezkaritza sindikalarekin negoziazio prozesu bat abiaraz dezan, BAME prestakuntzako langileen soldata eta lan baldintzak hobetze aldera”. Atal hau aho batez onetsi da.
Azkenik, Parlamentuak Foru Exekutiboari eskatzen dio “NUPeko Medikuntzako Graduan unibertsitateko araudiak ahalbidetzen dituen euskarazko irakasgaiak/kredituak berma ditzan”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.
Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, ezetsi egin dena Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Estatuko Gobernua premiatzen zuen “lanpostuak gorde ditzan BAME prestakuntzako medikuntzako espezialitateetarako, hizkuntza koofiziala egoki ezagutzearen baldintzarekin”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak egungo BAME lanpostuak hautatzeko sistema zalantzan jartzen du, “konplexua” dela eta, izan ere, modu telematikoan egiten da eta izangaiak behartzen ditu ehunka lehentasuneko zerrendak egitera, dagokion txanda heldu arte eguneratu behar direnak. Gehitzen denez, “kaos hori da lanpostuak bete gabe geratzearen arrazoi nagusietako bat”.
Izan ere, proposamena egin duenak azaltzen duenez, 2022an barneko mediku egoiliarren 8.188 lanpostu esleitzeko egin den prozesuan 218 lanpostu huts geratu dira (Nafarroan 40 lanpostutik 5 bete gabe geratu dira), eta horietatik 200 familiako medikuntzakoak dira, espezialitate kaltetuena da, ziur aski, “Oinarrizko Osasun Laguntzako baliabide eskasiagatik eta horrekin batera dauden lan baldintzengatik”.
Horregatik guztiagatik, BAME lanpostuak hautatzeko sistema aldatzeko eskaera egiten da, ukitutako langileen ordezkariekin eta erkidegoekin beste eredu bat negoziatuz, “azkarra, gardena eta medikuntzako espezialitate horietako lanpostuak galtzeko arriskua saihestuko duena”.
Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Alberto Bonilla, Carlos Pérez-Nievas, Isabel Olave, Pachi Pérez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González eta Maiorga Ramírez (EH Bildu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (75. NPAO, 2022-06-08koa)